Dakienak dakiHizkuntza

Azentua herri-izen batzuetan

Posted on

Herri-izen euskaldunak aitatzen ditugunean, zalantzea egiten da batzuetan, azentua edo soinuaren, tonuaren indarra zein silabatan ipini: lehenengoan, akabukoan, erdikoan… Zein bide hartu?

Herri-izen gitxi batzuk aitatuko ditut bakarrik, hedabideetan erdal intonazinoaz entzun ditudanak behin eta barriro, eta neure eretxian euskal hiztunen ahoskerara ekarri beharrekoak diranak.

Batzuetan entzuten da Fíkàko arrautzak edo Fíkàra joan dirala arrautzok erosten. Euskaldunok, urruneko ez garanok behintzat, Fiká esaten dogu, bigarren silabeari indar eginaz, eta ez Fíkà, gaztelaniaz ohi dan lez, lehenengo silabea sendotuz.

Antzeko kasua da Gamíz eta Gámìz ahoskeren artekoa. Batzuetan Gámìzen edo Gámìzkoa entzuten da, euskaldunok, berariaz urruneko ez garanok, Gamízen edo Gamízkoa esaten dogun bitartean.

Bigarren kasu bat, bokalen arteko hiato eta diptongoen arteko bereizkuntza da. Bokal zarratuena lehenengo eta zabalena bigarren darabilgun kasuetan, ia, ie, io edota ua, ue, uo, hiztun euskaldunok silaba bi balira lez ahoskatzen ditugu orohar, edota biak bat egiten ditugu, monoptongatu. Gaztelaniaz, ostera, diptongoa ahoskatzeko joerea da nagusi.

Gaztelaniaz Arrjeta esaten da, baina euskeraz A-rri-e-ta ahoskatzen da orokorrean, lau silabatan. Halanda be, behin baino sarriago entzuten da Arrjétàn egon dirala batzuk odolosteak jaten. Arrí-ètan jan dituela odolosteak, hobeto esanda legoke euskera aldetik.

Beste hainbeste jazoten gaztelaniazko Èrmwa eta euskerazko Er-mú-a izenen artean. Hiru silaba bereizten ditugu euskeraz, eta intonazinoa ez dogu lehenengo silaban ipinten, ezpada bigarrenenan. Baina batzuetan entzuten da San Martinetako azokea Érmwàn izatekoa dala, edo Érmwàko azokea dala. Berez esan beharrekoak: Ermúán eta Ermúko azokea.

Adolfo Arejita