Dakienak dakiHizkuntza

-ar / -tar / -ztar

Posted on

Lagun bat nongoa dan esateko, nondarra dan adierazoteko, leku batzuetan ztar atzizkia erabilten da: zeaniztarra, sopeloztarra eta abar.

Lehengo egun baten irakurri neban hedabide baten honako lerroburua: “Segurtasun neurriak. Ikastaro sondikoztarraren berrikuntza”. Ez da erraz ulertzeko titular horren esangurea, baina lotu nakion sondikoztar berbeari, gainerakoa lagata.

Uribe merindade zaharreko herrietako herritarrak nongoak diran esateko, inguru horretan -ztar esaten dabe bertako eta hurrekoek: igorreztar, zeberioztar, zamudioztar, loiuztar, getxoztar, berangoztar, sopeloztar edo barrizkoztar, esaterako. Neure Morgako berbetan be kanpoztarra esaten ikasi neban, kanpotar orokorragoaren ondoan.

Baina zalantza handiak ditut, guztiontzako erabilera landuan, aldaera horri lehentasuna emon behar ete jakon. Herrikoak edo eskualde horretakoek bertakoentzat idazten dabenean, ondo deritxat. Baina entzule edo irakurle multzo zabalagoari zuzentzen gaiakozanean, hobe dogu -ar edo -tar atzizkiez baliatu. Izan be, behin Uribe aldetik Urdaibai alderantz joan ezkero eta handik atxina ekialderantz, euskerearen beste eremu osoan, ez dago -ztar horren errasturik.

Armintzako bati armintzarra dala esango jako, Algortako bati algortarra edo Larrabetzuko bati larrabetzuarra. Eta Hego Uribera jo ezkero be bardintsu, galdakarra, lemoarra, dimarra edo igorretarra hitzak erabiliko ditugu bertako biztanleentzako izendapen normalen gisa.

Goiko lerroburu horretara atzera etorrita, euskera batuan, ikastaro sondikoztarra irakurtea bitxi eta gogor egiten jat niri. Esaldi horretan, gainera, atzizkia bera, –ar zein –ztar izan, sobran dagoala esango neuke. Kasu horretan, mezua ondo ulertuko bada, Sondikako ikastaroa, sondikarren ikastaroa edo sondikarrentzako ikastaroa mila bider argigarriago dirala erabiliko neuke.

Adolfo Arejita
Lau haizetara