Dakienak dakiHizkuntza

Arratiko Arteako herrian emakume-alkarte bat sortu ei dabe, eta izena ipini ei deutsie: “Kafrangak”. Zer esateko kafranga berbea?

Posted on

Arratia aldean, herri bateko andrazko talde batek alkarte bat fundau ei dabe, eta izentzat Kafrangak ipini, hatan be. Andrazkoen ahalduntze aldi honetan beren-beregi hauturiko izena, baina beharbada aurretiko belaunaldiei musturra okertu eragingo eutsena.

Kafrangea singularrez, edo kafrangak pluralez, Arratia eta Nerbioi aldeko herrietan izaera jakin bateko andrazkoentzat erabilten dan kalifikatiboa da. Amak alabeari esatea: Kafrangeori! Edo urtentxo azarriak diran emakume moduai esatea: Kafrangak halakoak!

Gizonezkoen ikuspegitik gatxereste usainagaz erabili izan dan ezaugarria; lehenagoan behintzat. Esan onekoa ez dan emakumea, kontra egiten dakiana, gizonaren esanari jarkiten jakona, gure gizarte tradizionalean kafrangatzat epaitua izan da.

Hitz horren sustraia ez da hain garbia. Baleiteke oinean cafran izen zaharra egotea.Erdi Aroko merkatu edo azoka munduan, saldu-erosian erromantze zaharrean aipu dan izena, gaztelaniaz “azafrán” eta arabieraz “zafaran” deritxon hitzaren aldaera. Landara-izena azken baten, kolorea emoteko eta espezie modura estimazino handia eukan landarea.

Argiagoa dirudi hitzorren -nga atzizkiak. Gure eretxian, emakumeei buruz sartaldean sarri darabilgun atzizki txikigarri bera da, eta beste eratorri gehiagotan be ezagun dagoana. Nork ez ditu entzun esaten noiz edo noiz: bastanga, urdanga, zoranga, putanga eta halakoak emakumeei buruz, nahiz eta atzizki horrek beste eratorri batzuetan halako konnotazino ezesgarririk euki ez: luzanga, berbarako.

Baina ze beste berba darabilgu kafranga esaten ez dogunok, emakume tipo batzuk esangura beretsuko adjektiboz kalifikatzeko?

Gangarra da hurreko esangurea antzemoten deutsadana. Leku batzuetan -ona atzizkiaz berrindartzen dana, “gangardona” esanaz. Hatarikoak lirateke, kasurako, Domingo Agirrek Kresala elabarrian aitatzen dituan Tramana eta Brix arrain-saltzaileak. Dino: “—Zeri barre egin behar ete deutsa gero berorrek, zantar zikin horrek? Brix izango zara zu beti be, herriko haize zoro gangarra. Horraitiok o…” (Kresala). Eusebio Mª Azkuek be bere kopla bat holan ondu eban: “Oirik bako ezkontzea, / Maritxu gangarra, / da biziten asteko / guztiz modu txarra” (Parnaso). Felipe Arrese-Beitiak be maisuro darabil berba hau: “Zelan dinotsut, zelan, o! dama gangarra!, / zabiltzana kanpoan iji ta aja, / bertan sarturik larri, bildur ta ikara, / ilda bapaten jausten lurrera etzara?” (Euskalzale 1897, 109b.). Eta R. M. Azkuek idatziak dira ondokoak: “Ta etzan nahikotu edo satisfazinotan sartu, beste neska gangarra beragaz eroan artean” (Euskalzale 1897, 294). Erromeria ostean neska-laguntzen egiten eben mutilak zirala-ta hara zer zinoan lehenago Mateo Zabala predikariak: “edozein neska gangar, zarabankada, zorapillogaz lagunduten” (Irun).

Urtena dala, edo urtentoa dala be esan izan da ausartegia dan bategaitik, neska zein mutila izan. Goiz urtena be esaten jako horrelakoari hizkera batzuetan (G).

Nabarmena be esaten da, bardin da neska zein mutil izan, urtenegia dala esateko. Nabarben hutsa, nabarmen garbia… Añibarroren lumaz: “Burlaz eta barrez nabarben okerrak, belauniko jarririk, eskumunak egin” (Escu liburua 1821). Baina erdialdeko hizkeretan nabarmena eta nabarmendu esangura neutroaz erabilten dira, pertsonakaitik ez eze, gauza, egoera eta abarrekaitik be bai.

Karpanta dalakoa be esaten da Gipuzkoa aldean emakume modu horri buruz. Azkuek Tolosako hizkeran batu eban, eta esangura hau emon: “descarada, mujer desenvuelta”.

Ozarra eta mutiria dala esan ohi da Iparraldean eta Nafarroan arpegigogor edo narrugogorra danagaitik.

Lotsabagea hitz markatuagoa da aurrekoak baino. Emakumeentzat gehiago erabilten da berbeta batzuetan, gizonezkoentzat lotsabakoa erabilten dan modu-moduan: Markinaldean, Urdaibai aldean e.a. Baina lotsa berbea beste hitz alkartu edo eratorri batzuetan be emoi handiko izena da. Aspalditik datozanak dira: lotsa txarrekoa, lotsa gitxikoa, lotsa gazakoa, lotsa galdukoa eta halakoak. Lotsa gitxikoa dala bat esateko, bardin da neska zein mutil izan, “lotsarik ez errespetorik ez daukala” be asko entzuten da.

Aurreko mendeetan, batez be XVIII-XIX. mendeetan sexu kontuari lotuta erabili izan dira sarri horrelako berbak, berariaz sermoilarien hitzetan.

Entzun daigun, Mateo Zabala bilbotar idazle predikariak, zer idatzi eban XIX. mendearen 2gn-3gn hamarkada inguru horretan, bere moral estu-zorrotzetik nasaiegiak ziran emakume moduak zirala-ta: “Esatea, kontu egizue, neska gogoarin, zorapillo, zarabankada, lotsa-gazako edo galduko, nogaz gura dabilen bateri, zantarra, urdea, amabargoa, elexosteiko emaztea, ezta pekatu anditzarrik izango, eta etxako orregaiti arpegia gorrituko» (Irun).

Erromeria girokoa da beste hau be: “Neska urten, zorapillo, zarabankadea, peribit, emon bear deutsazu bide deungea zeure irri-barreakaz, edo barre zantzoakaz, zeure berba arin ernariakaz, edo nasaiakaz alango amesik ez eban mutilari?” (Jerusalen)».

Amaitzeko, andramaistra izena gogorazo nahi dogu bide batez: balio positiboz emakume edo neska gazteei buruz erabilia: ebatzia, zorroztasuna, buru zolia eta aginpidea erakusten daben emakumeei buruzkoa. Ondarroan, Urdaibai aldean eta beste inguru batzuetan bizitasunez erabilten dan hitza.

Adolfo Arejita