Dakienak dakiEtnografia

Aratuste janariak

Posted on

Aratusteetako janariez itaun egin danean hor eta hemen, lekukorik gehienek aldi horretako janari berezitzat aitatu dabena tostadak izan dira. Baina gehitu daigun, tostadak Gabonak amaitu osteko beste egun seinaladu batzuetan be egiten dirala: Kandelarioetan, esate baterako.

Horrez ganera, leku askotan Karnabaletan jateko gordeten ziran txarri-patak, belarriak, musturra e.a. Gero etorriko dan barauzaroari kontrajarrita, inauterietan asko jaten da, eta ez neurriaren aldetik bakarrik; janari koipetsuak eta astunak izaten dira, baita gozokiak be.

Puntu honetan, inauteri-egunak ezeze, aurreko ospakizunak be kontuan hartu behar dira. San Anton, Kandelario, San Blas, Santa Ageda janariak bedeinkatzeko eta eske-errondak egiteko egunak dira. Bedeinkatze horren helburua ez da besterik, osasunarentzat onuragarri izan daitezala eta etorkizunean janaririk eza ez dedila gerta.

Inauteri egunetan, hau da, eguenetik martitzenera bitartean, lurralde guztietan ohikoak izan dira eske-errondak. Halakoetan etxeetan txorizoak, arrautzak, txarrikia eta antzeko sariak emoten eutseezan errondariei, afari on bat alkarregaz egiteko.