Errefraurik ugarienak pobre eta aberatsen arteko aurkaritza, tirabira edo aurrez aurrekotasuna agiri dabenak dira. Hara batzuen mezuak:
– Zabalen dabilenetariko bat aitatu barik ezin egon geintekez: Aberatsa, inpernuko laratza. Baina pobreen aldeko bigarren parte bategaz osotu izan da hizkuntzaren ibilian: Pobrea, zeruko lorea. Eleizea, edo eleizakoren bat be ez zan urrun ibiliko bigarren mezu erantsi horretatik. Baina lehenengo partea da ardatza.
Herri-hizkeran, sutondoko edo supazterreko laratza ordeztera, surtan errerik jaten dan lebatza etorri da berbeta batzuetan. Halan, Arratian eta Txorierrian baturikoa dan bertsino baten hitzek dinoe: Aberatsa, infernuko lebatza” (Aitor Olivares. 2010-05).
Azkuek, bere bilduman, aldaera biak dakarz: “Aberatsa, inpernuko lebatza; pobrea, zeruko lorea”; “Aberatsa, inpernuko laratza; pobrea, zeruko lorea” (EY 1844). Laratza, behean sua edo txingarra euki izanaren puruz, baltziturik egon ohi da. Eta lebatza be, azpiko mukur gorituaren eta txingarraren beroaz erreten da.
Errefrauotan ispilutzen dan aberatsaren irudia gaitzesgarria da, Epulon jatun salobrearen irudikoa edo. Suagaz, eta moduren baten inpernuagaz, kideturik dago. Laratza, sutondoko behesuan jatekoa erre edo egosi behar dan lekuan, tximinia parean dingilizka dagoan kateari, galdarea edo pertza eskegiteko dagoan kateari jakon izena.
Errefrau-aldaera batzuetan ilintiaren aipua be egiten da. Azkuek bi dakarz bata bestearen atzean: “Handikia, inpernuko ilintia; aberatsa, inpernuko lebatza”, eta “Handikia, inpernuko lebazkia; pobrea, zeruko lorea” (EY 1912).
Nafarroako bertsino baten suhatsa aitatzen da, aberatsa izenagaz puntua beteten dauela, eta laratzaren moduan, hau be supazterrean ezinbesteko lanabes bihurtu dana: “Pobreza, zeruko lorea: aberatsa, infernuko suatsa” dino errefrauak (NAZ 769), baina D. Intzak txosten-eretxi bat gehitzen deutso: “Aldika bai, baina ez beti”.
– Aberatsek zikoitz eta zikateru izatearen entzutea dabe errefrau batzuetan, eta pobreek kontrakoa. Halan dino batek: “Behartsuen ugaritasuna baino, aberatsen urritasuna gehiago.” (EEZZ 499).
– Enegua (eneua) be aitatzen da kontrakotasun-izaera horren agerrarazle: “Enegua aberatsaren miseria, miseria pobrearen enegua” (EZBB II 95).
– Aberatsek alkarren artean ezagupide handiak, beti be erpe luzeak, eta euren arteko sarebide ugariak euki daroezala azaltzen da batzuetan. Eurek bururik erakutsi barik, ostenditik gizartearen hariak manejatzen ondo jakiten dabela. Horren irudietariko bat hamarratzarena da: “Aberatsak, arramantz asko” (EY) (Atsot 1846).
– Aberatsek euren artean alkar hartzen jakin daroela, eta alkarregaz batzanduta beheko edo azpiko jente zeheari, pobre eta ezeuki diranei azken baten, deungaro egiten ohituta dagozala.
Adiskide berbeaz ispilutzen da alkar-hartze hori batzuetan: “Aberatsak, guziak adiskide” (Atsot 1847).
Oinordetza kontuan beste batzuetan: “Duenak duenari: errege Salomonek eman emen zuen testamentu hori” (NAZ 2013). Txosten argigarri hau eransten dio D. Intza biltzaileak: “Aberats askok lehendik aberats direnei uzten ondasuna, behartsu gosetiez atzendurik”.
Bada errefrau zahar bat Oihenarten bilduman, adiskide barik bizi dan aberatsaren koitadua iragarten dauena: “Adiskide gabe bizi den aberatsa pikatuetan lo egiten datza” (Prov 6).
– Aberatsak tranpatiaren entzutea be badau gure tradizinoan: “Aberatsa, tranpa hutsa” esaera ezaguna da euskal hizkera zabaletan. Baina txostentxo zuzengarria erantsi deutso D. Intzak: “Ez beti; izan dire eta badire beti aberats prestuak.” (NAZ 2106).
– Aberatsaren zurubia be entzuten da, berbeta lausengariaren irudi modura: “Aberatsaren zurubia labana da.” (EEZZ 18).
– Aberats izatea ospe onarekin balantzan ipinirik, hara zer dioen errefrau zahar batek: “Aberats izaitea baino ospe ona obeago” / gazt. “ Mejor buena fama que ser rico” (RS 2).
