Dakienak dakiHizkuntza

ALA juntagailuaren erabil-eremuari munarriak ipinten

Posted on

0. Aurkezpena

Juntagailu hautatzaileen artean, edo orokorraz aparte hurrengo ezagunena dala, ala dogu. Erabilgune banango eta ondo bereziak bakotxak euki arren, bien arteko bereizkuntza sarritan lausoturik agiri dabenak, eta behar bada horrexegaitik, bereziena dogun honen ertzak eta munarriak garden erakustea eskatzen dabenak.

1. Ala juntagailua itaun perpausetako atze-marka bihurturik

Berez ala juntagailua dana, itaun edo galdera mota bereziak egiteko, perpaus horren atze-posizinoan lekuturik agertu ohi da sartalde euskeran, marka enklitiko gisa.

Edozein hiztuni jalgi leikiozan esaldiak dira honetarikoak: “Zer dinozu? Zoratu egin jatzu ala?”. “Matxalen ezkontzen da. Ez dozu jakin ala?”. “Bizi zara ala? Aspaldion zure barri barik gagoz eta…”.

Zein da ala hori itaun-perpausari atzean gehitzeak eransten deutsan informazinoa? Itaun-egileak itauntzen dan horren kontrako aurre-ustea daukala, itauntzen dan horren justu kontrakoa. Ez zatoze ala? itauntzen badeusku batek, gu bai joango ginalako uste edo sineste osoa daukalako egiten dau itaun horrelan; ezustekoa dalako berarentzat gu ez joatea. Harrituarena edo zurtz eginda dagoalakoa adierazoten deusku ala marka horregaz.

Ala perpausaren atze-marka gisa erabiltea ez da oraingo kontua, aspalditxutik datorren gramatika-joerea baino. Baina tradizino klasikoan hasten bagara azterka, ala atze-marka honen errastu handirik ez dogu aurkituko. Pedro Astarloarenean daukagu lekukotasun bat edo beste: “Zetako egin dau Jaungoikuak zerua, lastoz beteteko ala?” (Urteko Domeka II).

2. Ala perpaus edo gramatika-unidade biren erdiko juntagailu

Gramatika-unidade bi alkartzen dituanean ala juntagailuak, gehien-gehienetan unidade laburrak kidetu ohi ditu: izen edo adjektibo sintagmak, aditzondoak edo adizlagunak sarritan.

Gramatika unidade biren juntagailu izan arren, gehiago da bigarren osagaiaren aurre-marka, lehenengoaren atze-marka baino. Hau da, ala juntagailua bigarren unidadeari lotuago dago, lehenegoari baino. Horrelan ulertzen da hobeto, egitura banatzailea hartzen dauenean be, unidade alkartuen aurre-juntagailu izatea be, aurre egolekurako horretarako berezko joera nabari horregaitik.

Esangurearen aldetik, osagai juntatu biok aurrez aurreko balio semantikoa jagon ohi dabe sarri-sarri; ez beti antonimoak diralako, bata-bestearen aurkako esangurakoak diralako, ezpada aukera biak bateragarriak ez diralako: edo bataren alde edo bestearen alde egitea eskatzen da ala juntagailuaren bidez.

Gehien-gehienetan osagai laburrak alkartzen dituala ala markak esan dogu, izentau diran izen, adjektibo, adberbio edo adizlagun eredukoak. Eta perpaus mailako unidadeak bakanago gertatzen dira, eta bardin esaldi konplexuagoenak.

Tradizinoko testu hautu batzuen bidez on egingo dogu dinogun hau:

–Izen sintagmen alkarkuntza dogu ugarienetarikoa. Klasikoen ereduz: “P. Bere arimea ala gorputza jatsi zan linbora?” (Arzadun), “Nai dau eroan kapuza ta gorrea, ala ferreruelua ta sonbrerua?” (Mikoleta).

–Adjektibo sintagmen alkarkuntza be sarritakoa izan ohi da. Mikoleta beraren ereduz: “Zein ezpata, doradua, plateadua ala pabonadua?” (dialogoak).

–Adberbio edo adizlagunen alkarkuntza be egin leike. Hurrengo honetan aurkaritzazko mezuak aurrez aurre agiri dira: “Eskoatara ala ezkerretara egongo ete naz ni?” (Añibarro Eskulibrua).

Esaldi osoen lokarri izatea gehiago agiri da aldi modernoan, klasikoan baino. Halan Domingo Agirreren esaldi honetan, adierazpen-perpaus bat itaun-perpaus bategaz alkartzen dau juntagailuak: “–Bai, hori bai; baina bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. Ala ez al daki inok zuk Anjelegaz zerbait badozula?” (Kresala).

