Dakienak dakiEtnografia

Aste Santuko prozesinoak

Posted on

Garai baten herri egutegian Aste Santua sasoi garrantzitsua zan eta horren ezaugarri nagusietako bat prozesinoak ziran.

Lehenengo prozesinoak Egipto inperialaren eta antxinako Grezia eta Erromako inperioen garaikoak dira. Orduan, jainkoen irudiak kalera ateraten zituen herriaren erlijinotasunaren seinale eta herritarrek opari eta elikagaiakaz hartzen zituen. Kristauek ohitura hori imitau eben eta esanahi barria emon eutsien, batez be Ama Birjinearen irudia gurtuz.

Luteroren erreformeagaz prozesinoek behera egin eben, erreforma luteranoak irudiak adoreteari uko egiten eutsan eta. Urte batzuk geroago, Kontraerreforma eta Trentoko Kontzilioagaz, barriro be gora egin eben.

Prozesinoak eleizatik kanpoko eleizkizunak dira, kristau fedearen eta ohiturearen erakusgarri. Jaiegun zehatz batzutan egiten baziran be garrantzitsuenak, esan dogun lez, Aste Santukoak ziran. Gizonek eleizako irudiak lepoan hartu eta urtero ibilbide batetik eroaten zituen; atzetik herrikoak joaten ziran, lehenengo gizonak eta gero andrak, danak be erroparik onenakaz jantzita. Bidean errezau eta kantau egiten eben.

Ostean, prozesinoren ganean Marcos Azpitarteri batutako testutxua dakargu Antxinako Berriz: Bizimodua eta ohiturak liburutik jasoa da.

– Orduan zuk prosezinoan imajina eroaten zenduan?

Bai, San Juan eroaten genduan guk, Aste Santuko prozesinoan. Lau joaten gintzazan. Lehenengo Eguen Santu egunean Olakuetara etorten ginan eta Bariku Santu egunean komentura.

– Eta nondik urteten eban prozesinoak?

Eleizatik, goitik behera, Olakuetan San Antoniori bueltea emon, han Pater Nosterra-edo errezau, eta Bariku Santu egunean komentuan barrura sartzen genduzan. Komentuan ja eleizkizun handia egiten zan eta gero…

– Eta ze irudi eroaten zan?

San Juan, eta Ama Birjinea be eroaten eben beste batzuk, eta beste bat be bai, koko zuriak eroaten eben beste bat, kukurutxuagaz tapauta begiak-eta, goitik beherainoko erropa zuria, eta Bariku Santu egunean Kristo, kurutzetik bajatzen zana, kaxan sartuta eroaten zan. Harek, honako zuri batzuekin e, jantzita be diferentea, hareek jazteko baltza eta honako zuri batzuk.

– Eta koko zuriak nortzuk izaten ziran?

Kokoak, San Luisak, eta gu adoradoreak. (…)

– Eta imajina eroaten eban jentea zelan aukeratzen zan?

Izentauta egoten ziran, borondatea daukana presentetan zan.

– Eta zelan jantzita joaten zinien?

Ba zer zuri bat, tunika zuri bat eta gero kaputxa zuria, eta zinturea azula eta zuria eroaten zituen.

– Eta danak bardin jantzita joaten zinien?

Gu danok igual, baina besteak ez, Ama Birjinea eroaten ebenak baltzik. Eta Kristo komentura eroaten ebenak beste jantzi bat eukien.

– Eta gero tabernara joaten zinien?

Bai, orduan Bariku Santu egunean bijilia, eta antxoak jaten, Pedro Juanenean beti.

– Eta prozesinoan joaten zinienean geldiunerik egiten zan?

Bai, egin behar. Kantuak eta errezuak, Olakuetarutz kotxeran be bai, markesanean, hor egoten zan etxe bat, hor jardinerua bizi zan, hantxe. Eta gero bestea Olakuetan Fonda aurrean eta gero San Antonion. Eta komentura joaten ginanean be egoten ziran euren paradak.

– Ganera komenturako bidean kurutzeak bere badagoz ezta?

Bai via crucis-a, goizeko seiretan egiten genduzan, kurutzean errezau, via crucis, lehenengo estazinoa, bigarrena… kurutze bakotxean belauniko plantau eta errezau orazinoak.

– Eta nor joaten zan via crucisera?

Ba asko joaten zan orduan, gura ebana, borondatea eukana.

– Eta hori noz egiten zan?

Bariku Santuz, goizeko seiretan. Eta Eguenean egoten zan bederatzietan Ordu Santua.

– Eta zer izaten zan hori?

Ordu Santua izaten zan eleizan, esplikazinoa, abadeak egiten eban esplikazinoa. Eta Sakramentua zaintzen, hori Eguen gauean. Eta egoten ziran orduak ipinita, batak honenbeste denpora, besteak…, danok, egun osoan jentea egoteko eta gero arratsaldean zera zertzen zan.

– Eta Zapatu Santuz egiten zan ospakizunik?

Zapatuan ez zan egoten zerik. Oin egoten dan moduan iluntzean ez zan egoten, zapatu normal, eta gero domekan Pazkoa.

Gerenabarrena, Maite, Kamiruaga Akaitze. Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak.
Bilbao: Labayru Ikastegia; Berrizko Udala; BBK Fundazioa, 2008, 259-261 or.
Argazkia: Arantza Urrestik libururako itxitakoa