Dakienak dakiHizkuntza

‘Auzoko behiak errape luzeagoa’

Posted on

Leku askotan entzuna dala esango neuke, eta zabal dabilen esakunea, batez be baserri mundua ezagutu edo hurretik bizi izan dauen jentearen artean. “Euzoko behidxek errapie luze” esan eustan aspalditxu, Markina gaineko Mibe (Meabe) auzoko seme batek, Jose Luis Onaindia izenez. Bertan jaioa, nahiz hango bizimodutik aspaldi urrundua egon. Behiaren errape luzearen irudiak, mundu horretatik aldendurik dagoanarentzat be bardin balio dau, azpian datzan mezua unibertsala dalako.

Auzoko behiaren irudia Bizkai aldean zabal ibili da, eta antz-antzeko formulapean. Azkuek: “Auzoko behiak erroa luze». «Besteena beti hobea» (EY III 387). “Auzoko behiak esne asko, ez da izan etxekoa laso” (EY III 387). Era laburragoan: “Auzoko behiak, errape haundi” (Atsot 1694).

Besterena eta gurea aurkez ipintea, irudi berau erabilirik, era diferenteetara formulaturik, behin baino sarriago agiri da tradizinoan. Azkuek Iparraldean baturiko aldaera bi: “Berzen behiak errapea handiago” eta “Bertzen behiak erroa handiago, baia gureak esne gehiago.” (EY III 416). Hegoaldeko bertsino batek labur: “Besteen behiak errape handi” (Atsot 2244).

Zuen eta gure, edo gure eta zuen behia aurrez aur dirala: “Gure behiak erro handiago ta zienak esne gehiago.” (EY III 486).

Lagunaren eta gure behia aurrez aur dirala: “Lagunaren behiak erroa luze” (EY III 521).

Aldamenekoa eta etxekoa kontrako dirala, eta animalietan, batzuetan behia, baina beste batzuetan ahuntza autuan dirala: “Aldemeneko ahuntzak [edo behiak] errape ona eta esine (esne) asko; etxekoak gutxi” (Atsot 337).

Bide batez gogoratu daigun, behiaren irudia bestelako mezuen adierazgarrirako be agiri dala errefrauetan. Halan: “Gure auzoko behiak erroak handiak, orroak galantak.” (EY III 482). Edo baita: “Hoba behi esnetsu bet, bi antzu baino” (Atsot 2252).

Adolfo Arejita