3. Ala egitura banatzaile edo distributiboen juntagailu danean

Egitura ohikoena: /Ala …, ala …/

Egitura banatzailea klasikoen artean ugariagoa dala esan lei, autore modernoetan baino. Sermoietako prosa erretorikoari ondo joakon egiturea dogu hau, berariaz bata bestearen hurrengo lerrokaturik edo zerrendaturik garantzen diranean kontzeptu diferenteak. Frai Bartolome idazlearen testuetan erraz idoro geinkez estilo honen testigantza adierazgarriak.

Ala juntagailua egitura banatzailean sarriago jazoten dala dirudi, zehar galdera perpausak alkartzen dituanean, osterantzean baino. Halango eredu bi: Bata: “Esango dogu alako kristinaua zoroa dala? Ala itsua dala? Ala gaiztoa dala? Ala fede bagakoa dala? Ez da erraz, egia esateko, pekatu mortalean Jaungoikoaren gorrotoan sosiguz jan ta lo egiten dabenari, ondo jagokan izen bat emoten” (Ikasik I). Bestea: “Ez dakit au zegaiti. Ala jentea berez auzilaria dalako, ala inoren auziagaz ondo bizi gura leukeen larregi dagozalako. Izan leiteke biakgaiti.” (Ikasik II).

4. Ala ez formula

Galde-perpausetan ohi-ohikoa da baietz-ezetzen arteko aukerak eskeintzea itaunean. Horrelako askotan perpaus bien edukiak berberak edo ia berberak dira, eta diferentzia nagusia aditzaren baietzaren eta ezetzaren artean aurkezten da.

Hori dala-ta, bigarren esaldiko osagaiak, osorik edo erdizka, eliditu egiten dira,eta esaldia laburturik gertatzen da. Halakoetan, elipsi horrek eraginda nagusitu ohi dan juntagailu formula ala ez izan ohi da. Maiztasunez lekukotua dan formulea gure tradizinoan.

Berbaz be, sarri eskatzen deutsagu norbaiti zeozeren gaineko ebatzi bat, itauna eginez bai ala ez. Edota: Bazatoz ala ez? Joango gara ala ez? Gure alde zagoz ala ez?. Ala ez formulearen aurrean etena dago, pausa bat, berez koma bidez adierazotea tokatzen dana, nahiz horretarako joerarik ez dogun gaur egun: Jakin gura neuke arrazoirik daukazun, ala ez.

Añibarroren lekukotasun bat: “nok segurutuko deutsue, danez au azkenengo misiñoa? Izango dan ala ez gerorengoa orain artu dozuen propositu ta onduteko gogo santua?” (LoraSorta). Mateo Zabalaren beste bat: “Imini zaitez astiro-astiro pensetan, zelan asi zan auzi ori, zeuri emon beutsuen, ala zeuk emon bazenduan; errazoerik bazeunkan ala ez” (Sermoiak II). Ohartzekoa da, esaldi bi honeek, eta honeen ereduko beste hainbatxo, zehar galdera perpausetan gertatzen dirala behin eta barriro.

5. Zehar galdera perpausen ingurunea ala juntagailuaren muinean

Juntagailu kategoria lez zaharra da ala. Baina erabileraz eta erabilgunez mugatua edo murritza, moduren baten, tradizinoan.

Ingurune oinarrizkoa, dudatzaka, bai-ez tipoko itaunetakoa da, eta goian aitatu dogunez, bai ala ez esapide barruan erabilia berariaz. Aukera moduan aurkezten dira itaun perpausan baietza dan ala ezetza.

Baina galde-perpausen ingurune zabal horren barruan, tradizino zahar eta klasikoko testuetara bagoaz, ala juntagailua agiri dan sintaxi ingurune nagusia zehar galdera perpausetakoa dala ohartuko gara.

Ondorio soil bi ateraten dira horretatik: bai-ez tipokogalde-perpausetako marka lez garatu izan dala ala gure tradizinoan, baina aldi berean menderakuntzaren barruan; hau da, aditzean -n menderagailua daben perpausetako marka izan dala nagusiro.

Frai Bartolomeren testigantza bi dakarguzan, dinogunari bermea emoteko: “Ez daki inok bere, zeruko aparteko abisua bagarik, pekatuan ala grazian dagoan, Jaungoikoaren adiskidea ala arerioa dan, salbauko dan ala kondenauko dan” (Ikasik I), “beti dago bildurra, gizonaren edo emakumearen berbak egiazkoak ala guzurrezkoak ete direan” (Ikasik I).

Bide batez gaineratu daigun, semantikaren aldetik esaldi bixeok esanguraz antonimoak diran kontzeptuak alkartzeko hautatu dauela idazleak ala juntagailua.

