Dakienak dakiHizkuntza

BER-, BIR- aurrizkiaren emoia (lehen idazketa)

Posted on

Jarduera edo ekintza bat birritan egiten danean berregiten dala esan ginei. Horretarakoxe dogu ber-/bir- aurrizkia euskeraz. Zerbait bigarrenez, berriz edo barriz gertatzen danekoa adierazoteko, ekintza-adierazle dan hitzaren aurrean erantsirik.

Mitxelenak ituan aparau eban orain dala aspaldi, gure berdin hitzaren atzean eta jardungai dogun ber-/bir- aurrizkiaren atzean azken baten, ber hitza egokela, Ekialde bazterreko euskeran (zuberotarrez eta behenafarreraz) beregaina dan hitza. Batzuetan izen baten aurrean (ber gizona, ber gauza, ber lekuan, ber denboran), beste batzuetan aditz jokatu erlatibo baten ondoren, berariaz subjuntiboaren (etor dadin ber).

Ber hitzaren esangurea latineko ipse hitzaren berbera da, gazt. mismo, berariaz izenari aurretik dautsanean. Sintaxi aldetik gogoan hartzekoa da ber horren aurre kokatze hori: izen edo izen sintagma bati deragionean, ber gisan, ber denboran, ber bertsuak, ber bihotza erako sintagma egiturak eregiaz.

Sintaxiaren aurre-kokaera hori da, azken baten, ber-/bir- aurrizki bihurtzeko prozesuan eragile nagusi. Oinarrian hitz elkarketa prozesu soila izan da, aurre-lekuan dan hitz monosilaboa aurrizki bihurtzeko bidean.

Euskal izenordain eta erakusle bihurkariak bere, ber horren inguruan bilbatu ditu gure euskereak. Izenordain erakusle bihurkariak: bera, oinarrian ber ha, eta horren gradu hurbilak: berori eta berau, hori eta hau erakusleei aurretik ber datxekela. Eta ber horren errepikaz garatu izan diranak be bai: berbera, berberau, berberori. Mitxelenaren hitzetan ipsissimus, gazt. mismsimo.

Bere izenordain posesiboa bere genitibo era zahar bat baino ez da besterik: ber + -e.

Leku-denpora adberbio bihurkari diranak be bai: bertan neutroa eta berton hurbila, eta honen errepika-egitura diran berbertan eta berberton.

Bera, eta honen segidako diran berau eta berori, izenordain izatetik atze-determinatzaile izatera etorri dira, izenaren ondoko kokagunera, adjektibo kategoriaren leku berera: pertsona bera, etxe gorri berbera.

Eta leku-denpora kasuetan honakoak eregi dira: leku berean, urte berean, etxe berekoak, egun berekoak, herri beretik urten, auzo berera ezkondu. Baina berean, bereko, beretik, berera ereduko formen ondoan, sartaldeko euskera modernoan beste taiu honetakoak be garatu dira: beratan, beratako, beratatik, beratara. Izenaz lagunduta: zelai beratan jokatu, taberna beratara joan, fabrika beratatik urten, eskola beratako ikasleak.

Berdin adjektiboaren bizkaieraz, bokala edegiaz bardin bihurtu dan horrren oinarrian be egitura konposatu bat dago, ber + din (dadin) aditz aoristoa dogu, horretatik eratorria dala berdintsu (bardintsu) aproximatiboa. Ildo beretik eregi da bertsu adjektiboa (ia berbera, bardin antzekoa), guk sartaldean beretsua esango gendukena.

Ber-, eta bokalaren itxiduraz bir-, aurrizki bihurtu diran ezkero, prozesu edo kontzeptu bat berriz (edo birriz) edo birritan egitea; hau da, bikoiztea edo bigarrenez egitea. Esanguraz, aurrekoaren hurrekoa, baina ez berbera.

Erromantze-hizkuntzetan re- aurrizki reproduktiboaren ingurune semantikoa hartu dau euskeraz ber-/bir- horrek. Hitz kategoria diferenteakaz: izenak eta aditzak dira kategoria nagusiak, baina ez bakarrak.

Izen kategorian eragin berezia euki dau esparru semantiko batzuetan. Senidetasun eremuan, aitita-amamak edo aiton-amonak hartzen baditugu ointzat, horreen aurreko belaunekoak izentetako, hor garatu dira: birraitita eta birramama batetik, eta birraitona eta birramona bestetik. Halanda be, ume txiki batek bere birraitita edo birramamari nekez deituko deutso: Birraitita! Birramama!. Eurei berbaz zuzentzeko orduan, Aitita! edo Amama! Deituko deutse sarriago. Halan da Arratiako usuan, adibidez.

Aitobe eta amandre be erabili izan dira aitita-amamak izentetako Bizkaiko sartalde-euskeran. Gaur egun aitobea barik aitua entzuten da, egiten dan apurra. Eta amandrea, ugazabandra dan amama bategaitik esan izan da, eukiak edo propiedadeak dituan eta batez be familian aginpidea daukan amama bategaitik, estatusa. Eta horren gainean eregiak dira birraitoa eta birramandre, Azkuek Orozkon lekukotu izan dituanak, baina Nerbioi ibarrean zabalago dabilzanak (edo izan diranak), ziur asko. Aibarrok bere hiztegian beren-beregi aitatzen ditu hitzok, birraitita-birramama esangureaz, baina birraitobe klasikoa gizonarentzako.

