Berba hau, beste hainbat lez, Jesus Zugazaga jaunak sarean ezarri dau salto-saltoka dabilen akerto baten irudiagaz batera, eta ahuntzagaz zerikusia dauela-ta, ahuntz eta esportzun hitzen alkarkuntza dalako eretxiaz, gaztelaniazko ordaina ‘brincando’ emonaz. Esaldi adigarritzat honakoa dakar: “Aittek semeari: ‘Joan eta etorri hadi ahuntzesporrun’. Edo ‘txakadakoan’ (arin) esan gura deutso”. Eskerrak Jesus Zugazaga jaunari.
Nondik garatua da ahuntzezporrun dalako ekintza-adberbio hori? Gure eretxian ahutzez porruan da azpian daukagun egiturea, era landura ekarrita.
Ahutza, edo ahutzak da hor dogun berbea; hautsagaz (polvo) zerikusirik ez daukan berbea. Zertzuk dira ahutzak? Hiztegian agiri danez, ahutza, gorputzari buruz danean, gazt. ‘mejilla, carrillo’. Eta adiera zabalagoz, pluralez, ‘fauces’. Izan leitekez gorputz batenak edo lurralde batekoak.
Ahutzetan jo norbait dinogunean, matrailetan jo esatea lez da.
Adiera figuratiboaz, ahutzak euki lokuzinoa be badarabilgu, gazt. ‘ser muy hábil, tener gran destreza’ adiereaz. Ibarrangeluko berbetatik hartua da: Ahutzak dekoz, gero, mutil horrek! (Domingo Zuluaga). P. Zamarriparena dogu beste hau: “Honek, Bermeo honetako Gaubeka liburu-irarle honek… ahutzak daukoz!” (Kili-kili), ‘barrabilak daukazala’ esatea lez.
Ahutzetakoa emon edo ahautzetan jo norbait be esaten da, ‘belarriondokoa’, ‘matrailekoa’, ‘musturrekoa’ esatea lez.
Eta horretatik, ahutzez eperdi lokuzinora gatoz. Batzuetan ‘hankaz gora’ jausi esangureaz. Baina beste batzuetan, ahutzez eperdi joan dala norbait nonbaitera aditzen emoteko, ‘tximistea baino arinago’ joan dala esateko.
Urdaibai aldean hondino be bizi da ahutzez eperdi lokuzinoa, esangura berbera edo hurrekoa aditzen emoteko. Halan: “Puxika handituen antz-antzera, edozein zistadak hustu ta ahutzez-iperdi botaten gaituzala” (Otxolua Bertolda), edo: “Ahutzez iperdi urten ziran jauregitik, katu bustia baino epelago, ta ez eben gehiago eguno aitatu […] inoren lapikoan burruntzalia sartzerik” (Otxolua).
Adolfo Arejita




