Dakienak dakiHizkuntza

-ARTE atzizki eratorlea: BasARTEtik jenteARTEra

Posted on

Arte ezaguna eta balioanitza da euskeran berba bakun modura. Izena danean, espazio kontestuan batzuetan, eta askoz sarriago denpora adieraz, “bitarte” esangurea harturik. Espazio ingurunea dauenean, tarte modura indartu ohi da: “Tarte horretan ez dago lekurik inor sartzeko”. Eta denpora balioaz: “Arte horretan ez neban ikusi”.

Baina arte postposizio lez indartu da askoz gehiago, denpora esparrurako ia beti; batzuetan, holantxe soilik, beste batzuetan deklinaturik: artean, artera, arteko, artetik, arteino.

Espazio eremuko izen modura, arte, bakarrean baino askoz ugariagoa da egitura konposatuan erabilirik, berariaz bigarren osagai modura. Lexiko arruntean baino askoz gehiago, onomastikan da ezagun -artehorren presentzia. Hainbeste hitz ditugu, leku-izen moduan edo deitura-izenetan untzeturik geratu diranak.

Ur, erreka, ibai edo osinak geografia erreferentzia dirala garatuak dira beste batzuk: Ugarte sartaldekoa edo Uharte ekialdekoa (ur), Errekarte (erreka), Lasarte (lats) edo Osinarte (osin).

Etxe edo eraikuntza-izenak ardatz hartuta garatuak dira Etxarte (etxe), Olarte (ola)Hatx edo harri ointzat hartuta garatuak dira Atxarte, Arrarte langoak. Mendia dogunean, mendarte. Bidea daukagu Bidarteizenaren oinean. Pagoa daukagu Pagarte izenaren atzean. Eta baso generikoagoa, Basarte izenaren oinean.

Arte izena aurrean dala garatua dogu Artekale (Gernikakoa, kasurako) ezaguna, Bilboko kasuan Artekalle(Bilbokoa); lehenago, izen arrunt modura erabili izan diranak: Artekalea, Artekallea. Euskera modernoan, Artekale zaharra Erdiko kalea bihurtu da leku batzuetan (Gernikako kasua).

Baina atzizki eratorle gisa bizi da, batez be, –arte hitza, eta horixe da idatzi honetan azaleratu nahi doguna. Eta eratorkuntzan darabilgunean, balio barriak irabazi ditu; “bitarte, tarte” adierakoak barik, beste modernoago batzuk dira, euskera bizian jasan dauen hedakuntza semantikoaren bidez garatu izan diranak.

Multzotasun balioaz, kolektibotasun esanguraz garatu da –arte atzizkia gure lexiko arrunteko berba batzuetan, ez dogu esango ugaria danik baina. Hau da, -tza atzizkiaren eremu hurrekoan, eta horren paraleloan esan daiteke, hitz batzuei erreparatuta. Halantxe erabilten ditugu basatzan zein basarteanlupetzan zein lupetzarteanharritzan zein harriarte baten, sasitzan zein sasiartean.

Multzo nahasia, unitateen banakuntza bakoa adierazoten dau gehiago, beste ezer baino, natura-izenakaz darabilgunean.

Landaretzan murgiltzen bagara, eta basoa hartzen badogu, arboladi multzoa dan aldetik, basarte bihurtu da. Laharra baino besterik ez dagoan lekuari laharrartea esaten jako. Sastrakaz beterik dagoan ingurua sastrakarte bihurtzen da: “Sastrakartean sartu zan oreina eta kateatuta geratu zan”. Eta sasi moltsoadagoan lekuan ezkutatzen bada txoria, sasiartean ostondu dala esan daroagu. Arantzea edo arantzakia baino besterik ez dagoan lekuari, Arantzarte toponimo gisa eta arantzartea izen arrunt gisa deritxogu.

Erabileraren harian, hiztunok berez-berez esaten ditugu, analogia bidez garatu diran besteok be: arbolarte, pinuarte, gaztainarte, kereizarte eta beste gehiago.

Naturako eduki solidoez garatuak dira beste batzuk: Areartea esaten jake, tradizinoz areatza edo are(a)tzatxu izena eben are lekuei, gazt. “arenal”. “Areartean orratz bat topetan ez da erraz.” Basatzatradizinokoa basarte be esaten da: “Basartean jausi eta zikin-zikin egin.”

Beste eremu semantiko batzuetara be jauzi egin dau -arte honek, gizakien eremura, hain zuzen. Baina kasu honetan, “multzo nahasiaren” esangura barik. Gizakiak, pertsonak, “norbanakoak” dira. Eta halantxe garatua da gizarte izena, “sociedad” esateko darabilguna. Eta ildo beretik sortua da lagunarte: “Lagunarte ederrean igaro genduan afalostea”. Senitarte izen ezaguna be senideen osotasuna adierazoteko finkatu da. Auzoarte (auzarte) be ezaguna dogu auzoen arteko kolektibidadea seinaletako, gazt. “vecindario”. Eta eleizarte be bai, “feligresía” adierazoteko.

Eta era libre baten erabili geinke -arte atzizkia beste kolektibo batzuetarako be. Halan: andrarte: “Andrartean estu eta larri hartu eben”; umearte: “Umeartean bazabilz, umetuta urtengo dozu”; eta oraindino ugariago, jentearte / jendarte: “Bakarrik ibiltekoa ez da; beti jenteartean.

Bego gaurkoz honenbestegaz