Dakienak dakiHizkuntza

Adjektibo graduatzaileak HUTS, GARBI, GALANT, MAKAL, ASKO eta beste

Posted on

0. Aurkezpena

Graduatzaileen arloa guztiz da zabala. Adjektibo eta adberbioen –baina baita beste kategoria batzuen– kualitatea hanpatzeko edo erdiratzeko euskerak dituen hainbat marka eta baliabide sartzen dira berez graduatzaileen esparruan.

Gaia mugatu beharrez, idatzi honen helburua ez da besterik adjektiboen graduatzaile diran adjektibo kategoriako hitzetara gaia zedarritzea baino.

Esparru honetan sartzen dira adjektibo jakin batzuk. Batzuk, zelanbaiteko kualitate absolutoa, purua adierazoten dabenak: hutsa eta garbia izan daitekez eredu. Beste batzuk, hanpadura balioa bihurtu dabelako euren esangurearen ardatz: galanta dogu horreetariko bat; bizia izan daiteke beste bat; gorria be multzo horretan sartu daiteke, eta makala beste bat, bigarren hau ezezka. Badira zenbatzaile kategoriatik adjektiboaren edo adberbioaren sintaxira etorriak, berariaz asko.

Maiztasuna daben honeetara mugatuko dogu gure idatzia.

1. Hutsa

Huts hitzak kategoria diferenteak zeharkatzen ditu. Izena batzuetan: “Hutsa, putza”, “Hutsetik hasita aberastu zan”; adjektiboa gehienetan: “Poltsiko hutsa ala betea gurago?”, eta zenbatzailea be bai gaur egungo erabilera batzuetan, “zero” zebakiaren edo “bapez” dalakoaren ordez: “hiru eta huts izan da emaitza”.

Adjektibo kategoriako huts horrek bere ibilian graduatzaile zereginak beregandu ditu; gehienetan, aurrean daroan izen edo adjektibo baten kualidadea hanpatzeko, aurreko hitz horren adierazkizunari indar edo adierazkortasun berezi bat emoteko. Adjektibo kategoriako huts, hutsa da graduatzaile izaera beregandu dauena batik-bat, baina adberbio kategoriako bihurturik be bai eremu semantiko mugatuagoak: hutsik eta hutsean aurreko izen bati erantsirik.

Izen kategorien graduatzaile izatera etorri da lehenengo jauzian. Eta errendimentu handia irabazi, aurreko izenaren kualitatearen hanpatzaile gisa. Halakoak dira: “Euskara hutsez alkar aditu ginan”. Errefrau baten hitzak dira: “Etxehutsa, gerra hutsa”, bigarren sintagman graduatzaile dala. Edo Mogelen lumaz adierazota: “niri ur-ardaoak egingo leusket sabeleko mina. Nik bitik bat: edo ardao utsa edo geienean ur utsa”. Idazle honek sarritxu joten dau huts graduatzailea erabiltera. Jan-edan kontuaz loturiko beste esaldi hau be eraz dator puntu honetan: “egin bear eban ogei eguneko ur ta ogi utseko barua” (CO).

Huts graduatzaile hori adberbio kategoriako bihurtzen dala gitxi batzuetan gogorarazo dogu lehenxeago. Hutsik edo hutsean aurreko izenari alkarturik garatuak dira soineko edo jazkera eremuko hainbat egitura. Halan darabilguz: bernutsik (berna-hutsik) edo narru-hutsean, berbarako.

Izenen graduatzaile izatetik, adjektiboen graduatzaile izatera jauzi egin dau denporea garrenera, eta eredu hau indartsuagoa dogu berbazko erregistroan, idatzizko testigantzetan baino. Egitura honen adierazle ditugu hurrengo esaldiok: “Zikin hutsa zara”. “Zoro hutsa da”. Graduatze hori bizitzeko egitura errepikatua hartzen dau batzuetan: “On huts-hutsa da”.

2. Garbi

Garbi hitzak be, huts adjektiboaren antzera, bere esangureak daukan “garden, puru” balio horretatik garatu dau graduatzaile izaterako bidea.

