Dakienak dakiHizkuntza

Arraunean, erramuetan

Posted on

Estropadak indarra hartu dabe gizarte maila guztietan Euskal Herrian barrena aurtengo udan, eta gailurra jo dabe irail honen 14an Donostiako estropadak eta ikurrin preziatua medio dirala. Bizkaian ez gitxiago, Bermeoko Urdaibai arraun-taldeak estropada horregaz iazko urterik euki dauen arantzea akabuan be kendu ahal izan dauelako, ikurrina irabazita. Hirugarrena legez, laugarrena berez. Bermeotarren esanetan, bulegoetan beste batzuk irabazi daubie, baie uretan, uren ganien, geuk bermiotarrak izan garie irabazi dogunak.

Kontuak kontu eta berbea berba, atxakia ederra kirol eta jarduera honen euskerazko berba batzuk gogora ekarriazoteko.

Euskaldunak arrantza kontuak ez zituen berez ikasi, segurutik Europa iparraldeko itsas hegi herrietako arrantzale edo itxastarraakandik baino, eskandinabiar edo dana dalako. Edozelan be, artzantzan, nekazaritzan, abere eta pizti izenetan daukagun beste berba zahar, jatorriz geure edo geuretartzat ditugunak ez ditugu maila berean itsas lexikoan. Hartuak, jasoak ditugu itsasgintzako terminorik gehien-gehienak, orohar. Ez beharbada arrain, *arrani zaharrago batetik datorkena, baina portu, tala, moila, txalupa eta garaitiko asko eta asko bai.

Estropadak izan ditugu autu oraingoan. Estropadea edo estropadak, itsasoan arraunlari batek edo talde batek zeinek arinago egin dazaugun kirolari deritxagu; berba hori kirolaz loturik daukagu edozein modutan be. Orixe idazleak Euskaldunak poemategian arraun-joko erabili gurago izan eban gaztelaniazko «regata» adierazoteko: Arraun-jokuak, ikuskarririk / ikuskarrien, irtera, zinoan berak Euskaldunak poemategian.

Estropadan darabilezan itsasontzi luzangai trainuerua ohi deritxo. Gaztelaniaz «trainera» orohar, baina «sardinera» izena be ezaguna da. Arranontziak dira berez, baina gaur egun kirolerako darabilezanai deritxe berariaz horretara. Domingo Agirrek Kresala-n honetara deskribatzen ditu: nasa ondoan, azkenez, zirauna legezko saretxalopa edo treineruak, me-meheak eurak, lirain, leun da guztiz polito eginak.

Traineruan doazan arrantzale edo kirolariai arraunlariak edo erramulariak ohi deritxe. Jarduereari berari: arraunean edo erramuetan. Egin aditza lagun dala sarritan. Ahalik eta legor aldera azkarrena arraunean egitea otu zitzaion, Anabitarteren berbaz (Poli 36). Arraunak uretan mogitzeari arraunai eragin: Hainbat ordu ta ordutan arraunai eraginaz (Erkiaga Arranegi 77). Beste esamoduren batzuk be badira: arraunak bizkor erabili, arraunak dantzatu eta gogorregi astindu ezkero, hausi be bai inoiz.

Arraunetan egiteari boga egin edo bogatu be esaten jako, erdarazko mailegua erabilita. Baina gure itsastarrek, Ondarroako kantu ezagunak lez, berba horrexeri hartu deutsie jera handiagoa: Boga, boga, marinela, / joan behar degu urrutira, / bai Indietara Iturriagaren alegietan be antzera agiri da: Dira, Inazio, zure anaiak / txit marinel handiak, / arraunak / bogatzen dakitenak.

Arraunlari taldea gidatzen dauenari patroia esaten jako batez be, arranuntzietakoai lez. Baina lemazain be ondo berba polita eta aditua da, lemeari eusten eta trainerua gidatzen dauen morroiari (edo andrazkoari) deitzeko. Arraunlariak, arraun-aulkian jesarrita doaz, lemazainari begira; hau aurrera begira eta talde osoa atzera begira, euren arraunai atzerantz sendo eragiten deutsela. Karramarroak lez beti atzeraka itsas herrietan esan ohi danez.

Lemea zuzen eroatea hil edo biziko kontua zan lehengo txalupa eta ontzietan, barrukoek bizirik urtengo baeben, endemas itsaso haserrea egoanean. Egoki gogorazoten deusku S. Mendiburu oiartzuarrak bere idatzietariko baten: Ontzi-lema galtzen den aldian, […] arkitzen dira ontziko gaisoak eriotz izugarriaren atzapar gogorrean.

Lemea ezkerretik eskumara mogiduteari abor-estibor deitzen deutsie Ondarroan. Aborra da ezkerraldea eta estiborra da eskumaldea. Erdaratikoak izan arren, euskeran ondo sustraituriko berbak. Lehenagoko ontzi zaharretan zuzenbidea asmateko erabilten zan lemeari lemakanea esaten jakon lema bakarra.

Bermeoko euskeran bada beste berba bat haizeak atzetik joten dauela esateko: poparien, poparean euskera jasoan. Bizkaiera zaharrean hain bereizgarri eta bitxi egiten dan -rean ablatibo zaharreko atzizki eta guzti.

Badira esaerak be, eta ez gutxi, arraun egitearen aipua dagienak, zuzen edo zeharbidez. Bat hauxe, Larramendik dakarrena: Arraun eta bela, gaztelaniaz «viento en popa a toda vela» esaten danaren antzera, bizkor, azkar adierazoteko. Polita da ondarroatarren ahoan ezaguna dan beste esaera hau be: «Arraunean boga egin behar da (aurrera) eta ez zixe (atzera)». Edo J. A. Uriarte Arrigorriagako seme eta frantzizkotar idazle bikainak batu eban errefrau hau: «Edozein da pilotu, eguraldi ona danean».

Hurrengoan gehiago eta hobeto.

Iturriko (2014-09-19)