Dakienak dakiEtnografia

Gabon-mukurra

Posted on

Gabonak bere badatoz eta… Hori berori esaten eban batek San Juanak igaro eta hurrengo egunetik hasita. Izan be, batzuentzat urtea ziklo handi bitan banatzen da. Eta egia esan behin sanjuanak pasauta konturatu barik heltzen dira Gabonak, denporeak igarri be egin barik egiten deusku ihes esku-artetik.

Kontuak kontu, Gabonak datozela-ta ohitura zahar honen ganean gauzatxu pare bat esango dogu. Atxina, Gabon-mukurraren usadioa nahiko zabala zan gure etxeetan. Enbor horrek izen asko daukaz: Gabon-mukurra, Gabon-zuzia, Gabon-subila, Subilaro-egurra, Olentzero-enborra…

Gabon-gauerako beren beregi prestetan zan enbor handia, toki batzuetan udagoienean basoan hartu eta idiakaz etxera eroan eta gero, estalpean gordetan zan Gabon gaueko surtan erretako. Sarritan gau osoan egoten zan sua izetuta, egunetan egoten ez zanean.

Enbor horren errautsek indar eta balio apartekoa euken etxekoak zein etxe-abereak gatxetatik jagoteko eta babesteko. Herri batzuetan etxe-abereak errautsen ganetik pasetan ebezan, ezbeharrak eta zoritxarrak uxatzeko. Etxea be gabon-mukurraren keagaz lurrinduten zan eta errautsak soloetara botaten ziran kurutzearen irudia eginaz.

Gaur egun, oraindik beheko sua edo txapa dagoan lekuetan enbor horren oroimenez familiako bakotxak errama txiki bat botaten dau surtara.