Gaztelaniaz bada esaldi menderatu mota bat, “por si llueve, por si viene tarde” erakoa. Euskeraz ze modu ditugu hori bera esateko?. [ETORRIAN – EGINEAN – PASAUAN] [POR SI # EN CASO DE QUE]
– Bizkai erdialdeko herrietan entzuten da mende-perpaus hau: Baezpadan boligrafo bi eroan eizuz, bat galdu-eidxen be. Beti eroan beha da diru apurren bat poltsikoan, edozer pasau-eidxen be. Gaztelaniaz: ‘por si’ aurre-marka eta aditz jokatua. Aurreko esaldi biotan: “Por si se pierde uno” eta “por si hubiera algun imprevisto”.
– Labayru Hiztegian idoro dot adiera horretako esaldi bat gaztelania-euskeran, dinoana: “Estaré listo para las siete, por si llegarais un poco antes: Zazpietarako prest egongo naiz, zuek lehentxoago etorrian ere”.
Eta menderakuntza balio hori bera, Arratia eta Nerbioi aldean, aditz partizipioari -an inesibo-markaz erantsita adierazoten dala ziurtau daiteke: “Diru apur bet beti eroan beha’da boltsikoan, zeozer paseuEN be” (Arantzazu. Jon Etxebarria).
– Mogelek badarabil egitura bat, gaur be ezaguna, egituraz arean bestelakoa bada be, baina esangura berekoa: zer jazoan, zer etorrian egiturea; aditz partizipio inesiboa zer izenordain galdetzaileaz lagundurik doala: “Usteko dozu bear bada eztogula eukiko ardaorik. Badaukagu, ta zer jazoan edo zer etorrian, beti euki daroagu gordeta, ez geuk edateko, baiña bai emoteko, iñor badator” (PAb).
– Aditz partizipioa, -enean funtzio-markaz lagundurik doanekoa be ondo ohartzeko egiturea da. Gaur Bizkai euskaldunaren sartaldean -an atzizki inesibo husaz esaten danaren balio berekoa, baina -enean marka bikotxaz ondua. Halan darabil J. A. Uriarte, Arrigorriagako semea izan zan idazle ugariak ezezka: “Au ez eginenian, artu leitekez alde errezkan lelengotik amairaino” (Marija 6).
– Beste egitura batzuk be badira, esangura beretsuaren adierazle diranak, baina egituraz beste taiu batekoak.
Klasikotzat jo daiteke baldintzazko egiturea. Mikoleta bilbotarrak XVII. mendeko bere gramatikatxoan dakarren esaldi hau lekuko: “Nai (e)ztot, ezpada barnizadua, euria badagi bere” (Dial. 202, 1).
Adizki subjuntiboaz onduriko egitura bat be ezaguna da, ezezka erabilia, ze- aditz aurrizki eta guzti, gaur hondino Bizkaiko sartalderengo eremuetan bizi dana. Mungialdean, Jatabeko hiztun bategandik jasoak ditugu ondoko esamoduok (lekukoa: Anastasi Renteria): “Batuixuz erropak, euri ein zedein” ‘por si llueve’. “Gordeixuz ondo, galdu zedeittezan” ‘por si se pierden’ / galdu zedeizun ‘por si se te pierde’. “Ez esan hori, txartzat hartu zedeixun” ‘por si te toma a mal’. Aditz subjuntiboa ezezka dala: ez dagian, ez daizun, ez daitezan eta halakoak. Egitura hau be, bizirik egonagaitik, guztiz klasikoa.
Zeberioko berbetan be, Jatabeko egitura bera ezaguna da, baina lexikalizatze konpaktu bat bitarte dala; mende-esaldi horrek aurretik zein marka dauela, Jatabeko berbetan legetxe, azken baten. Aditz egitura zaharra, zededin (/ zedin), ez dedin subjuntiboaren ezezkako formazaharra: zededin > zedin, baina zein itxurapean izozturik, lexikoturik. Zeberioko berbetatik baturiko esaldiotarik lehenengoa: Perretxikoak, ezagutzen ez diranak, ez jan, zein kalte. Zein forma izoztuaren ordez aditz jokatu bizia balego, ‘ez dagien’ litzateke. Bigarrena: Kontuz joan hortik, zein labandu. Dagokion adizkia ‘ez zaitezan’ genduke. Hirugarrena: Ez sartu alperreko arriskuetan, zein gauzak txarto urten. Mendeko adizkia: ‘ez dagien’ litzateke. Esaldiok, Juan Manuel Etxebarriak aitatuak dira. Zeberioko berbetan, mende-perpauseko aditza partizipio mugagabe soilaz ordezkaturik agiri da. Zein aurre-marka horretan atzean ze-din zaharra dogu, ezezka emonda.
– Baldintzazko egiturak ugari erabili izan dira tradizinoan hizkera guztietan, balio hau adierazoteko, berariaz alegiazko baldintzan emoniko adizkiak. Hara Iztueta zaldibiarraren eredu bat: “Gisa onetako galderik berriz iñork egingo balu ere, jarriko ditut emen artzaintzako lanbideari dagozkionak.” (Kondaira). Harriet hiztegigileak, bere hiztegian, baldintzazko aditz egiturak ere lokailuaz lagundurik doazenekoak ditu gogoan, eta honako azalpena dakar bere hiztegian, berariaz Iparraldeko hizkerei buruzkoa: “Particule conditionelle, mais exprimant un sens plus dubitatif: comme, si par cas, au cas que, quand on ajoute ere, ou baldin ere, baldin baitere, baldinbere (V), après le verbe qu’elle accompagne: Ethortzen bada ere, ou badere, si par cas il arrive; Zoaz zu, nik poxelurik badut ere, ou baldin badut ere, baldin balin badut ere, balin badut ere, allez-y vous, en cas que moi j’aie quelque empêchement” (Harriet Hiztegia).
Adolfo Arejita