Dakienak dakiHizkuntza

«AEA edo ELA gaixoa naz» ondo esanda ete dago?

Posted on

Zalantza bat ikasle batek idatzitakoaren gorabeheran: “AEA edo ELA gaixoa naiz” ondo esanda ete dago? Gaztelaniaz: “soy enfermo de ELA” aditzen emoteko?

Irakasleari ez jako belarrietan gozo egin, antza, holan entzutea, edo hobeto esanda, irakurtea. Ze segiduan idatzi dau: “Hori zuzena da euskeraz? Eta, edozein kasutan, hori jatorra da, ala euskaldunok beste modu batean esango geunke? “AEA gaixo(tasuna) duen pertsona naiz” edo “AEA daukat”… Baina “AEA gaixoa naiz?”. Izan be, gaztelaniaz “soy enfermo de ELA” edo “soy enfermo de cáncer” sarri eta natural erabilten da, baina euskeraz “AEA gaixoa naiz”?.

Labur erantzun neutsan Labayruko irakasle honi mezu bidez: “Ez dogu holan esaten. Gaixoa naz barik, gaixorik nago esaten dogu, zein gaixo dogun izentau barik be. Eta zein gaixotasun dan jakiteko, itaunduko genduke: Zeren gaixoa dozu ba? Zein gaixo daukazu ba?, edo horrelakoren bat. Eta gaixorik dagoanak erantzungo leuke: ELArena. ELAren gaixoa. Eta bardin: Minbizia. Biziarena. Minbiziaren gaixoa. Biziaren gaixoa edo dana dalakoa. Gaixo berbea izen sustantibo lez darabilgu batez be. Ia beti.

Gaixo berbea izen sustantiboa da honakoetan: Gaixoa dauka. Minbiziaren gaixoagaz hil da. Gaixo txar batek eroan deusku urlia. Gaixo onik ez dago. Gaixo txarrak edozenbat.

Eta zeren gaixoa edo zelako gaixoa daukan batek esateko, bularretako gaixoa, birikietako gaixoa, buruko gaixoa esan daroagu. Halanda ze, bardin esango genduke, minbiziaren gaixoa edo AEA gaixoa daukala.

Eta onik ez dagoan pertsona bat zelan dagoan itaun egiten dogunean, urlia gaixorik dagoala izan leiteke erantzuna. Edo gaixoagaz edo gaixo txarragaz dagoala.

Adjektibo kategoriaz be erabili egin daiteke, baina ez gaztelaniaren bidetik. ‘Está enfermo de cáncer’ esan arren gaztelaniaz, euskeraz izenagaz erantzuten dogu: zeren edo haren gaixoagaz, zelako edo halako gaixoagaz. Eta adjektibo lez darabilgunean gaixo berbea, honetarikoen bat erabili ohi dogu: Pertsona gaixoa, ume gaixoa… Ez da alperrik garatu euskeraz gaixoti adjektibo eratorria be, gazt. ‘enfermizo’ aditzen emoteko. Bategaitik esatea, berbarako: Umetatik izan da gaixotia.

Adolfo Arejita