Dakienak dakiHizkuntza

Aste eta astebete ez dira bat. Hile eta hilabete bai?

Posted on

Aste izen soila da eta gramatikal bihurtzeko mugatzailea behar dau: aste-a. Astebete, ostera, izen gramatikala da: Zenbat denpora da? itaunari erantzunez: Astebete (da), esaten dogu, baina ez *Astebetea. Aste izenari bete erantsita, gramatikal bihurtzen dogu; bete horrek mugatzaile-zenbatzailearen ordezkoak egiten ditu.

Denpora-izen jakin batzukaz daukagu fenomeno bera: ordu > ordubete, aste > astebete, hile > hilabete, urte > urtebete. Baina beste denpora-izen batzukaz ez da erabilten: gau, egun, goiz, arrats, minutu, esaterako. Erreferentziazkoen diran izen jakin horreekaz bakarrik.

Nekez onartuko gendukez: Minutu bete behar izan dot edo Goiz betean egingo neuke hori edo Gau bete iraun dau erostaka. Denpora-izenok euren iraute-denpora zentzuan ulertzeko oso edo oso bat erabiliko gendukez honeetariko berbakaz: goiz osoa, arratsalde oso bat, gau osoa, iluntze osoa edota guztia multzokariaz be bai: goiz guztian, arratsalde guztia, gau guztikoa. Denpora laburraren adierazle diran izenakaz, minutu edo segundo, -a edo bat, beste barik: segundoa / segundo bat, minutua / minutu bat; holako izenetan, denporearen iraupenak barik, uneak edo momentuak dauelako leba.

Aste izena ardatz hartuta, nik esan nei: Aste osoa / aste oso bat edo aste bat osoa behar izan dot lan hori amaitzeko. Zein onura dauka bete erabilteak? Laburbidea: Astebete behar izan dot, edo denpora-iraupenari enfasia emon gura izan ezkero: Astebete osoa Baina nekez esango genduke: *Astebete bat behar izan dot

Honako sintagma biak zuzenak dira berez: hile osoan / hilabete osoan. Baina mezua ez da bera: bigarrena markatuagoa da, gazt. durante todo un mes edo halako zerbait.

Barriro gogorarazoko dogu zertan datzan aste eta astebete hitzen arteko diferentzia? Aste hitz lexikala da, eta gramatikala izateko, astea, aste bat, aste osoa edo halakoren bat behar dogu nahi eta ez. Astebete, ostera, hitz lexikala eta gramatikala dogu aldi berean: Astebete da ikusi ez zaitudala. Gramatikaren aldetik bete horrek bat zenbatzailearen ordezkoak egiten ditu. Horregaitik, bada, bat eta bete izen sintagma berean ez dira erabilten eta ez dira erabili behar.

Hile, aste, urte batetik eta hilabete, astebete, urtebete bestetik, eredu bien arteko erabilera kontestuak argitzeko adibide batzuk ekarriko ditugu idatzira:

Ingurune batzuetan bete bako izena erabilten da, baina beste batzuetan ordezkagarri izan daitekez:

Hile erdi da / *hilabete erdi da
Hile eta erdi / hilabete eta erdi
Hilean hilean /*hilabetean hilabetean
Hilean behin /*hilabetean behin
Hilean birritan / *hilabetean birritan
Hiletik hilera / *hilabetetik hilabetera
Hileko gorabeherak / *hilabeteko gorabeherak.
Astero / hilero / urtero / *astebetero / hilabetero? / *urtebetero.
Asteka / hileka / urteka baina ez *astebeteka / * hilabeteka / *urtebeteka.

Ondoko inguruneetan bete ez da txertatzen edo ez da zertan txertatu:

Zein hiletan jaioa zara zu?
Aste gehienetan joan beharra daukat.
Zenbat hile igaro dira azkenengo ikusi ginanetik?
Edozein hiletan ezin da artoa erein.
Hainbeste hilean ez dot ikusi. Ekialdeko sistemaz: hainbeste hiletan, mugagabez. Gaztelaniaz durante tantos meses litzateke.
Asteka banatzen da hilea, hileka zatitzen da urtea eta urteka zenbatzen da mendea.
Hilabete, astebete, urtebete honako inguruneetan dator harira:
Hilabete da ikusi ez dodala. Edo: Bost hilabete da
Bederatzi hilabete edo bederatzi hilabetean egoten dira andrak seindun.
Handik hilabetera / bost hilabetera sartu zan gerrea.

Jose Antonio Uriarte idazle frantziskotar Arrigorriagako semeak XIX. mendearen erdirantz honako izenburua ipini eutsan maiatzeko loren gaineko liburutxo bati: Mariaren illa edo Maijatzeko illa. Hilabete iraun arren Mariaren lorak, ez jakon akordau Mariaren illabetea ez antzekorik liburua bateatzeko.

Jarduera hau ezertarako balioko baledi, hala biz.

Iturriko
2013-11-29