Kategoria bati baino gehiagori eragiten agiri da garbi hitza, edo adjektibo kategoriaz (garbia) edota adberbioarenaz (garbi).

– Adjektibo edo adjektiboaren kualidadedun izen bati eragiten agiri da batzuetan:

(a) Sorgin garbia da.

(b) Inuzente garbia da.

Graduatzaile lez darabilgunean, sarrienetan -a/-ak mugatzailea beregantzen dau: “egia garbia da” (Mogel Ipuinak), baina beti ez horraitino. Hanpadura hori indartzeko bat/batzuk zenbatzaileaz baliatzen gara beste batzuetan. Mogelena dogu hurrengo esaldi hau be: “Zoro garbi batzuk dira” (Konfesino). Kontestuaren arabera, mugagabetasunaz markaturik be egon leiteke sintagma hori. Hara Mateo Zabalaren lekukotasun bat: “eta guztiak lapur garbi eginik” (Irun).

Izenen graduatze zereginean lekukotasun ugaria dauka. Halan: «Egia garbia da». «Egin deutsuen hori lapurreta garbia da».

Adjektiboen graduatzaile gisa gitxitan agiri da idatzizko tradizinoan, nahiz berbaz zabal dabilen egiturea izan. Zoro garbia sintagma da ondo lekukotuetariko bat. Mogel: «Zoro garbi bat da isten deutsana Jaungoikoaren bideari […] esamesen bildurrez» (Konfesino).

Partizipio adberbial bati eragiten be sarri darabilgu garbi graduatzaile adberbiala. Kasu honetan garbi hitza guztiz, oso, zeharo graduatzaileen kideko dogu. Horretarikoak dira berbaz sarri dantzuguzan esaldiok: “Etxera garbi mozkortuta ailegatu zan”.

3. Galanta

Galant adjektiboa gazt. “galante” dalakoaren mailegua izan arren, esangura aldetik beste bide batetik dabil gaur egungo erabileran.

Bere esangura funtsezkoan, pertsonakaitik darabilgu batzuetan: neskatila galanta, ume galanta, morrosko galanta, “ederra” edota “handia” adiereaz. Baina bizibako gauzakaitik be badarabilgu beste batzuetan, ‘handi’ edo ‘eder’ adierakaz: etxe galanta.

Euskera zahar eta klasikotik lekukoturik dagoz eremu semantiko biotako erabilerok. Lazarragaren poesia goiztiarretan agiri dira: dama galanta edo morroei galant estiraduak, bizidun gizakien eremuan. Eta bizibako objektuakazko erabileraren lekuko ona dogu Frai Juan Zumarragakoaren: lepatrapu galantori, arrebeari egindako gutunean (c. 1521).

Klasikoetara etorrita, abereen eremura etorrita, Mogelen alegietan aitatzen da: “geratu zan aari galant bat bakarrik” (Ipuinak).

Baina galant graduatzaile hanpatzaile izatera etorri da, kualitatearen neurriz gorakoa indartzeko:

– Izen baten graduatzaile dogu batez be. Testu klasiko biren ereduak: J. A. Mogelena: “ta zelan dan guzur galanta” (Konfesino) eta Mateo Zabalarena: “Akusazino galanta beintzat!” (Irun), “izerdi galantak [bota] emon” (Irun).

– Adjektibo baten graduatzaile dogu beste honakoetan: Mogel: “aoan dirudie humilde batzuk, ta biotzetan falso guzurti galantak” (Konfesino). “Ipur-txuri galanta dek hori lanerako» (Juan Goikoetxea Loiola).

4. Makala, makala ez…

Makal adjektiboak be, hitz honen berezko esangura nagusitik aldendurik, graduatze zereginak beteten ditu esaldi batzuetan. Sarritan, aditza ezezka emona dagoala: ez da…, ez dauka… e.a. Baina baita baiezkako perpausetan, honek halako harridura tonua hartzen dauenean.

Perpausa ezezka egon zein baiezka emona izan, ez da izaten perpaus neutroa; ia beti harridurazko kontestuko esaldiak izan ohi dira.