6. Ala juntagailua itaun perpaus zuzenen barruan

Itaun perpaus zuzenetan, zeharrekoetan baino urriagoa da, tradizinoaren ikuspegitik behintzat, ala juntagailuaren erabilera. Euskera zaharretik lekukotua dago, halanda be, baina pentsa daiteke, denporan aurrera egin ahala, ugaritzen eta nagusitzen joan dala berau.

Eredu bitzuk eskainiko ditugu; batzuk izen sintagmenak, eta bestetzuk adjektiboenak.

– Izenak alkartzen agiri da Arzadunen itaun-perpaus honetan: “Bere arimea ala gorputza jatsi zan linbora?”. Edo frai Bartolomeren honetan: “Itanduko baleustee zein direan txarrago, bigirea ala saraua?” (Olgeeta). Edo Juan Jose Mogelen beste honetan: “Eta dira batzar oneek gaubelak ala bigira zorigaiztokoak?” (Etxeko Eskolia).

– Adjektibo sintagmak alkartzen agiri da Mikoletaren itaun-perpaus honetan: “Zein atsegin dau, zuria ala gorria?”.

(…)

7. Beste ala batzuk tradidizinoan

Ala juntagailua eta ahala postposizinoa sintaxiz eta esanguraz guztiz bestelakoak dira, nahiz batzuetan biak bardintzeko joerea dogun. Zergaitik? Homonimoak diralako. Pirineoz beheitiko tradizinoan bardin ahoskatu eta idatzi be izan dira ala juntagailua eta ahala (ala) ahalera-hitz mugatua.

Berbaz ‘kosta ala kosta’ dantzugunean, gaztelaniazko “cueste lo que cueste” adierazoteko, ahal ahalerazkoa darabilgu mugatzaileaz, kosta ahala kosta, eta honetan lez beste antzeko egitura batzuetan be aditz partizipioari darraiola ahala horrek: jan ahal jan, edan ahal edan, edota pluralez erabilita: esan ahalak esan, emon ahalak emon darabilguzan antzera.

Bada bigarren berba homonimo bat be, hala idatzi ohi dogun adberbio modala. Distribuzino edo banatzaile egituraz nola… hala… juntagailuak darabilguzanean, jardungai dogun ala juntagailuaz zerikusi bakoak dira. Nola ikasi, hala irakatsi edo nola irabazi, hala galdu esaldiak izan daitekez dinogunaren adibide.

8. Alkar gurutzatze eta okerbide ohikoak

Aspaldion ugariena dan okerbidea, ala juntagailua adierazpen perpausetan erabilten danekoa da; “hautakari” balioa, bai ala ez aurrez aurrekotasuna gordeten dabela eta beste barik, gramatika-unidade juntatuak ala juntagailuaz alkartzekoa, galde-perpaus ez diran inguruneetan be.

Gogoratu daigun, adierazpen perpausetako juntagailu hautakariak neutroa izan behar dauela, orokorra; eta jagokon marka edo juntagailua da.

Arrazoi diferenteak egon leitekez, edo ordez ala erabilte horretan:

–Batetik, ekialdeko hizkeretan ala juntagailuak izan ohi dauen ‘orobatasun’ zentzuaren kutsaduraz gertatu dala susma daiteke, sartaldean zein eta nahi(z) juntagailuak beteten daben eremua.

–Bestetik, adierazpen eta galdera perpausen artean izan dan tradizinozko banaketa horretan neutralizazino joera bat sortu izana.

Formula batzuetan hedatu da garbiroago joera hori. Horreetarikoak dira:

  • Bai ala bai, gazt. ‘sí o sí’ formularen ordain gisa. Euskeraz emotekotan erdal formula hori: bai edo bai esan beharko genduke, adierazpen perpaus garbia dan ezkero, eta ez galde-perpausetako ala juntagailuagaz kutsatu.
    • Bi ala biak egitura be asko zabaldu da: bata eta bestea, gazt. ‘ambos’ adierazoteko. Ez da gomendatzekoa: bi-biak, bixeak edo bestelakoren bat erabiltea hobe genduke.
    • Euskadi ala hil” politika eslogan gisa erabili izana; aldi baten behintzat.

Desbideratze horren erakusgarri diran esaldi batzuk gehigarri modura, hortik-hemendik jasoak:

Sinestuko dozue ala ez, baina halan izan zan” (2015-02-24).

 “Bi aukera daude ekitaldia egiteko: Donostiako Udala ala Gipuzkoako Foru Aldundia”.

“Bilkura nagusian Gasteizen ala Iruñean egin liteke” (2015-11-09)

“ ‘Nafarroa, orain ala inoiz ez’, izenburupean, Nafarroako aldaketa politikoari bide eman dioten alderdietako kideekin solasaldia. (2016-11-11)

Iturriko

2019-07-30