Dakienak dakiHizkuntza

Baita be, baita zera be

Posted on

Baita ere / Baita be esaldi hasieran ipinita sarriegi entzuten ei dirala-ta, kezkea sortu da. Kontu zaharra da hau berez. Irakasleek, gramatikariek eta idazleek euren jardunean sarri erabili izan dabena, bai teoria mailan, bai praktika mailan. Zer esan baita be, baita ere egitura horrezaz?

Juntagailuak deritxoe holako berba eta egiturei gramatikan: eta, baita, ez, ezta, be/ere eta horrelakoei.

Baita eta ezta juntagailu indartuak dira, batak baiezkako perpausan eta besteak ezezkakoan juntadurea berrindartzen dabenak. Gaztelaniaz también eta tampoco diran modu-moduan. Halan, esan nei baiezkako esaldi baten: «Ez bakarrik Peru agurtu eta beragaz berba egin; baita bazkaldu be egin dot beragaz». Eta ezezkako beste baten: «Kepagaz berba egin dinozu? Ez dot berbarik egin; ezta aurrean ikusi be ez dot egin».

Erreparua sortzen dauena baita bazkaldu be edo ezta ikusi be ordena horretan erabili beharrean, baita be eta ezta be dana batera erabiltea da.

Egia da, berbaz sarri entzuten ditugula baita be edo ezta be, biak batera. Gaztelaniaz también eta tampoco egitura batuak dira gaur egun; ez ditugu tan bien edo tan poco berba bi legez erabilten, hitz alkartu finko baten eran baino, eta alkarketa lexikalizatu hori egitura arautua dogu. Baina euskeraz baita be eta ezta be berba bi banangoak dira, eta bildur naz gaztelaniatik sartu ete jakun biak bat egiteko jokera hori.

Zein da sintaxi egokia? Baita esaldi aurrean ipintea eta be/ere juntaduraz aurrekoari lotu nahi deutsagun esaldi-txatalaren ostean. Halan esango dogu: «‑Egun on, andrea. ‑Baita zuri be«. Baina ez genduke hain errez onartuko: Baita be zuri, erantzungo baleusku baiezkako esaldi horretan. Eta ezezka esan geinke: «Holakorik ez dot sekula entzun. Ezta entzun gura be«. Baina nekezago onartuko genduke esan edo entzutea: «Ez dot holakorik entzun, ezta be entzun gura».

Baina idazle klasikoetara bagoaz, jokabide hau nagusi izan arren beharbada, beste erabilerea be badakusku.

– Egitura banandua. Entzun daigun frai Bartolome idazle etxebarritarrak mandamentu baten gorabeheran dinoana: «Agindu onek artuten ditu bada bere azpian gizon ta emakume guztiak, bai kristinauak, bai erejeak, bai turkuak, bai jentilak, ta bai judeguak; ta baita geure buruak bere» (Ikasikizunak I). Dino: ta baita geure buruak bere, baina ez: *ta baita bere geure buruak.

– Egitura batua, baita bere, Pedro Astarloaren honetan dakusku esaterako. Dino bere liburu baten sarreran: «Euretan aurkituko dabe arimazain euskaldunak, euren elextar edo feligresai predikadu bear deutsen ikasbidea. Baita bere kristinau euskaldunak zer jakin eta zer egin bear dabeen» (P. Astarloa UD I).

Baina Pedro Astarloa durangoarrak berak be egitura banandua darabil gehienetan edo ia beti. Hurrengo esaldiotan esaterako: «Zer egin bear dozun zeure seme eta alabakaz; zelan azi bear dituzuzan, ez bakarrik berbeagaz; baita ejenplu onagaz bere» (UD I).

Eta hurragoko idazleetara bagatoz, egitura banandua da ereduzkotzat nagusitu dana. Kirikiñoren idatzietan, berbarako: “gauza guztiz ederrak esan ebazan; osasuna dala gauza bat, bera galdu arte ez dakiguna daukan balioa; osakuntzeak egiten dauela, ez bakarrik geixotasunari igesi eragin, baita gatxa ekarri leiken gauzea ondo ezagutu ta aldendu eragin bere bai.” (Abarrak).

Gomendiotzat banan erabiltera joko dogu: baita hau be, ezta hori be, eta baztertu egingo ditugu: *baita be hau edo *ezta be hori ereduko egiturak.

Adolfo Arejita