Bestalde, egitura honek –makala ez izan, (izen) makala ez izan/euki, (adjektibo) makala ez izan/eduki– berbaz, ahozko erregistroan dogu emonkorrena, edota ahozkotasuna oinarri daben testu idatziak; horrelakoxeetan dauka indar eta bizitasun askoz gehiago, idatzizko tradizinoan erakusten dauena baino. Tradizino klasikoak ez dauka berme sendorik; eta daukana testu modernoetan. Baliabide modernoa dala hizkuntzan, esan daiteke. Eta goian esana ahaztu barik,  balio hanpatzailea dariola eta harridura inguruneetan.

Aditz kopulatiboaz erabilten dogu batzuetan: “Ez da makala, Everest gailurreraino ailegau bada!”

Izen bati eragiten beste batzuetan, izenaren atzean ipinita: “Ez dauka akordu makala, guk laguntzea pentsetan badau. Dagoala itxaroten!”. J.M. Etxeitaren esaldi bat betor harira: “Ez daukak itxaropen makala, tentel ganorabakoorrek!” (Josetxo).

Eta adjektibo bati eragiten, honen atzean ipinita. Hirugarren hau aurreko biak baino askoz urriagoa da, esparru askoz laburragoa hartzen dau. Baina ohikoak dira berbaz hurrengo honeetarikoak: “Ez da lelo makala!”. “Tonto makala ez zara izango, jaramon egiten badeutsazu!”. J.B. Eguzkitzaren lekukotza bat: “Sinestu dagioena ez da tentel makala!” (Gizarte auzia).

Ezezka izan barik be, harridura-esaldietan be erabilia. Makal adjektiboak, esaldi neutroetan  dauen esangurearen guztiz kontrakoa adierazoten dau horrelakoetan. Felix Bilbaoren ipuin bildumako adibide batzuk ispilutzen dabe ondo egitura hau:

– Baiezka: “Zestokada ogia ekarri eban makala!”. “Apaxkadea izan eben makala!”.

– Ezezka: “Emaztearen eskaria entzun ebanean, ez jakon barregura makala sortu kolkoan!”

5. Askoa

Asko zenbatzaile kategoriako izatetik graduatzaile kategoriako izatera dator erabilera batzuetan, eta batez be hizkera batzuetan: bizkaieraren ekialde eta gipuzkeraren sartalde eremuetan batez be, esan daiteke.

Asko hitzak -a/-ak mugatzailea beregantzen dauenean adjektibo bati eragiten deutse, adjektibo baten ostean haregaz bat eginda eta haren kategoria markak beregantzen ditu. “Polita da”, asko hitzagaz graduatu ezkero: “Polit askoa” (herri-hizkera askotan polit askua) bihurtzen da. Aretxabaletako berbetatik jasoak dira hurrengo adibideok: “Eder askua da ardao hori”. “Guapo askua zara” (Miren Edurne Atxotegi). Eta Markinako berbetatik jasoa hurrengo hau: “Erosi neutsan erropea polit askoa zan” (Jabier Kaltzakorta).

Adberbio bat graduatzen agiri danean soilik erabilten da asko, adberbioaren ostean ipinita, bera be adberbioa balitz lez. Halan: “Ondo igaro genduan lehengo zapatu gauean”, graduatzaile eta guzti bihurtzen da: “Ondo asko igaro genduan…”

Adizlagun itxurapean be agertu leiteke asko graduatzailea zenbait kasutan. Halan Domingo Agirreren honetan: “Mariak, zuek bezela, laster askoan igaro zituan bere gaztetasuneko egun loratsuak” (Sermoiak).

Eta gehiago

Adjektibo graduatzaile zerrenda hainbat luzatu lei hondino, izan be gaur egun graduatzaile ohiko diran batzuk jatorriz adjektiboak diralako besteak beste. Horreetariko ezagunen antzekoa oso dogu. Bada joera bat gainera, oso adjektiboa erabiltekoa aurreko adjektiboaren kualidadea indartzeko. Inozente osoa, kokolo osoa eta antzeko segidetan. Baina ez gara horretan luzatuko. Bego oraingoz honenbestegaz.

Iturriko2019-11-22 (Santa Zezilia egunez)