Dakienak dakiHizkuntza

Esakuntza baten esana: “Asko ikusi dauenak asko ikasi daroa”.

Posted on

Esakuntza hau aditz biren inguruan josia dogu: ikusi eta ikasi. Begiz ikusten doguna, arduraz eta arretaz dakuskuna, bihurtzen dogula ikasbide.

Mogel handiak Peru Abarka elabarrian dakarren esakuntzea dogu, baina aditz trinko banagaz formulauta: Asko dakusanak asko ikasi daroa. Dakusanak, ikusten dauenak, eta ikasi daroa, ikasi ohi dau.

Zein ingurunetan darabilen? Maisu Juan barberuaren ahoz, argudioz sendotzeko, bere aldian, 1800 urte inguru horretan, barberuak medikuen bardin edo maila bereko dirala. Halan dino: “Zuk ez dakizu zer dan barberu izatea. Lengo barberu txarrak ibili oi zirean desonretan euren ofizio onraua; batuten zirean tabernetan eta nonnai; gitxi estudiau, eta gero, il edo bizi, errezeta bat egin, botikako asko artu eragin, erremienta txarrak euki eta, barriketa batzuk nekezaleai esanda, trago galantak ezarrita, mediku jakitun batek baino fama geiago euki eroen. Baina gaur medikuen pare gara. Asko aurreratu da zirujian. Ni egon naz Madrilgo ospitalean urte bian. Asko ikusi dot; eta asko dakusanak asko ikasi daroa”. Horraino maisu Juan barberuaren berbak.

Esanguraz hur-hurrekoa, baina hizkeraz guztiz bestelakoa da Oihenart zuberotarrak bere bilduman dakarren bat. On eta gaitzen berri jakin darabil batetik, eta anitz herri inguratu bestetik. Dino: “Anhiz daki on eta gaitzen berri, / inguratu dituenak anhitz herri” (Proverbes 485). Anitz herri inguratu, herri askotan atxina ibilteak egin dituan bategaitik; haren esperientziaren irakatsia.

Mateo Zabala idazle sermoilari bilbotarrak, eztegura doazanak pekatari handiak diralako argumentua sendotzeko dino behin: “Gizon jakitun batek, asko ikusi ta asko entzun ebanak, esan eroian eze, bera pozik legokeala, ezteguetara doazan bakotxaganik diabruak ogeina pekatu mortal baiño aterako ezpaleu” (Irun 136). Gizon jakituna, asko ikusi eta asko entzun eban hori zala aditzen emon gura eban idazleak.

Oraintsuago Domingo Agirrek Garoa elabarrian atzera barriro joten dau esakuntza honen mezura, asko ikustea zerbait jateagaz kidetzen dauela. Dino: «Etzan Joanes jakituri handikoa, baiña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait».

Ildo horretan beste hainbat dira, ikusi eta ikasi aditzakaz joskurea eginez, mezu bera iragarten deuskuenak: «Asko ikusia, asko ikasia» (G.Garate Atsot. 1379), dino batak: ikustea eta ikastea gradu berean doazala gorantz iragarteko. «Ikusiago, ikasiago» (Atsot. 7182) dirausku beste batek: zenbat eta gehiago ikusi, hainbat eta gehiago ikasi. Eta era leun soilagoz, beste bi honeek dinoe: «Ikusia, ikasia» (Atsot. 7181) batak, eta: «Zer ikusi, ha ikasi» (G.Garate Atsot. 7179) besteak.

Baina badira kontrako mezuen adierazle diran esakuntzak be, ez ikusi, ez ikasi ezezkako aditzakaz bilbatuak. Hau da, ez ikustea ez ikasteagz bardin egiten daben esakuntzak. Nik txikitan sarri entzuna dot, ahuntz-erderan: «Educación de baserri, ez ikusi, ez ikasi«. Baina baserria aitatu barik be, norbere inguru hurrekotik urten ez dabenen jakituria urria adierazotera dator hurrengo hau: «Guti ikusi, guti ikasi» (Atsot 6168). Eta oilalurra izentauta aitatu eustan orain dala aspaldi Bitoriano Gandiaga idazleak Arantzazuko bibliotekara joan nintzan baten. Oñatin entzunikotzat esan eban: «Guk geure oilalurretik ez dogu idxe urten», Gipuzkoatik, hurretik urrunagora sekula joan bakoa zala esateko. Eta Arratzu-Mendata inguru horretan baserriko andra edadeko batek esan ei eutsan, Australian zituan senide hurrekoek gonbita egin eutsela hara bisita bat egiteko, eta bere eretxia: «Guk geure oilalurretik sekula urten ez dogunok zer egingo dogu Australiara joanda?». 1997ko urtarrilean izan zan hau. Badira urte batzuk.

Esperientziak emoten dauela jakituria abertitzera datozan esakuntzak be ugariak dira. Halan, asko jakitea deabru zaharragaz kidetzen dabenak: «Deabrua adintsu, horregatik jakintsu» (G.Garate Atsot. 2928). «Diabruak, za(ha)rra dalako, daki asko» (Atsot 2934). Baina kordel horri agintzen ez gara hasiko, luzeegia da-ta.

Adolfo Arejita