Dakienak dakiHizkuntza

Bagila

Posted on

Hile-izenak gaur egun guztiz finkatuta eta ia bakarrera ekarrita dagoz hile bakotxarentzat eredu landuan. Hile honetarako batuko ereduan ekaina dogu nagusi, eta sartalde-ereduan bagila.

Jatorritzat bago hila joten dabe batzuk, pagoen hilea. Baina badira baba-hil izatetik datorrela uste dabenak be. Hain segurua ez dirudien etimoa. Arantzazuko aspaldiko egutegi batetik batua dogu hurrengo ohar hau: “Hil honi izen dexente eman dizkiote gure asaba zaharrak. Bagilla edo babailla; garagarren ez ezik babaren hila ere hau bait degu” (EgutAr 1-6-1962).

Hile honek baditu beste izendapen batzuk be. Arramaitza da Iparraldean zabal dabilen izen bat: bigarren maiatza edo birmaiatza esatea lez. Eta Gipuzkoa eta Nafarroako alde batzuetan garagarila be esan izan jako. Sartaldeko berbetan hurrengo hileari jagokon izena, uztaila dalakoari. Ereiaroa be baderitxo, batez be Gipuzkoan, aspaldiko izena: ereite sasoiaz lotzen dalako hilearen izena. Kardaberaz idazle hernaniarrak hiru izen sinonimo lerrotzen ditu hile honentzat: “garagarrila, bagila, erearoa”.

Baina bagil izena zaharra dogu euskeraz; XVI. mendetik idatziz lekukotua. Refranes deritxon bilduma urregorrizkotik hauturiko bi, hara! Errefrau batak maiatz-bagilak aurrez aurre kontrajartzen ditu: “Maiatz iluna ta bagil argia, urte gustiko ogia” (RS 43). Bigarrena, gorputzean edonori sarrakioa sartzeko modukoa da:  “Bagila, sei goseen bailla” (RS 523). Esatera dator: gosez diran seinak, sein gosetuak bahitzen dituala, heriotzara daroazala.

Artajorra-hilea be bada. Durangoko zidargin ospetsuen kantetan aitatzen da: “Bagilla seigarrena, / jorratu soluan / artua atxurragaz / eguzki beruan” (DurPl 69).

Hilearen azkenerantz San Juan bagileko, beste egun seinalagarri bat, laster datorrena. Errezitaduak dinoan lez: “Artuek eta gariyek gorde / gorde, / Gora San Juan Bagillian!” (Azkueren Cancionero popular dalakotik).

Euskera batuan nagusitu dan ekaina Iparraldeko tradizinotik jasoa dogu. Xalbador bertsolari handia Urepelgoa zan. Eta ekain inguru horretan Paris eta Bordele aldetik Euskal Herrira etozan udatiar uholdeak zirala-ta, hau idatzi eban bertsoz: “Arrotzak zuganatzen dauzkitzu ekainak, / bainan gu ez kutsatzen horien usainak” (Odolaren mintzoa). Eta eguraldi-errefrau batez azkena emoteko: “Ekaina eder, uda halaber”.