Dakienak dakiHizkuntza

-ZU atzizkia izen eta beste kategoria batzuetan

Posted on

Euskeraz zu bigarren pertsonako izenordaina da, hitz beregain gisa: antxina 2. perts. aniztuna, plurala, gaztelania zaharrean vos zanaren kidea, eta gerora bakun bihurtua, singular balioa hartua kortesiazko tratamentuan, eta gerora (eta gaur egun) bigarren pertsona neutroa.

Baina -zu atzizki gisa erabili izan danekoa dogu berbagai oraingoan. Edozelan be -zu hizkiak aniztun izaera gorde izan dau orohar, gauza baterako zein besterako erabili, hitz-kategoria diferenteei erantsirik doala be. Izen kategoriako hitzak euskeraz pluralez emoteko -ak mugatzailea dogu atzizki orokor gisa (mendi-ak, gizon-ak), eta -ek aldaera berezia pronominal kategoriako hitzakaz (hone-ek, zu-ek, batzu-ek).

Gaurko hizkera erabileretatik abiatuta oratuko deutsagu arloari.
Bat zenbatzailea dogu atzizki honen bidelagun zaharrenetarikoa gramatika mailan: bat unitate-zenbakiak, -zu atzizkia hartuta, batzu plurala garatu eban, unidade plural kopuru laburrekoa adierazoteko, inguruko erromantzeetan lat. unus batetik unos, uns eta abar garatu ziran antzera.
Batzu era soila dogu gure idazle klasikoen erarik zaharrena, XVI. mendekoa, lapurtar klasikoetan (Etxepare, Leizarraga) zein sartaldekoetan (Lazarraga) agiri dana. Arabar poeta honen idatzietan batzu, batzugaz eta batzuen erak agiri dira; batzu deklinatze-hizki mugagabeakaz erabilirik: batzuen horretako en gen. atzizkia be bizkaiera zaharrean mugagabekoa zan (beste hizkeretako ren berbera), -gaz soziatiboa zan legetxe; horregatik batzugaz. Baina hurrengo mendetik aurrera batzuk, batzuek ereduak aurkituko ditugu ia orotan, funtsean plural-marka bikotxa dabenak: -zu + -ek, edo zu + -(e)k.

Gaur egun be oraindino bizirik dago batzu-batzuk egitura konposatua, entzun-erabiliagoak diran baten batzuk edo bat edo batzuk izenordainen lekuan. Bizkaiera ekialdean eta gipuzkera sartaldean oraindino entzuten da batzu-batzuk, eta literatur idatzian gitxi agiri bada be, Mogel markinarrak aspaldi on egin eban beronen usua: Urten daigun etxeti, ta gura badozu esango deutsudaz batzuk batzuk (Peru Abarka). Eta Mateo Zabala lango bizkaiera sartaldeko idazleek be bai: aditu bear dozuez ogeta lau orduak, gaberdi baterik eta beste gaberdira, guztiak dakien legez, eta ez eguna barreatuten ta zabalduten dabenetik gaua ilundu[ten daben] artekoa, batzuk batzuk egin daroen legez (I 85).

Bat > batzu, batzuk eboluzinoa euskerearen ia eremu osoan garatu dan moduan, ez ostera nor, zer, zein izenordainena. Horreetarik garatuak dira nortzuk, zertzuk eta zeintzuk izenordainak, baina erdi-sartalde hizkeretara mugatzen da izenordain eratorrion erabilera, baina euskal idatzi zaharrenetarik dagoz ondo dokumentaturik, berariaz zeintzuk, eta hau arrazoi jakin bategaitik batez be: erlatiboko perpausak eregiteko, gaztelaniaz los cuales pluralaren ordain izateko erabili izan diralako sarri. Larrazagaren adibide pare batek darakus dinoguna argiro: erregutu eusten legioela lagun musika bat emaitera joaten, zeintzuk esan eutsaen baietz.

Nortzuk plurala be goiztar agiri da idatzietan. Kapanaga maariarrak XVII. mendean ugari be ugari darabil, kasurako: ? Norzuk dira borondatezko pobreak? ? Onrarik eta aberastasunik, ez ezer aetarik gura eztabeenak. (83).
Eta zertzuk be handik laster. Eta galdetzaile honen apartekotasuna, beste bien aldean da, izenordain izanaz gainera, determinatzaile legez be agiri dala, gaur egun sartalde hizkera askotan entzuten dan antzera. Hara Mogelen Peru Abarka-ko esaldi hau mediku-barberuak dirala-ta dinoana: Kortejante batzuk dituzu; igaroten jake denporea, zertzuk moda direan kontetan (4).

Euskeraren ekialdean -zu atzizkiak badau adjektibo kategoriako hitzen sorkuntzan be garapen bat, gure hizkeretan (erdi eta sartaldekoetan batez be) -tsu atzizkiaz adierazoten dogun balio berbera dauena. Elezu (barritsu), odolzu (odoltsu), zorrizu (zorritsu), mukizu (mokoti) izan daitekez adibide ezagun batzuk. D. Inzak Nafarroan barrena batu zituan atsotitz-errefrauen artean bada bat, -zu honen erabilera argi agiri dauena: Azaro loizu, urtea garizu. Euskerearen ekialdeko hizkerek -zu zaharrari eutsi deutse, erdi-sartaldekook -tsu barriagoaren ordez. Latineko -osus edo erromantzeetako -oso horren analogia-ikutua euki leian aldaera, -tsu hori.

Atzizki honen (-zu) bazter-erabilera bat, gramatikatik harago, onomastikan (toponimian) gorde izan dana da. Batzuetan hots frikariaz: Arantzazu, Arbizu, Arruazu, Ereozu, Urkizu (Urkuzu), eta beste batzuetan afrikariaz: Arratzu, Elgetzu, Larrabetzu.

Leku-izen zaharretan -a mugatzailea be agiri da, gehienetan gero galdu izan bada be, erabileraren puruz: Albizua, Sarasua (Saratsu), Otazua, Zorrozua eta beste hainbat.

Bego oraingoz honenbestean, behin-behineko idazketa moduan.

Iturriko
2017-10-19