– Aberatsen inguruan batzen dan jendea be hizpide izaten da errefrau batzuetan. Batzuetan, jente lotsabakoak, lausengari eta losintxa-zale diranak aitatzen dira. Halan dino Oihenartek bere bilduman dakarren batek: “Hauk dira abrats baten hitzak, ezen handiki halakoei ohi zaizte laket ahalgegabeak eta lausengariak” (Prov 9).
Baina alderantziz sarriago. Aberatsek adiskide ugari eta pobreek urri izaten dituela gogorarazoten deusku hurrengo honek: “Guziak aberatsaren ahaide, pobreak eztu bat ere” (EY 2468).
Bide beretik joten dau beste honek be: “Munduan aberats denak, adiskide asko ta onak” (EEZZ 1143).
– Aberatsa lagun izatearen alde onak edo mesedea aitatzen daben esaerak be badira. Batek, haretx handiaren geriza zabala iruditzat harturik, dino: “Haritz haundiek itzal haundie”. D. Intzak honako azalpen-txostena gehitu deutso: “Jende haundiak eta aberatsak laguntza haundia eman dezakete”. (NAZ 1873).
– Aberatsaren izenagaz puntua jagoten daben berba gaitzesgarrien artean, lebatza eta laratza ez eze, popan hatsa be esaten da, Bizkaiko itsasaldean behintzat: “Aberatsak popan hatsa”, bertsio batzuetan, bigarren epitetotzat inpernuko lebatza gehitzen jakola (Busturialdeko esakerak).
– Aberatsa pobreari laguntza-eske edo mesede-eske joatearen oihartzuna be bada errefrau batzuetan. Abereen irudia bitarte dala: “Ardie ahuntzei ille eske. Duena ez duenari, aberatsa behartsuari eskeka” (D. Intza NEZ 317). Eta Nafarroako Erason bilduriko beste honek be mezu beretsua: “Eskalea aberats” (NAZ 937), txosten erantsi honekin: “Ez hain gutxitan ikusten da hori”.
– Ezer izan ez dana gauetik goizera aberasten danagatik esaten dira zorri hilbiztua eta zorri berbiztua. Eta errefrau batek horrezaz dinoana: “Zorri birpiztuak hozka miñe” (NAZ 1096). Emen ere ongi dator Oihenart-ena: “Beartsua izan, eta aberastu egin dena” (Prov 259).
– Aberats izatearen alde onen artean, edukiak izateak emoten dauen nasaitasuna eta ziurtasuna aitatzen da batzuetan. Hala, Urruzuno idazlearena da honakoa: “Aberats izatia, / pobre baino hobe” (Urzale).
“Aberatsa gezur hutsa, beharduna amets hutsa” (Zerbitzari GH 1936, 114). “Obro du abratsak pobretan denean, ezik pobreak abrasten denean” (EY III 219).
– Lo lasai egin ahal izateaz lotzen da batzuetan aberats izatea: “Lo ondo egiten duna aberatsa da” (EEZZ 1959).
Trikiti-kopletan be astintzen da batzuetan aberatsen jokabide gaiztoa. Elustondo neba-arrebek ‘Tratante’ izeneko kantuan kopla bitan dinoezan hitzak. Batean dino: “Abere asko duena / da aberatsa; / baditu abarkak, baditu kuartuak”. Eta bestean: “Ez dugu abererik, / ez gera aberatsak; / beste norbaitek egin ditu tratuak”.
Aberats izenaren etorkia dala-ta etimologia diferenteak aitatu izan dira.
Bat, barregarria, baina zaharra; sasi-etimologia baten oinarritua. Landuccio lexikografo italiarrak, XVI. mendean Gasteiz inguruan batu eban lexikoian dakarrena: “Al rico le llaman aberatsa, que significa bestia asquerosa [es decir abere hatsa]”.
Artezagoa eta sinesgarriagoa da beste hau: “también significa el hombre abundante en ganados” (CompG 33v). Xabier Letek bere kopla baten dinoan lez: “Ez dugu abererik. Ez gera aberatsak”.
Zertzelada ohargarria, Toribio Etxebarriak bere Eibarko Lexikoian dakarrena: “Lenguak ziran aberatsak, oinguak dirudunak”. Esatera datorrena hau da: lehen abereduna zan aberatsa, eta orain diru askokoa da da diruduna”.
Aberatsen eretxi txarrak sustrai zaharrak ditu. Bibliako pasarte ezaguna: “Gamelu bat jostorratzaren begitik igarotzea errazago da, aberats bat zeruetako erreinuan sartuko dan baino” (Lardizabal Testamentu).
Eta gutariko inozenteontzat, kontsolagarrirako, aberats eta pobreen arteko bardintasuna: “Ala, dadin aberats ala pobrea, / gizona gizonaren duk haurridea” (Elizanburu Olerkiak).
Adolo Arejita




