Dakienak dakiHizkuntza

Berba zaharbarrituak: EKANDU

Posted on

Ekandu, bizkaierako tradizinoan zabal dabilen berbea da, batez be izen legez: usadioa, ohiturea, lege zaharra inguruko esagureaz. Azkuek esanguraz bereizi egiten ditu ekandu eta ohitura berben eremuak: «Ekandu, costumbre que afecta a la moral; a diferencia de oitura, que indica costumbre, hbito fsico», baina erabilereak ez dau on egiten baieztapen hori. XVI. mendeko atsotitzetan agiri da lehenengoz: Ekandu gextoa belu anztu doa (RS 156), Aretxerean artera ekandu gaxtoa arzaiten da (RS 279), Ekandu gaxtoari, bernea ausi (RS 547).

Goiko hiru errefrauotan ekandu gaizto berba-katea agiri da; beste batzuetan, txar, deunga, zital edo antzekoak, eta batzuetan on izenondoa be bai. Gaztelaniaz hbito izenak ohi dauen txar sundea dario sarri ekandu hitzari: Ekandu gaiztoen indarrez (Aibarro), ekandu zitala (Pedro Astarloa), kendu egizu ekanduben karga, luurreraino makurturik zaukazan ori (Pedro Astarloa), Orra zegaitik dakuskun, ekandudunak, konfesadu arren, leen legez geratuten diriana (Pedro Astarloa), juramentu egiteko ekandu gaistua (Frai Bartolome), guzurra esateko ekandu galduba (Frai Bartolome).

Mogeldarrak dira aditz legez sarriroago darabilenak. Halan ipuinetan: eretxirik eziko ebala, buztartuten baeban idi baketsu, otzan ta biarrera ekandubagaz, imini eban onegaz buztarri baten (J.A. Mogel).

Gaur egun be aditz legez entzuten da gehiago, baina leku gitxitan eta lantzean behin. Halan, beste herri batera ezkontzen dan bat, han luzaro bizi izanda, bertara ekanduten da. Baina izaten dira sekula ekanduten ez diranak be, batez be eurenaren sustraiak sakon daukiezalako edo herri horretako bizimodu, izakera edo berbetak guztiz bestelakoak diralako.

Aulestian lehenago futbol partiduak egiten izan ditue ekanduek ekandubakoen kontra; herrira aspaldi etorrien eta etorribarrien artean.