Berbaz batzuetan entzuten dan aditz ordenea: “Non zarie bizi?”. Zein eretxi emon daiteke aditzaren ordena honezaz?
Hasteko gogoratu daigun, aditza, edo aditz partizipioa bizi izan multzoa edo lokuzioa dala, eta ez bizi soila. Aditz multzoa da, gose izan, bildur izan, hotz izan edo nagi izan diran modu berean, edo transitiboetan zor izan, behar izan edo ardura izan diran legetxe.
Eta itaun-perpausetan, non, zelan, noiz, zergaitik moduko galdetzaileaz eregitakoetan, normala da aditz multzo horren ordenea atzekoz aurrera jostea.
Baiezkako esaldian esango baneu: Aitita eta amamarenean bizi naz, solaskideak itaun egin leit: Bai, baina non zarie bizi?
Bizi izan aditz multzoaz, ordena normala, adizki jokatua atzean dala izan ohi da: Hemen bizi gara. Lehen han bizi ginan. Gero aldameneko herrian biziko gara.
Itaunezko esaldietan be, galdetzaile eta guztikoetan, ordena neutro hori entzuten da gehienetan: Nor bizi da etxe horretan? Eta mehatzago entzuten dala deritxat ordena aldatuaz: Nor da bizi etxe horretan?
Esan daigun, ordena aldatua, atzekoz aurrerakoa, euskaldun zahar zindoei entzuten jakela batzuetan, baina nekezago hiztun arruntei. Eretxi horretan nago.
Neure eguneroko berbetan nekez erabili izan dot ordena inbertitu hori, baina ohartu naz, euskaldun zahar abonatuen berbetan, behin eta barriro entzuten dala. Halan eregitakoak dira honako itaun-esaldiok: Aitatu dozun Anton hori non da bizi ba? Edo neuri, aspaldi ikusi barik neukan lehengusu batek, Ajangizko Solaurrengo semea bera, lehengo baten egin eustana: Non zarie bizi orain? Jakin gura eban, Bilbon ala Gernikaldean bizi ginan.
Halan bada, Arratian eta Gernika aldean subertau jat aditz ordena hau behin eta birritan be denpora laburrean entzutea. Baina bizi izan aditz multzoaren egitureari erreparatuta, guztiz logiko eta normala da ordena inbertitu hori.
Konparatzeko hartu daigun egitura bereko beste aditz lokuzino bat: hotz izan. Edonork egingo genduke itauna: Non izan zara hotz? Edo bildur izan aditzaz: Zergaitik zara bildur? Edo logura izan aditzaz: Noiztik zara logura? Edo ezagun izan aditzaz itaun egitea: Zer dala ezagun esan dozu?
Adolfo Arejita