Dakienak dakiHizkuntza

Euria da // Euria egiten dau

Posted on

Momentuko euriaz dihardugunean ez dogu esaten euria egiten dau, ezpada euria da, edo Gipuzkoatik ekialderantz, euria ari du. “Orain momentoan euria da” edo “Orain goizean euria ari du”.

Euria egiten dau noiz esaten dogu? Ohiko jarduera bat adierazo gura dogunean: Noiz egiten dau euria? Edo sarritan, edo batzuetan, edo behin baino sarriago, edo egunero, edo astero, edo urtero egiten dau euria. Halan esan ginei: Neguan euria ugari egiten dau, baina udan ostera, nekez edo mehatsago egiten dau euria.

Baina momentuko euria egitea adirazoteko, ezin da esan: Orain Bilbon euria egiten dau, ezpada ze: Bilbon euria da (orain, une honetan).

Eta ostera, lehenago izan bada euria, edo bart gabean, eta orain aterri badago, bai esaten dogula, eta ondo esanda: Euria egin dau, behea busti dago eta. Eta gerokoaz, etorkizunekoaz be bardin: hodei baltzak ikusten baditugu itsasoaldetik sartzen, galarrena datorrelako antza hartzen badeutsagu eguraldiari,  esango dogu: Euria egingo dau, orduan esango dogu: Euria egin behar dau. Edo segurtasun gehiago emonda: Euria egingo dau! Edota adberbio batez lagundurik, presenteko egitureaz be baliatu geintekez: Laster euria da, denporea ilundu dau eta. Eta ekarri aditzagaz be adierazo geinke etorkizun hurreko euri-egitea: Euria dakar, laino baltzak agiri dira eta.

Eguraldiagaz lotutako beste fenomeno batzukaz be bardintsu jokatzen dogu, edurragaz esaterako: Edurra da (orain momentuan, berbaz dihardugula). Edurra egin dau (gauez), behea zurituta badakusku. Edo: Edurra egin behar dau, edota edurra egingo dau, horren trazak hartzen badeutsaguz eguraldiari.

Txingorra da, inetasia da be aditz egitura beretsuaz erabiliten ditugu. Eta igarotakoaz: Lehen txingorra edo inetasia egin dau edota bota dau.