Dakienak dakiHizkuntza

«Handik goitik, hona gora… ala han goitik, han gora…?»

Posted on

Han, hemen, hor eta euren kasu-formak: handik, hortik, hemendik, edo hara, horra, hona, adberbioak dira, eta ez izen edo adjektibo arruntak. Eta atzean ezarten badeutsagu goian, goitik, gora edo behean, behetik, behera, hitz biak markatu ohi dira deklinatze-atzizki banagaz, aposizinoan balegoz lez. Horixe da gaur egungo berbetan daukagun eredu nagusia.

Halan esan ohi da hirugarren graduan: han goian, handik goitik, hara gora, edo han behean, handik behetik, hara behera. Bigarrenean: hor goian / hor behean, horra gora / horra behera, hortik goitik / hortik behetik. Eta lehenengoan: hemen goian / hemen behean, hona gora / hona behera, hemendik goitik / hemendik behetik.

Baina bigarren aukerea be hor da, han, hor, hemen inesiboa ointzat hartzea eta ondoko izenari (goi, behe edo beste izen bati) eranstea soilik leku-denpora atzizkia. Joera klasikoa bigarren hau dala esan daiteke. Iturriagaren alegietan daukagu eredu bikain bat, egitura hau on egitera bete-betean datorrena: “Naita ere, urik / ezin zikin nezake / nik or beko aldetik; / ikus beza berorrek, / baldin badu gura, / or goitik emen bera datorrela ura” (Fábulas).

Leku-genitiboan be, -ko atzizkidunetan, egitura natural ohikoenak gaur egun, hitz biak markatzekoak dira: hango goiko, horko goiko, hemengo goikoa, edota: hango beheko, horko beheko eta hemengo behekoa. Baina tradizinoan bestetara da joera nagusia. Leku-adberbioa inesiboan dala, haren jarraiko izena -ko atzizkiaz markatzea: hemen goiko, hor goiko, han goiko erara.

Euskal balada zahar baten kopla batek halan dino hor adberbioaz: “Hor goiko munatxoan, / oinak ortozean, / keriza emoten deutsan / ganeko arantzean. / Han dago bada neure / arantz-larrosea, / zuri ta gorria da / neure amorea” (Euskal baladak 1983). Eta Felix Bilbao morgarrak hizlauzkoan: “Hik hartu astoa ta hor goiko etxe zahar horretan gordeko dok” (Ipuin-barreka). Lehen gradura bagatoz, bardintsu  hemen adberbioaz. Hara Bitañoren esaldi hau: “Hemen goiko kalien olgau, itturriyen onduen” (Atalak). Edo Salbatore Mitxelena zarauztarrak: “Konpostelara, hemen goiko iparraldetik zijoazenak, eusko lurraldetako basarteetan barrena zeharkatzean, bide-lapurren bildur izaten omen ziran” (Arantzazu poema). Beste hainbeste han 3. graduko adberbioaz: “O, mutu dago; baiñan zer aundi / han goiko eskutamena!” (Emeterio Arrese Eus.Esnalea 1912).

Izen arrunta aurretik dala askoz erosoago egiten dira gaur egun be honelako joskurak: mendian gora / mendian behera, adberbioakaz nekezago dakuskuzanak.

Adolfo Arejita