Dakienak dakiLiteratura

Alejandro Larrakoetxea Legoaldi (Zeanuri 1892-Markina 1976)

Posted on

Alejandro Larrakoetxea Zeanurin jaioa dogu. Karmeldarra izan zan, eta fraile izena Aita Hipolito hartu eban. Larrean ikasi eban lehenengo, eta Gasteizen abadetu 1916an. Zuzenbide kanonikoko irakaslea izan zan Begoan, Calahorran eta Erroman. 1936an bitartekari egin eban EAJko diputatuen eta Vatikanoaren artean. Zeregin horren barri Euzkadi y el Vaticano izeneko liburuan geratu da.

Karmeldarren ordenako Nafarroako buru izan zan 1948-1951 eta 1957-1960 urte bitarteetan, eta gero Vatikanoko artxiboetan ikerlari ibili zan.

Euskeraz idatzitako lan batzuk itxi ebazan, ederrak izan be, danak. Grimm anaien ipuinak jakina da tradizinoko ipuinei lehendik ez euken entzute ona emon eutsiena. Legoaldi be zalea antza, eta ipuinok euskeratu egin ebazan eta Grimm Anayen berrogetamar ume-ipuin izenburupean argitaratu Bilbon. Ez dauka urterik baina 1930-40 urte bitartean argitaratu ei zan.

Hona Mikel Zarate zanak zer dinoan liburu honeri buruz: Itzulpena da, baina euskeratzen eta euskaldunduten ondo daki Legoaldik. Ederto be ederto darabil Bizkaiko euskerea, bere Arratiako usain gozo eta guzti.

Baina hori ez zan jorratu eban arlo bakarra. Horrez ganera Euzkadi eta Karmengo Argia aldizkarian be hainbat artikulu idatzi ebazan, gizarte egoera, erlijinoa eta eleiza, eta beste arlo batzuk gai hartuta.

Donostian argitaratu zan, 1927an Andra Mariko jaietan Zeanurin egin eban hitzaldi bat. Eta Cervantesen La ta Cornelia lanaren itzulpena be egin eban.

Hona Grimm anaien ipuinetako bat.

Zein nagiago

Nagusi batek iru seme eukazan. Irurak bardin maite ebazan, eta ezekian nor izentau bere eriotza osterako Nagusitzarako.

Ilteko garaia eldu jakonean, deitu ebazan oe-aurrera ta dirautse: Seme maiteok, adierazo nai dautsuedan zer bat jaukat barruan oldoztuta: zuon artean nagiena, axe izango dok nire ostean Nagusi.

Ta erantzun eutsan zarrenak: Olan Nagusitzea neurea da, ni ba, nagiagoa naz nagiagoa! Oian lo natzanean, begietara tantakaden bat jausi badakit, eztot kenduten lotan jarraitutearren.

Erantzun eutsan bigarrenak: Aita, Nagusitzea neurea da, nagiagoa naz ni nagiagoa! Sutondoan berotuten nagoanean, lenago izten dodaz beatzak erretan, bernak atzeratu baio.

Esan eutsan irugarrenak: Aita, Nagusitzea neurea da, ni bai ba naz nagia. Urkatu bear banindue eta sokea saman baneunka ta norbaitek sokea ebagiteko aiztoa eskura emongo baleust be, lenago itxiko neunke neure burua urkatuten, eskua sokaraio jaso baio.

Aitak, au entzun ebanean, esan eutsan: Kontxo! I langorik etxagok, mutil; eu izango az Nagusi.