Dakienak dakiHizkuntza

Aita-semeak, ama-alabak

Posted on

Esakuntza eta kopla-kantu baten berbak dira: “Aita ta seme tabernan dagoz, ama ta alaba jokoan”.

Aita-semeak, ama-alabak, neba-arrebak, seme-alabak, suin-erranak erako izenak sarri be sarri darabilguz gramatika alkarkuntzaz loturik, berariaz senidetasun eremuko izenak diranean. Bana erabili ezkero, izen singular bi lirateke eta juntagailuaz alkarturik, baina behin alkartu ezkero, eta juntagailua elidituta, -ak mugatzaile pluralaz markaturik agiri ohi dira: izen bi diralako, giza-izen bi kasu honetan, alkartzen diranak.

Goiko errefrauan aita eta seme formulatzen dan sintagma konplexua, Mogelen idatzian aita-semeak modura agiri da. Izan be, esakuntza horren lekukotza ederrenetarikoa idazle honen Peru Abarka elebarrian daukagu. Pasarte bi dagoz berean, guztiz ezagunak, aita-semeak aitatzen dituenak. Peru eta Maisu Juan bazkaritan dagozala, aita-seme batzuen gorabeherea aitatzen da, bertso-kantetan hasten dan gizon hordi baten ezpanetan. Honelan kontesturatzen dau pasadizua Fraiska neskame zerbitzariak: “Aita seme batzuk joan dira sabaira; aita katu andiaz, ta semea bere bai zerbaitakoan. Lo egiteko asmoz igon dabe, baina emon deutsa agureak kanteari. Soinulari eder bat dozu, ardaoz basa-basa eginda bere”. Eta bertso-kantetan hasten danean “agure hordia”, lehenengo koplako hitzak honeexek dira: “Aita semeak edanda dagoz / ama alabak jokoan. / Ostera bere egongo dira / soinoko zaarrak kakoan”.

Kopla zahar bategaz hasiera emonda, hurrengo kopletan kontatuko dan pasadizuaren sarrera modura. Herri-kopla zahar ezagun eta finkatua, hurrengo kantauko diran koplak barri asmatuak badira be.

Halantxe, kopla-kantu izatetik bihurtu dira erabiliaren porasuz errefrau edo atsotitz izatera. Eta gerora, aldaera diferenteetan banatu dira eurok. Azkuek honako aldaerak batu zituan bere bilduman. Bat: “Aita ta seme tabernan dagoz, ama ta alaba jokoan. Haren etxean ezta faltako erropa zaharra kakoan” (EY 1233). Bigarren bat: “Aita ta seme tabernan dagoz, ama ta alaba jokoan; ostera bere egongo ditun abarka zaharrak kakoan” (EY 1233). G. Garateren bildumak antzeko beste hau dakar: “Aita semiak tabernan dagoz, ama ta alaba jokuan, erropa zarra ezta faltako aren etxeko kakuan” (Atsotitz 394).

A. Zavalaren bilduman beste hau idoro dogu: “Gizona tabernan, andrea jokuan, berriz ere egongo dituk linaiak zokoan eta praka zaharrak kakoan” (EEZZ 1351).

Nafarroa aldeko antzeko errefrau batek ttunttun adjektiboaz seinalatzen ditu familiako guztiak: “-Aita ttunttun, ama ttunttun, ttunttun dun ere alaba. Oro ttunttun izaiteko, ttunttun behar du senarra” (Atsotitz 1234).

Jokoa eta edana ditu ardatz errefrau horrek. Eta bide batez gogora daigun jokoaren inguruan be, edanaren inguruan letxe, errefraurik asko dala. Ezagunenetarikoa, hau: “Jokoa ezta errenta; hobea da oilloa parrillan erreta” (A. Zavala EEZZ 1628).

Adolo Arejita