Senidetasunaren beherengo mailan be, loba izenaren gainean eregia dan birloba be hor dogu eremu semantiko berean. Aibarroren esanean, biznieto esangureaz. Izan be, Aibarro arratiarrarentzat llobea deritxo, bai sobrino, bai nieto dalakoari, bizkaieraz orohar lobea eta gainerako hizkeretan iloba deritxonarentzat. Birrarreba jaso eban Azkuek Leintz-Gatzagan erdi-arrebea esateko.

Nekazaritza esparruan bere badira bir- aurrizkidun hitzak. Landara, labore eta ingurukoak dira ondokoak: birbedarra deritxo bigarrenez ebaten dan bedarrari leku batzuetan (bibelarra Urrestillan). Birlorea deritxo bigarren loreari, eta horretatik sortua da birlorau aditza, Lekeitio aldean hainbat entzuten dana: Birlorauta zagoz, edanak poztuta edo pispilduta dagoan bati esanda. Birzaia, zai labore-azalaren gainean eregiriko hitza (remoyuelo gaztelaniaz) ezaguna da baserritarren artean. Birrazia, solo baten bigarrenez bota edo ereiten dan hazia, gitxiago entzuten da berez, baina Arratia aldean batu eban Azkuek. Beronek jaso eban birrarto hitza be, aurreko urtean solo horretan artoa, edo artoaren aurretik garia erein dan soloan hurrengo udabarrian ereiten dan artoagaitik esateko.

Eguraldi eremuan birtargi izena emoten jako Markina inguruan, hodei arteko argiuneari, ostarte izenaren baliokidea. Beharbada bitarte argi batetik datorke, esanguratik hurragoa dirudi.

Gizarteko errito, ekandu edo ohituren eremuan be badira bir- aurrizkidun izenak. Halan birrezkontza, bigarrenez-edo egiten dan ezkontzea adierazoteko, eta aurreskua dalako euskal dantzak, birresku ohi deritxo dantzarien soka-ilara horretan aurrerengo eta atzerengo doazenen aurrekoaren posizinoa adierazoteko.

Aditz kategoriako hitz batzuk, izenetatik zuzen eratorriak dira (birgizen > birgizendu), beste batzuk ez. Edozelan be ugariak dira bir- aurrizkidun aditz kategoriako berbak; zaharrak batzuk, baina sorkuntza modernoa dabenak hainbatxu. Berbiztu, berpiztu birbiztu aldaera be daukan aditza erlijino kontestuan erabili izan da oparo, Jesusen berbizte edo berbizkundea gai-ardatz dala, berariaz. Baina pertsona bat be egon daiteke birbiztuta, bizituta edo bizibarrituta. Berrerosi aditza be, berariaz erlijino giroan gazt. redimir esangureaz erabili izan da: pekatariak berrerosi, baina osteango inguruneetan be bai.

Sukaldaritza girokoak dira sarri birberotu eta birregosi. Gaztaina birberotuak dakar Azkuek, baina janaria atzera berotzea adierazoteko, edo erre, tostau esangureaz be, bizkaiera-gipuzkeretan ondo ezaguna da.

Ortu edo solo beharrari lotuta erabili izan dira birraldatu eta birlandatu aditzak, landarak zimentera batetik atera eta ortuan sartzen ditugunean, berbarako. Eta birloratu (edo birlorau), lorea botaten daben arbola, labore, bedar eta flora motako loradunen kontura erabili ohi da; bigarren lorea botatea, udagoienean edo negurantz, berbarako. Birrerne, edo Aibarrok dakarren erara birterne, gazt. retoar, eremu semantiko berean erabilia dan aditza dogu. Lugintzari lotua dogu birrindu aditza be, bir-irindu jatorriz, eta esanguraz urun-urun, zehe-zehe egin adierazoteko.

Eta aurreko horreei beste hainbat gehitu leikioez. Tradizinoz ezagunak ditugun bat edo beste gehigarritzat aitatzeko, honangoak: birsortu, birriztu (bizitu), birretsi, birlotu edo birjaio.

Zenbakien eremukoak ditugu berbat (norbera), Iparraldean erabilia berariaz; berrogei eta berrehun, guztiok darabilguzanak, eta birmila ahoz gaur egun Arratia-Nerbioi inguruan hondino be entzuten dan brimila.

Lexiko-sorkuntza modernoan, zientziakoetan zein jakintza esparru orokorrean, ber-/bir- aurrizkiak bizi barria hartu dau, eta era guztiz naturalean eta guztiz ulergarrian finkatu dira barra-barra darabilguzan hainbat eratorri. Halan: berrantolatu, birmoldatu, birziklatu legezko aditzak, edo berrinaugurazino izena, kasurako. Aurrizkia bizibarritzen jakin dau euskera modernoak, kultura esparru osoan eta hedabide sareetan. Osasunaren seinale.

Bizibarritze-ahalegin hau lehendik etorren, batzuetan idazleen edo bertsolarien bidez, beste batzuetan hiztegigileen eraginez. Birsortu (edo bersortu) idazle bat edo bestek izkribuz erabili daben aditza da, eta birsaldu Larramendiren hiztegian dakusku lehenengo antzean. Birjausi Mogelegan agiri da lehenengo antzean: Zer izen emoten jako pekatu mueta oni? Bir jausteko pekatuba, edo pekatura ostera biurtutia (CrIc 155). Esanguraz kidea dan berterori proposatu eban Larramendik recaer esangurarako, osteko hiztegigile batzuk berrerori bihurtu dabena.

Etorkizunean be bir- aurrizkiak (eta kasu batzuetan ber- aldaera zaharrak) egiteko oparoa izango dau sortu daitezan edo ordaina emon beharreko hainbat kontzepturi erantzuteko. Halan izan bedi.

Iturriko
2017-11-17