Dakienak dakiHizkuntza

Agindua aditzen emoteko, esan daiteke ‘Joan zaitekez hemendik!’ edo ‘Eikezu gura dozuna!’?

Posted on

Mateo Zabala XIX. mendeko idazlea izan dogu, orain 200 urte inguru, agintezko aditz jokatuetan -ke marka sartzeak ze diferentzia markatzen dauen argitasun apur bat isuri euskuna.

Añibarrok 1802an argitara emon eban Escu-Liburua izeneko obratxoa, lehenengo argitaraldia, eta handik ia hogei urtera bigarrena, Esculiburua izenburuagaz. Izan be, lehenengo argitaralditik bigarrenera diran aldaketen artean, hauxe da bat. Aginterazko adizkietan -ke atzizkidunak be erabiltea. Honelan arrazoitzen dau Mateo Zabalak aldaketa hori.

Halan argitu euskun, 1821ean Pedro Antonio Añibarroren izenagaz, baina Mateo Zabalaren eskuan argitaratu zan Esku-Liburua titulutzat dauen liburutxoaren Sartaurrean. Honako paragrafo biak dira argigarrienak:

  1. “Beinik bein yakina da, eta itsuak bere baakusde eze, iñori okerrik eztakarroiola [liburutxoa bigarrenez argigaratzeak]. Eta leen baño obexeago eta apainduxeago bigarren santxa onetan urten dagiantzat, esku-aldi barri bat emon izan yako. Baldin mesederen bat onetan egiten badeutsut, ezteutsut beste bearsaririk, ez beste eskerrik, eskatuten, ezpada aztu ez nagizula zeure oraziño eta eskabideetan”.
  2. “Azkenez esan bear deutsut eze, liburu onetan ikusiko dozula, batzuetan esaten dala egizu, egidazu, egiozu, degizula, eta beste batzuetan eikezu, eikedazu, eikiozu, deikezula. Lelengoak esaten dira gauzea ordu berean egin bearra danean; bigarrenak barriz, geroago garrenean egin bearko danean. Alantxe esan daroe, baita ondo baiño obeto, gure bizkaitar baserritarrak.» (Añibarro, Esku-liburua 1821. Sartaurrea).

Euskera idatziaren historian atzerago bagoaz, lehenengo idatzien artean dogu Refranes y Sentencias izenburua dauen bizkaierazko errefrau-bilduma (RS 1596). Eta bilduma honetan badira, geroko aginteerako adizkidun batzuk.

– Aditz trinkoaz eginiko agintera-adizkietan:

Egon aditzagaz: “Zagokez exilik / ta enzun eztaizu gextorik”. Gazt. “Callando estareis, / y mal no oireis” (RS 18). Oraingo momentuko agindua balitz, zagoz exilik esango eukean, baina geroari begira eginiko agindu edo gomendioa dan ezkero, zagokez exilik. Gaur, agintera balioaz behintzat, galdutzat emon geinken adizkia.

Egin aditzagaz: “Eikek senar makerra, / ta ak aukake andera”. Gazt. “Harás marido contrahecho, / y aquél te tendrá estimada señora”. (RS 290). Egin aditzaren agintera-adizkia. Senar eikek hitanoz, eta zuka esanda balitz, senar eikezu, etorkizun dagoan ezkontza baten gaineko aholkua da. Geroko denporan zelako senarra hartu ezkontzeko.

Zeeikek maurtuti hoeanen(n) eder eztanik kalean”. Gazt. “No hagas cuando fueres por el desierto lo que no fuere hermoso en la calle” (RS 36). Ze eikek, hikako adizkiaz; zuka balitz: ‘ez eikezu’. Eta aditz perifrastikoaz: ‘ez eikezu egin’. Agindu edo gomendio hori gerorako da, ez momenturako. Geroko agindu-erregu bitarteko adierazpena.

Euki aditzagaz: “Ire etsaien emazte, / eukek ik adiskide. // La mujer de tu enemigo / tenla tú por amiga” (RS 234). Zuka balitz, eukezu genduke adizkia. Esanguraz: ‘euki eikezu’.

*In aditzagaz: “Ikedak ta dikeada. // Darásme y darte he” (RS 233). *In aditz zaharraren adizki trinkoa. Presenteko agindua izan balitz, indak genduke hika, eta indazu, zuka.

– Aditz konposatu barruan ugariago erabili izan dira honeetariko agintera muetak: geroko edo futurokoak.

Añibarrok berak darabil behin, teilatuan erretailea egiteko, itoginik egon ez eiten, arotz batek egiten ei eban alper-beharra salatzeko: “Ez eikezue egin, oi ebana arotz batek, zeiñak, emen egoan teilla ausia ifinteban an” (Lora Sorta).

Hogei urte atzerago, honako pasartea irakurten da honen beronen Esculiburua-n: “Gogotan astiro-astiro erabili eikezuz, eta bein banaan eta bakotxa berez ausnartu, irakurten dozuzan berba guztiak”.

Pedro Astarloa idazle durangarrak be, Urteko domeka izenburua dauen obran, hainbat pasartetan darabilz era honetako agintera-adizkiak. Behin: “Ez eikezuez eratzo oe baten zeuen semiak alabakaz, txikiak eta gazteak izan arren” (UD II). Lehenago etxe asko ziran herrietan etxe txiki pobreak, eta sarri tamalez behar dan beste ohe euki be ez seme-alaba guztientzat. Baina aholkua hor da: mutilak mutiletara eta neskak nesketara. Ez eikezuez eratzo esatean, ez da momentu bererako agindua, aurrerantzerako, etorkizunari begirako aholku-gomendioa baino.

XX. mendera bagatoz, gure idazlerik bikainenek, sartaldean berariaz, erabili izan ditue honeetariko adizkiak.

Azkuek: “Errege, heure eskuetan artu eikek neure odolaz bustiriko lur-zati bat eta beraz begia basitu ezkero, osatuko jak” (Euskalzale 1897). “Zuen asmo harrigarriok zabaltzeko, eratu eikezuez esapide luze, ebakaitz, ortzai kirrisk eta eztarriari hots gogorrak atera eragitekoak” (Euskal Esnalea).

Domingo Agirrek: “Ta beste aldetik, begiratu eikezu, Mañasi, alaba bakarra zareala, ta zeure gurasoen azken onari begiratu beharrean zagozala” (Kresala). “Baiña arerioak daukazuz, da arduratan ipinten zaitut: etzaitekez edonungo bideetan bakarrik ibilli: gorde eikezu zeure burua Portunegandik” (Auñemendiko Lorea).

Gaur egun bizirik dogun euskera-ereduan, berbaz zein idatziz, aldendutzat jo daiteke ‘geroko agintera’ deritxon adizkera hori. Baina XX. mendeko gure euskal idazlerik eredugarrienek erabili izan dabe, batez be bizkaieraz. R. M. Azkue, Domingo Agirre eta bestek. Hizkera jasorako gorde geinkez horreetarikoak beha bada. Ez deritxat halanda be, oihartzun gehiegirik izango dabenik gaurko literaturan, behin berbeta bizian lausotu diran ezkero.

Adolfo Arejita