Dakienak dakiHizkuntza

Aditz partizipioa jokatu barik darabilgunean, Ez konturatu eta konturatu ez esaten dogu. Non edo zertan dago diferentzia?

Posted on

Aditz jokatu barruan ez sartzen dogunean ez ohi dago arazorik: ez gara konturatzen esaten dogu gaur egun, eta ez, antxina edo lehenagoan batzuetan ordenatzen zan modura: konturatzen ez gara. Esaldi libre edo nagusietan: ez + adizki jokatua aurretik eta aditz partizipio jokatubakoa atzean.

Baina adizki laguntzaile barik darabilgunean, aditza, laguntzailea eliditzen dogunean, ordena biak dira ezagunak: konturatu ez batzuetan eta ez konturatu beste batzuetan. Eta berbetatik berbetara be diferentziak izaten dira hitz bien ordena kontuan, eta esangura zehaztasun diferenteak be ezkutatzen dira bataren eta bestearen artean.

– Agindua emoteko, ezezkako agindua emoteko darabilgunean aditz partizipioa, orduan ez da izaten zalantzarik ordena kontuan: ez aurretik eta aditz partizipioa atzean (edo atzerago) ipinten ditugu jeneralean: Ez egin hori. Ez joan hara. Ez esan holakorik. Batzuetan tartean beste osagai bat edo batzuk dirala: Ez astirik emon horretan! Ez inori lotsarik galdu!

– Baina adierazpen neutroa egin nahi danean, hau da, zeozer ezezka adierazo gura dogunean, non ipini ez marka, aurrean ala atzean? Bietara esan eta entzuten dala esan daiteke, baina batera edo bestera ordenatu, bien artean esangura zehaztasun diferentziatxo bat egiten da.

– Edozelan be, sartaldeko berbakeran, batez be berbaz, ez marka atzean ipinteko joerea indartsua da. Esaterako: «Joateko ekin eta ekin ibili jakoz, eta bera joan ez«, hau da, «ez da joan» esateko. «Norbera emoteko eta emoteko esaten, eta berak emon ez» edo «emon gura ez«. «Geuk egia esateko eskatu, eta berak ezer esan ez» edo “esan gura ez”.

Herri-literaturara joten badogu, ordena hauxe berau zaintzen da honako errefrauan: “Norbera inor ez ta bestiai entzun ez, dana bapez” (G.Garate Atsotitz 10204). Eta beste hainbeste hurrengo dantza-kopla ezagunean be: “Txikitxu politori, / zer dozu negarrez? / Aitak agindu eta / amak emon nahi ez”. Eta herri-berbeta zehera bagatoz, ohikoak ditugu honetarikoak. Bat: «Harek ikasi dauen eskolea da, hartu bai eta emon ez.». Bigarrena: «Kalearen besteko aldean gizona geuri itxaroten, eta norberak aurrean daukana ikusi ez!».

Eta idazle klasiko moderno baten idatzia hona ekarrita: “Gauzea ez emotearen ganean, barriz, pekatu egin daroe guraso orreek, edo euren erruz [ez] euki ez, edo eukita zekenez ta esku eutsiz emon gura ez, eta semeak gosez, edo soinean arlote ta altzi eginik darabildeezanak” (Mateo Zabala Irun 110).

– Baina ez aurrean ipinteko joerea, ez konturatu ordenearena, euskerearen zabalean ugariagoa dala esan daiteke, eta zaharragoa be bai. Klasiko hurreko baten eredua hona ekarrita, hara Mogelen batzuk. Perpaus biren komunztadura egituran agiri dira hurrengo honeek, bigarren esaldian adizkia eliditurik dagoala. Bat: «Bakotxak gorde bear dau bere tokia, eta ez agertu eragin soinokoz edo aoz eztana» (PAb). Bi: «Gura dot igaro zugana, daukadan jaubetasuna, ta ez kendu zure oniritxi ta maitetasunarentzat erabagita egoana» (PAb). Hiru: «Biziko da ta ez ilgo» (CO). Lau: «Urte guztian lo galanto ta bildur baga pekatu mortalakaz, ez ikaratu eriotzeaz ez infernuaz» (CO). Bost: «urten bear dau biotzaren barruti, ta ez euki bakarrik ao ta ezpanetan».

Gipuzkerazko esaera bat herri-hizkeran: «Eskatuko dute, baina ez eman».

Mendeko konpletiboak aditz partizipio mugatzailedunaz eregiten ditugunean, ordena zaharra eta orokorra /ez + konturatua / dala esan daiteke, eta aldi modernoetan garatu dan joerea dala pentsau daiteke / konturatu ez / dalakoa.

Hara, damutu aditz nagusi dala garaturiko esaldi batzuk, Mateo Zabalagandik hautuak: “damutu bajatzu, erea izanda ez artua” (Irun), “zegaitik gurasoak ta ugazabaak konfesadu bearko eztabee, ez begiratua, […] dotrinea ez erakutsia, konfesetara ez biraldu, egun-antzagaz ez etseratua, piestara, erromeriara, baatzako dantzara, naasteko jolasera ta gau-bigirara agindua?” (Irun).

Baina gaur egun, sartaldeko berbakeran, normala dirudi beste ordena honek: “Ondo damutu jako sasoiz joan eza”, edo: “Damutuko jako etorri eza”.

Adolfo Arejita