Dakienak dakiEtnografia

Marzas-ak Karrantza Haranean

Posted on

Marzas deritxona Kantabria aldean sano errotuta dagoan jaia da. Era berean, inguruko lurraldeetan, Palentzia eta Burgosko iparraldean eta Bizkaia aldean (batez be, Karrantza haranean eta Lanestosa urian) neguko jaiok be ospatzen dira.

Ikertzaile batzuk aratosteakaz lotu arren, ez dakigu jaion jatorria zein dan. Julio Caro Barojak honakoa esan eban:

Kantabrian eta Burgosen, mutikoak Gabon-gaubean, Urte Zahar egunean, zezeileko azkenengo gaubean edo martiko lehenengo barikuan urteten dira diru-eskean kopla-kantari. Horreei marzante edo marcero esaten jake eta koplei marzas. Gazteok, martiaeak abestuaz, sasoi bateko urte hasiera (Kalendae Martiae) ospatzen eben hareen ondorengoak dira. Urte hasieraren aldaketakaz, marzas izeneko koplak sasoi ezbardinetan abestu izan dira.

Karrantza Haranean, aspaldi-aspalditik martiko lehenengo egunean abesten dira. Kantabriako Soba Haranean egiten diranen antz-antzekoak dira. Berreskuratzeko ahaleginak egin badira be, gaur egun ohitura hori gitxik egiten dau. Sasoi baten, eskolatik urtekeran, gazteek eurek prestetan eben jaia. Baina, beti be nagusien gidaritzapean, eurek erakusten eutsien-eta zer zan ha ohiturea, zer egin behar zan…

Mutil-koadrilak basora joaten ziran gorosti adar eder baten bila (zarramascoa). Egun bian edo hiruan adarrak ebaten ibilten ziran eta guztietatik onena apartetan zan. Koloreetako paperakaz apaindu eta batzutan txilinak ipinten jakozan.

Zarramasco a eroianaren (zarramasquero) ardurea, adarra eroanaz ganera, koadrilea kopla-kantan ebilen bitartean zaratak ateratea. Horretarako, ardi-narruz jantzita joaten zan eta gorputzean txilinez betetako hedeak eukiten zituan kurutzatuta, garritik, bueltan-bueltan, arranak dingilizka. Batzen zituezan jan-gauzak gordeteko otzarea gazteetariko beste batek eroaten eban.

Marzasak kantau osteko domekan, koadrilea batu eta jasotako jakiekin bazkari ederra egiten eben. Sobretan zana euren artean banatzen eben.

Daz, Miguel Sabino. «Calendario Popular de Euskalerria. Fiestas de cuestacin. Karrantza», in Etniker Bizkaia. 9. zk. Bilbao: Labayru Ikastegia, 1990, 106-119 or.

Holangoen barririk bai? Idatzi hemen ezagutzen dozuezan adibideak, edo entzun izan dozuezanak.