Behin erremediorik ez dagoanean, osagarri bila hastea alperreko jarduna dala adierazoten dauen irudi-errefraua dogu hau.
Nekazari gizartean, patariak eta laborea bereak dituen bizimodu tradizionalean, asto hilari garagarra jaten emotearena, irudi zaharra da, gaztelaniaz be edu-eduko ordaina dauena: “A burro muerto, la cebada al rabo” edo “a asno muerto….”.
Mezua agirikoa da: bere sasoian hartzen ez diranean hartu beharreko neurriak behin gatxak aurrera egin dauenean hartzea alperrekoa izan doala. ‘Sasoian sasoikoa’, lehenagokoek esan eroiena, eta eta ez ‘sasoi pasauan’.
Euskeraz be mordoa dira mezu beronen erakusgarritzat sortu edo garatu diran errefrauak, eta bestelako irudi batzuen artean, asto hilari garagarra jaten emotearena autuan darabilenak.
Goiko errefrau aldaera hori, asto hilari garagarra emon buztanetik dalakoa, G. Anduaga oñatiarrak baturik dakar bere Aitonaren uzta izeneko liburuan. Hori bera, labur eta soilago eralgi euskun aspaldi D. Intza nafarrak, Azpeitian baturikotzat: “Astoa hilda, garagarra”, azalpen edo argibide modura ohar hau erantsirik: Garai onean zabiltza! esateko.
Aurreko mezuaren hurrekoa dogu Azkuek dakarren bat be: “Ihazko astoak aurten orroa” (EY 493), G. Garatek be bere bilduman bardin dakarrena (Atsot 1452). Ikertzaile beronek, EY bilduma berean, honako aldaerok dakarz; Iparraldean edo bildurik. Ganadu-jatekoa, kasu honetan asto-jatekoa, da batetik bestera bereizten dana: “Asto hilari uzkitik zuku”, “Asto hilari uzkitik lasto” eta “Asto hilari uzkitik olo” (EY 352). Zukua, lastoa eta oloa izendatzen dira hurrenez hurren errefrau banatan.
Iparraldeko ‘erranairuetan’ oloaren aipua da ohikoena, halanda be. Baten hitzak: “Asto hilari joka, mando hilari ipurditik olo” (Zahar-hitz 763), asto-mandoen irudi bikotxduna. Mandoa estimaduago, antza, garraio-lan edo lorrerako, asto eroapentsua baino. Aldaerarik hedatuena, dana dala, bigarren partea baino aitatzen ez dauena: “Asto hilari uzkitik olo” (Zahar-hitz 1327).
Garagarraren irudia ezagunagoa da Pirinioz beheitian, oloarena Iparraldean dan legetxe. A. Zavalaren bildumatik: “Astoa hila denean, garagarra buztanean” (EEZZ 305).
Adolfo Arejita