Dakienak dakiHizkuntza

“Barakaldoko nire laguna” ala “Nire Barakaldoko laguna”. Zein da ordena zuzena, edo ordena hobea?

Posted on

-Gaztelaniaz ez dago arazorik. “Mi” izenaren aurrean ipinten da eta “de Barakaldo” atzean. Ordena banangoak ditue izenordain posesiboak eta sint. adnominalak.

Euskeraz, ostera, laguna izenari laguntzen deutsen konplementu osagarri biak aurrean eransten jakoz izen horri.

Aukeran eskeini jakuzan esaldi eredu bion artean, lehenengoa hobetsiko neuke duda barik: Barakaldoko nire laguna, eta ez bigarrena: Nire Barakaldoko laguna. Gramatikaz biak zuzenak dira, baina esangura mailan dago aldea bata eta bestearen artean.

Ondo kontuan hartu behar da, nire, gure, zure, zuen, bere, euren izenordain posesiboak hurragokoak jakozala ostean daroien izenari, nongoa dan lagunori aditzera emoten datorren leku-izena baino: Barakaldoko, Bilboko edo Bizkaiko erako adnominalak baino. Hau da, noren edo zeren adierazoten daben osagarriak izenari estuago lotuta dagoz, nongo, noizko edo zertako dan adierazoteko darabilguzan adnominalak baino.

– Kontrako eredua daukagu Bilboko Museo Nagusiaren euskerazko izenean, edo izenetariko baten, gaztelaniaz ez dagoana: “Museo de Bellas Artes (de Bilbao)” izenaz ezagutu dogu aspaldi-aspalditik. Izen horren ordenan “de Bellas Artes” hurrago dago “Museo” izen nagusitik, “de Bilbao” baino, konplementu biok “museo” izenari jagokozanak dirala be. Zergaitik dago izen nagusitik hurrago? “De Bellas Artes” horrek zehazten dauelako zetariko museoa dan, zein gai edo tematika dan berorrena. Eta hurrengo konplementua, nongoa dan edo non datzan zehazten dauena, atzerago dator: “de Bilbao” dalakoa.                                                                                                             

Baina museo horren izena euskeraz ipinterakoan gorabeherak izan dira. Nik lehenengo ezagutu neban euskerazko izena: Bilboko Arte Ederretako Museoa izan zan. Osagaien ordena-egitura zuzenaz eregia. Ez behar bada Arte Ederrei erantsi eutsien atzizki lokatiboa: Arte Ederr-etako, askoz logikoago dan Arte Ederr-EN Museoa izan beharrekoa. Gerora akats hori zuzendu dala esan lei. Baina oraintsu-oraintsu beste era honetara irakurri dot aurkezpen ekitaldi baten bertan barruan: Arte Ederren Bilboko Museoa. Erren bat arindu eta beste erren bat hartu. Gure eretxian ordenarik logikoena hau zatekean: Bilboko Arte Ederren Museoa. Hau da, museoaren “zelakotasuna”, “berezitasuna”, “izaerea” adierazoten dauen izenlaguna “museo” izen nagusitik hurren, eta nongoa dan edo non datzan  adierazoten dauen adnominala urrunago.