Dakienak dakiHizkuntza

“Batzuk gura danean, beste batzuk dana gurean”.

Posted on

Gura danean eta dana gurean, hitzen ordenea aldatuaz bakarrik, esanguraz guztiz kontrako bihurtzen diran egiturak.

Gura danean (bizi, ibili) esatea da, zer gura eta haxe, gura dan guztia eginez bizi edo ibiltea. Lokuzinoa, esamodua, bere oinean da: gura dana, gura dan guztia, gaztelaniaz esatea lez: «todo a su antojo». Gura dana, sarri darabilgu zenbatekoaren gehienaren balioaz: «nahi beste, nahigura, nahi adina, gura adina». Berba bakar lez ahoskatzen ditugu hiztunok: Lo guradana egin dot. Ogia guradana jan dau. Esate modu ezaguna da baita be: «Beti ez da eukiten gura dana”.

Dana gurean (ibili, jardun, ekin) esaten da, danaren atzetik, ondasunen, irabazien edo diruen gorabeheran normalean. Baina eztasunak eraginda be ibili leiteke bat dana gurean.

Dana gurean dabilena dana gureak eraginda dabilela esan lei. Eta bada izen alkartu bat gura horregaz josia, eta da askogurea, gure berbakeran tradizino sendoa daukana. Askoguran (edo asko gurean) esan ohi da,Domingo Agirrek idatzi eban lez: “Asko guran urten eta hutsean bihutu. Nori etxako holango gauzaren bat gertau, bere bizian?” (Kresala). Gehiago guran be esan ohi da. Frai Bartolomek idatzitako lez: “Beti lapurretan ta beti geiagoren guran.” (Ikasik II).

Zeren guran, zer guran edo zenbaten guran esan ohi da. Diru gorabeheran hau batu eban Azkuek errefrau moduko baten: “Emen gagoz gu zortzi marairen guran, ta lau marai ofrezidu.” (V-ger) (EY III 193).

Beste gura mota asko dagoz. Izenetan ezaguna da handigurea, kasurako, ‘harropuzkeria, goragurea’ adiereaz: Etxe horretakoen handigureak ez dauka neurririk. Adjektibo modura be badarabilgun hitza, pertsona batzuen izakerea dala-ta: Horreek handigurak izan dira beti, bai guraso, bai seme. (…)

Hasierako puntura atzera etorrita: Batzuk gura danean eta beste batzuk dana gurean. Batzuk asebetean eta beste batzuk dana beharrean.

Adolfo Arejita