Agur-formula ezagun bat bada, modu bat baino gehiagotara darabilguna: Ongi etorri edo Ondo etorri daukagu batetik. Eta: ondo etorria edo Ondo etorriak bestetik. Zer esan honen gainean?
Tradizinoan ez dira asko ez sarri erabiliak izan formula modura, nonor etorri barri dagoanean jera onezko berba lez Ondo etorri, ongi etorri eta halakoak. Testigantza gehiegi ez dogu idatzizko tradizinoan. Eta berbaz be ez hainbeste.
Larramendik bere hiztegian izen edo adjektibo arrunten gramatikaz darabil: “Bien venido, […] ondo etorria» (DT). Baina literatura idatzian, normalean, esaldi luzeago baten barruan erabilirik agiri da berariaz. Halan Eusebio Mª Azkuek: “Dabiden seme / Errege andia! / Ondo etorria / mundura” (PB 269).
Atzerago bagoaz, aditz subjuntiboaz lagundurik dakar Añibarrok bere hiztegian, gaztelania-euskeran, honelan formulauta: “Bien venido sea usted, (c.) Ondo etorria izan bedi, dedilla, dala”. Atzerago jota, Kardaberaz hernaniarrak izan aditza era subjuntiboaz darabil bere bizkaierazko dotrinan: “Ondo etorria zareala, neure Jaun ta Jabe bakarra.” (CatV 94).
Mogelek be, Peru Abarka berba-jardunetan, antzera, baina aditz konposatuaz. Birritako aldiz, gainera: “Bizi zara? Ondo etorria izan zaiteala”(PAb). “Agur adiskideak; ondo etorriak izan zaiteala” (PAb).
Hainbat oraintsuago be halantxe. Domingo Agirre idazleak, berbarako. Honek be Mogelen antzera, baina 3. pertsonan: “Badakust eriotzea… ta ondo etorria izan dedilla” (Auñemendiko Lorea).
Felipe Arrese-Beitiak honelan dakar: “Ondo etorria izan bekigu ona[illargia]” (AmaE).
* Despedida-formula gisa, bai, aspaldi finkaturik dago aginteerako aditz partizipio soilaz eregia dan Ondo ibili era soila. Halan Mogelek: “Ondo ibilli osterako artean” (PAb). Oraintsuagoko idatzietan: “Adios, ondo ibilli, ikusi arte!” (Mokoroa Damu). Edo Kirikiñok: “Bai, ondo ibilli!”(Abarrak I). Edo Urretxindorra bertsolariak; “Amerikara doiaz / itxirik lur oni. / Ondo ibilli ortik!”.
Baina aginteerazko aditzaz lagundurik be bai. Halan frai Bartolomek: “Entzun dot, ta ez bein bakarrik, (menturaz guzurra), konpesore batzuk emoten deutseela lizenzia jenteari, izentau direan olgeetara joateko, ondo ibili zaite esanda”(Olgeeta).
* Harrera-agurraren formula gisa, nik zuzentzat joten ditut, bai: Ondo etorri soila, bai Ondo etorria mugatzaile singularduna, pertsona bakarrari zuzendua danean, eta Ondo etorriak mugatzaile pluralduna, pertsona gehiagori zuzendurik danean. Gramatikearen aldetik zuzenak dira guztiok.
Baina diferentzia bat bada, eta argia barriz, aditz partizipio soila erabiltetik -a/-ak mugatzaileduna erabiltera. Ondo etorri!, soilik erabilita, hiztunaren aurrean dagoenari zuzendua danean bakarrik esan leiteke; baina ez aurrean ez dagoan hirugarren pertsona bati, edo bat baino gehiagori, solasaldiaz kanpo diranei, zuzendua danean. Bigarren diferentzia ohargarri bat: Ondo etorri!, edo Ongi etorri!, dinogunean, bati zein gehiagori zuzendua izan daiteke; singular zein pluralerako, bietarako balio dau. Neutroa da kopuruari jagokonez.
Aholkutzat zein gomendio emon? Pratikoago ikusten dot formula soila erabiltea, aditz partizipio soilaz eregita, aurrez aur dagoanari edo dagozanei zuzendua danean. Laburragoa izatea batetik, eta formula bakarra izatea; onura-abantail bi ditu formula soil horrek.
Adolfo Arejita