Dakienak dakiHizkuntza

“Antzorako astoaren sanjea dauko”

Posted on

Sandxea zein esanguraz agiri da esaera horretan? Asier Muniategi jaunak dinoskunez, bat-bateko gaixoaldi edo atake txarra adiereagaz. Artian horrelan esaten ei da, pertsonakaitik. Esaterako: Sandxeagaz dago: aldikada txarrak jota, burutaldi txar baten eraginpean.

Sanja berbea sartalde euskeran bizirik da oraindino, baina be bai (L, BN), nahiz eta aldaera diferenteen itxuraz: sanja, santxa, saintza, zantxa.

Gaur egungo euskeran, landuan ez eze berbeta mailan be, txanda aldaera nagusitu da, eta sanja baztertu samar geratu, herriko berbetan hondino bizirik dagoan lekuetan izan ezik.

Zer gehitu daiteke, sanja berbea dala-ta? Ez da asko entzuten gaur, lehen sarriago entzuten zan. Batez be gazt. ‘vez, turno’ esateko, edo denda baten edo ilara baten zain gagozanean. Esan daiteke: Noren aldia da? Edo: Noren sanjea da? Edo esan daiteke beste era batera: Nor da hurrengo? Edo: Nor da behin?

Niri Lekeition subertau jat berba hau sarri entzutea: Noren sanjea da orain? Nor dago sanjan? (Lekeitio). Baina klasikoetara bagoaz, sarritxoago irakurri leiteke; ez asko, edozelan be. Hara Añibarroren Esku-librua obratxoaren 1821eko argitaraldiaren sarreran; geure eretxian, Mateo Zabala bilbotarraren eskuz eginiko berridazketan. Dino: “Beinik bein jakina da, eta itsuak bere baakusde eze, inori okerrik eztakarroiola. Eta leen baino obexeago eta apainduxeago bigarren santxa onetan urten dagiantzat, eskualdi barri bat emon izan yako” (Añibarro EL 1821).

Bigarren adiera bat be badau sanja izenak, aurrekoaren hurrekoa: boladea, abagadunea, erea, aldia; gazt. ‘oportunidad’. Aulestiko berbetan baturiko esaldi Sanja ona daukagu oraingoan. Sanja txarra subertau jaku. (Jabi Onaindia. 2021-II). Idazle klasiko baten luman, J. A. Mogelenean: “Ipuin onek erakusten deutsee alperrai, zelan bear egin bear dan bere sanjetan gosia ilteko, edo zer jan gero eukiteko.” (Ipuinak).

Adberbio modura sanjaka erabilten da, ‘behin banan, lantzean bat, bakotxean bat” adieraz, gazt. ‘alternando, por turnos’.

Eta aditz kategorian sanjatu daukagu, euskera jasoan gaur egun ‘txandakatu’ esaten danaren balio berberagaz; hau da, ‘lantzean batek egin’, lehenengo batak eta gero besteak zer edo ha egin; gazt. ‘alternar, relevar’.

Adolfo Arejita