Dakienak dakiHizkuntza

Bai ALA ez

Posted on

ALA, gramatikan juntagailu esaten jakon kategoriako hitza da. Edo lotitzaz batera, hautakari baliokoen sailean sartzen dana, gaztelaniaz disyuntivas deritxen horreetarikoa.

Badira sail horretan sartu ohi ditugun beste juntagailu bi, nahiz eta zein, balioz guztiz bestelakoak diranak. Guztiak hautakarien moltsoan sartu ohi diran arren, lehenengo biak eta bigarren biak balioz guztiz bestelakoak dira. Edo eta ala juntagailuek alkartzen dituen osagaiak diferentetzat joten ditu hiztunak, eta hautazkoak ohi deritxe, aurrez aurre edo hautazko gisa aurkezten diralako alkartutako osagaiak; bardin da osagaiok, esaldiak, sintagmak, izenak, adjektiboak edo zer diran.

Zein eta nahiz (nahi) juntagailuek, ostera, orobatasuna adierazoten dabe; hau da, alkartzen diran esaldi edo gramatika unidade bien balioak bardintzat edo bardintsutzat joten ditu hiztunak. Lehenengo bien artean ez da bardin jazoten, normalean behintzat.

Gaurko ohar honetan ala eta edo juntagailuen arteko nahastebideak argitzea da gure asmoa. Izan be, ala eta edo juntagailuen artean okerbide edo nahastebide bat joan da sortzen eta zabaltzen aspaldiko urteotan. Okerbide horren funtsa honetan datza: ala juntagailuari egotzi gura izatea, berez edo hitzarenak diran eremuak.

Ez ahal dituzue entzun behin baino sarriago honetariko esakerak:

Hau egin behar da bai ala bai, gaztelaniaz be modaratu dan s o s esaldiaren ordainez; Bi ala biak dira komenigarriak, gaztelaniazko ambos dalakoaren ordainez; ez da hondino denpora asko, politika joera abertzale batekoen slogan antzeko bihurtu zan harako Euskadi ala hil be.

Behingoan ohartuko gara hiru esaldiok baieztapen garbiak dirala; ez dagoala eurotan itaunen izpirik.

Baina zer da berez ala hori? Zertarako erabili izan da gure tradizinoan? Noiz eta zelan darabile euskaldun zahar betikoek? Itaun perpausetan baino ez, salbuespenak salbuespen.

Kontua da batzuetan ohartu be ez garala egiten hor itaun bat dagoana. Itaun edo galdera zuzena danean, berehala ohartzen gara itaunka dihardugla, baina zeharkako itaunak ditugunean, ez beti.

Ezinbestekoa dogu, alkartu gura ditugun esaldiotan itauna dagoan ala ez argitzea, eta itauna eta adierazpena ondo bereiztea. Horrezaz ondo ohartzen ez bagara, ez dogu jakingo noiz erabili ala eta noiz edo.

Norbaiti zeozeren gainean baietza edo ezetza hautatu beharra ipinten bajako baldintza, era bitara aurkeztu geinke alternatiba hori.

Itaun bidez eskatzen badeutsagu hautua egiteko, honetara egin leiteke: Bai ala ez? Baietz ala ezetz? Zer dinozu? Holan egiten dogunean, ala erabiltea toketan da hor.

Baina galderarik egin barik eskatzen badeutsagu aukera egin dagian, beste honetara esan geinkio: Bai edo ez erantzun behar dozu. Baietza edo ezetza dira aukera bakarrak. Bigarren honetan ez dau balio ala erabilteak.

Labur esanda, zertan datza nahastea? Hara: edo toketan dan lekuan ala erabiltea, pentsaurik, zelan biren arteko aukera edo hautua eskatzen dan, ala erabili beharra dagoala. Beste modu batera esanda: aukera edo hautu kontzeptuagaz ala bakarrik lotzen dogu, edo juntagailuak horretarako balio ez baleu lez. Baina hori ez da holan. Ez orain, ez lehen; ez ahozko tradizinoan, ez idatzizkoan.

Ala eta edo juntagailuen artean dagoan diferentzia ez da semantikoa, ez da esangurazkoa; esanguraz esparru bardina hartzen dabe. Sintaktikoa da diferentzia: perpausen asertzio tipoagaz dauka zerikusia: galdera egiten edo adierazpena egiten jarduteagaz. Eta juntagailu bien arteko bananketa garbia da: adierazpenezko perpausen artean edo erabili behar da beti, eta galderazkoak ditugunean bakarrik ala. Bardin da galderok zuzenak ala zeharkakoak diran, gaztelaniaz indirectas deitzen diran horreetarikoak.

Norbaitek esan lei: eta galderazko perpausen artean edo badarabilgu, oker jokatzen gabilz? Ez, inondik be. Edo edozein perpaus motatan erabilteko gai da. Edo juntagailu orokorra da, neutroa. Ez dauka murriztapenik erabileran. Erabilera murriztua daukana ala da; ez edo.

Estilo egokiaren alde bai egin daikegu gomendio bat. Galdera perpausen alkarketan, ahal dala ala erabiltea hobesten dogu. Zergaitik? Juntagailu hori horrexetarako sortu edo garatu dauelako hizkuntzak. Zehaztasunaren mesedetan gorde deiogun esparru hori ala juntagailuari, eta gainerako guztietan edo izan bedi marka nagusia.

Tradizinoaren eta hiztun naturalen erabilera zuzena gorabehera, gaur egungo hiztun eta idazle batzuen artean bien arteko nahaste okerra gora-goraka doala dirudi. Hau da, ala toketan ez dan kontestuetan erabiltea. Ez da denpora asko, politikari bati jente aurrean entzun neutsala: Sinestuko dozue ala ez, baina halan izan zan. Hor zuzena edo da eta ez ala, ez dagoalako itaunik ez itaun asmorik.

Iturriko
2015-03-23