Dakienak dakiHizkuntza

«Balizko oleak burdinarik ez» esaeraren harira

Posted on

Esaera hau XVI. mende-akabuko errefrau bilduman agiri da, berba honeexekaz: “Balizko oleak burdiarik ez”, gaztelaniazko bertsino eta guzti: “La herrería de si fuese no hace fierro” (RS 15). Esteban Garibai kronista handiak be bere errefrau zerrendan antzera dakar, aditz eta guzti: egin ez daroa: “Balizko oleak burniarik egin eztaroa. «La herrería de si sería no suele labrar hierro» (RG A 36). Eta hurrengo mendean Isasti gipuzkoar kronikalariak be badakar: “Balizko olaak, burnia gitxi” (RIs 12).

Atera kontuak, burdingintzak eta burdinolek lehenagoko mendeetan, urak Kantauriko itsasora isurtzen dituen ibai eta erreken indarraren poderioz, zenbaterainoko garrantzia euken ekonomiaren mesedetan.

Mogel zaharrak be, Peru Abarkako bere zerrendako 57. atsotitzean, olea darabil mintzagai: “Etorkizuneko oleak, bearrik ez”. Balitz, balizko aditz eratorriaren lekuan etorkizuneko darabil honek, eta burdinarik, burdinoletako burdingintzako gaia aitatu ordez, beharrik darabil; hau da, lan-beharren aipua. Aldaera barriagoa, edozelan be, aurreko XVI-XVII. mendeetako bien ikusian.

Bitxia da errefrau aldaera zaharrotan agiri dan balitz alegiazko baldintza-adizkiaren malgutasuna. Berez aditz kategoriakoa dan hitza, balitz, -ko genitibo-atzizkiaren bidez izen adnominal bihurturik: balizko. Herri-hizkeran ohikoa zan baldintzazko adizki horren bihurrera hori nonbait. Antzeko aldaera jazo da, bada ez bada aditz lokuzinoa badaezpadako adnominal bihurtu izan danean; hau be, herri berbetako egitura ziurra.

Balitz aditza eta balizko adnominala sarri agiri dira “ez dan”, “ezina dan” edo txakur-amesaren bardin gisa. Akordura jatortaz balitz adizkia darabilen hurrengo besteok be: “Balitz eta bazan, biak alkarren kazan”, esaten da Ondarroan; Garatek bere bilduman beste era honetara dakarrena: “Balitz eta bazan, elkarrekin dantzan” (Atsot 1901).

Guztiz ezaguna dogu bestetik, hurrengo hau be: “Barriketea balitz goruetea, gure etxean gela bete mataza”. Sekula beteko ez dan baldintza.

Dantza-kopla polit bat be bada, ez asko entzuna, dinoana: “Pentsamentua balitz mandataria, asko jakingo genduke alkarren barria”. Pentsamentua balitz eta mandataria, gaurkoz ezinezkoa dan zerbait.

Eta Arratian, damua edo damutzea dala-ta berbara ekarri ohi dan esakerea, “Ai ene, damuak urdaiak balitzozak!”.

Adolfo Arejita