Ekintza edo prozesu baten ahal-izatea, ahalera, esaldi barruan adierazoteko, hiru aukera nagusi ditugu gaur gure berbakeran:
a) ahal aditz-modala erabilita;
b) daiteke edo daikegu orainaldiko aditz laguntzaile-eredua erabilita;
c) leiteke edo geinke alegiazko edo hipotetiko deritxon aditz-laguntzaile tipoak erabilita.
Gaurko jarduntxo hau lehenengo horretara mugatu dogu, dot, hurrengo jardun baterako itxita etorri daiteke, joan gaitekez ahalera presentekoak eta joan leiteke, emon geinkez ahalera alegiazkoen puntuak.
Oraingo momentuan zeozer egin ahal izatea adierazo gura dogunean, esaldi nagusi baten ahal hitz modal hori erabiltea ez da euskerearen lege zaharrekoa, ez berbaz, ez idatziz. Gehiago jo izan dogu, eta joten dogu gaur be, aditz laguntzailea ahaleran erabiltera. Etorri edo joan ahal izatea adierazo gura badogu: Etorri naiteke, eta hainbat gehiago, etorri neinteke ereduetara.
Etorri ahal naz edo joan ahal naz nekez eta urri erabili izan dira esaldi nagusi baten barruan. Ahal hitz modal hori menderakuntzan erabili izan da ia beti, salbuespenak kenduta: Etorri ahal banaz edo Joan ahala bazara edo Irabazi ahal baleu edo Esan ahal baledi legezko aditz egiturak, baldintza-esaldi bat erabilita. Edo: Joan ahal danean, etorri ahal zaranean, Ekarri ahal dogunean, denpora balioko mendeko egitura baten barruan. “Joan ahal zarala, joan egin behar dozu”, mendeko adberbial baten barruan. “Jokatuko dogu, irabazi ahal dogulako” edo “Galdu ahal dalako”, kausazko, arrazoi-emotezko mendeko aditz baten barruan.
Baina momentuko ahal izatea, presenteko uneko ahal izatea ez danean; hau da, lehenagokoa edo gerokoa danean, orduan bai erabilten da ahal hitz modal hori. Aditzaren aspektua presentekoa ez danean, bai onartzen dau aditz jokatuak ahal modala. Halan:
– Ekintza bat amaitutzat joten danean: Joan ahal izan gara edo amaitu ahal izan dogu.
– Etorkizuneko, geroko ekintza bat adierazoteko: Ikusi ahal izango da. Irabazi ahal izango dau.
– Ohiz, era habitualean ekintza bat egiten dogula be bai. Halan: Joan ahal izaten naz. Jan ahal izaten dot. Iraganean be bai. Halan: Joan ahal izaten nintzan / neban. Jokatu ahal izaten genduan.
– Alegiazko esaldietan be bai: Ekarri ahal baleu. Edo: Emon ahal baleu.
– Subjuntibozko esaldietan be bai: Joan ahal dadin. Eroan ahal daizun. Edo subjuntiboko baldintzan: Etorri ahal baledi. Irabazi ahal balei (balegi).
Goiburuko esaldi horreetan halako trabatxoa ipinten deutse gure hizkuntzak ahal berba modala erabilteari. Susmagarritzat joten ditugu honeetariko esaldiak: “Joan ahal naz”. Hobeto: => joan naiteke. “Egin ahal da”. Hobeto: => egin daiteke, egin leiteke.
Adolfo Arejita




