EtnografiaZahar-barriak

Tradizinoko ohituren agenda

Posted on

Zezeilaren hasieran hainbat jai ospatzen dira gure lurraldean, modu berezian ospatu be. Agenda zabala dago tradizinoetan murgildu gura dauenarentzat.

Hilaren 2an Kandelerio eguna da, ohitura kandelak bedeinkatzea zan ekatx eta gaixoaldietarako. Gaur egun zentzu hori galduta dago, baina leku batzuetan kantuan ibilteko tradizinoa errekuperau dabe, Gernikan kasurako, eta zapatuan arrastiko 7:30etan hasita, herrian zehar ibiliko dira.

Zezeilaren 3a San Blas. Inon ezaguna bada jaia Abadion da. Feria eguna da, San Blas animaliak babesteagaz lotuta dago eta. Beste herri batzuetan be egiten da feria, Laudion kasurako. Horrezaz ganera, Sanblasak edo Sanblas hariak bedeinkatzeko egun da. Herrian-herrian egiten bada be, Bilbon San Nikolas eleizaren inguruan ohitura bihurtu da.

Zezeilaren 5ean dogu Santa Ageda, eta gure artean ohikoa da bezperan etxerik etxe kantuan ibiltzea. Horrezaz ganera, santa horren ermitak be badaukaguz. Zeanurin, adibidez, domekan mezea egingo da eta santaren kopla bereziak abestuko dabez. Barakaldon be, Santa Ageda auzoan, urteroko moduan erromeria handia egingo da, hiru egunetan gainera, aurreko domekan, egunean bertan, eta hurrengo domekan.