Alperren inguru errefrauen emoia ugaria eta ia akabubakoa da. Kontzeptu eta irudi gitxi batzuetara mugatuko dogu jarduna, labur zurrean.
Konparantza bidez ezagutzera azaltzen da sarri alperraren izakunea errefrauetan. Zetariko konparantzak, ostera? Hara banaka batzuk:
– Lanik ez egitearen leloa haizeratzen da alperra dala-ta errefrau batzuetan. Behargin finaren kontrakotzat aurkezturik: “Alperrak, ein bidauenik (behar dauenik) ez. Biergiñek, ein biher eztauenik ez” (Atsot 585).
Baina askotan kontrako barik, lana dala-ta beste barik. Lanari arin igarri eta atzea emoteko borondatea erakutsi gurarik. Hori da ugarien agiri dan leloa. Askotariko atxakiak bitarte dirala. Batzuetan, lan gehiegiren atxakia: “Alperrak beti lan asko” (Atsot 600). Edo lanean hasi baino lehen, lanari neurria hartzeko buruari hazka egitea: “Alperrak beti, nehiko dala” (Atsot 579). Edo lanik topau ez gurago izatea: “Alperrak ezteu inoz bierrik topetan” (Atsot 590), edo beste era honetara esanda: “Alperrak ez du lanik ikusten” (Atsot 589).
– Bide laburra, atajua, bilatzea izan ohi da alperraren izaera-agergarri bat. Batzuetan, birritan pentsau, ezertan hasi baino lehen (goian esan dana): “Alperrak eitten dabelako bi pentseu, birritan pentseu” (Atsot 584).
– Eskuak fin izatea izan ohi da alperraren kanpo-igargarririk ezagunena. Eskuetara begiratu eta ikusi ea esku eta atzamarretako azala latz edo zal daukan, ala fin eta leun. Halan esan ohi da: “Alperrak eskuak leun” (Atsot 586). Edo: “Alperrak eskuek fin ta boltsie txikol” (Atsot 587). Boltsikoa txikol izatea, ‘tximur eta lehor’ izatea lez da. Bigarren honetan mezua bikotxa da: kanpoeder itxureak ezin ezkutau, ezin ostendu, eztasuna edo pobrezia: diru-narrua edo poltsikoa tximurtuta eukitea.
– ‘Zuri’ koloreagaz sarri buztartzen da herri-berbakeran alperra. Mendatan (eta Gernikan) behin baino sarriago entzun dot esaten: “Beharrean zuria izan da hori beti”. Konparantza gisa baturik dakar G. Garatek: “Barezuria baino alferrago (AN-gip), zuri samarra da hori (G-azpeitia) (Erdarakadak). Idazle biren testigantza gehituak. Arrese-Beitiak bertsoz dino: “Baina dakust munduan nagia ugari, / diruzko erreketan eginaz igeri. / Zeu bere beti izan etzara zuria? […] Nondik deabru halan aberastu zara?” (Ama.Euskeria). Eta Azkuek azalpen garbia arrazoiturik: “Alperra zan, edo batzuk esango leukeen zuri utsa, itxia, lanari inoz ekiten ez eutsana” (Euskalzale 1898). Eta errefrau modura be ezaguna dogu zuriaren irudia. “Alperra beti lan txuri” (Atsot 566).
– Izerdiagaz, izerdia botateagaz zerikusia daben atsotitzak be badira. Sarri entzun izan dan esapidea da kamineruaren izerdia destainaz iruditzat hartzen dauena. Baita errefrau modura be: “Alper batek esana: Nik izerdie oian baino ez dot emoten” (Atsot 535).
Eta isurkarietan euria be aitatzen da batzuetan. Izan be, euria hasten dauenean, atxakia hoberik ez ei dago alperrarentzat, zereginak (soloko beharra edo) bertanbehera ixteko. “Zelaian lanien ari dan alperrari erortzen zaio aurreneko euri tanta” (Atsot 551).
– Emoile eskasa eta ziskuestua izatearen famea ohi dau alperrak. Urri dabilenari kendu, norbera ondo biziteko: “Alperra agintzaile, ez daukana emaile” (Atsot 565).
– Osasun arrazoiak be erraz atxakiatzen daki alperrak. Halan: “Hezur nausiko mine du alperrak” (Atsot 540).
– Nekea, atsekabea, gehiagoren ezinean ibiltea ohi dira alperraren atxakietariko batzuk. Mozkorragaz bardindurik kasu batzuetan: “Alperra beti nekean, mozkorra beti egarrik” (Atsot 567).
– Ondo biziten jakitea eta itxura ederra jagotea ei dira sarri alperren ezaugarriak. Gazte buru egitea, berbarako: “Alperra beti gazte” /Atsot 569).
– Pobreziagaz loturik be aitatzen da alperra. Bertso taiuaz eregiriko honetan: “Alperra izatea ezta bapere hobe. Nobere faltan bere izan leite pobre” (Atsot 574).
– Jaiagaz eta alegrentziagaz zerikusia daben errefrauak be ez dira falta. Baten berbak: “Jai, jai, jai! Alperra beti alai” (Atsot 548). Gaztetasunagaz loturik: “Asteak balira jai, gazte alperrak hori nahi” (Atsot 1397).
– Andra alperra, gizon alperra baino sarriago agiri da errefrautegian. Baina gizonentzakoak be ez dira falta. Eta kanpoeder itxureaz loturikoak ezagunak dira, bai gizonentzat, bai andrazkoentzat badira: “Andre ederra, andre alperra” (Atsot 826) eta “Gizon ederra, gizon alperra” (Atsot 3231).
– Erropa zaharra, soineko zaharra aitatuko dogu azkenik. Dantza-kopla ezagun batzuetan aitatzen da kantuz erropa zaharra kakoan, alpertasunaren irudi nabarmen modura. “Aita-semeak” hasiera dauen kopla-kantu ezagunean aitatzen dan berbera darabilen esakuntzea; beti be emakumearen irudi onaren kaltetan. Dino esaera honek: “Andra alperra dauen lekuen erropa zaharrik kakoan ez da faltako” (Atsot 817). Eta kopla-kantuan, bertsino baten honelan esaten da: “Aita-semeak tabernan dagoz, / ama-alabak jokoan. / Ostera bere ez da faltako / erropa zaharra kakoan”.
Ildo berekoa dogu beste herri-kantu ezagun baten Peru dalakoaz kantetan dana: “Ai Peru, Peru, Peru! Zu beti alperra, sarri izango dozu alkondara zarra” (Atsot 11268). (cfr. EHob 2025-10-92).
Adolfo Arejita




