Dakienak dakiHizkuntza

“Bertakoak eta baimenduak EZIK”

Posted on

Herritxo baten halan idatzita ikusi dogu oharra. Beste baten, ostera, galerazpen-abisua iragarten dauen oharra, beste era honetara formulauta ikusi dogu: “Auzokoak IZAN EZIK”.

Gramatikaz alde agiria dago idatzi bataren eta bestearen artekoa. Lehenengoan ezik atze-marka hori izen sintagma biren ostean ipinirik (bertakoak eta baimenduak ezik), baina bigarrenean, izan aditz partizipioagaz batera agiri da atze-marka hori: izan ezik idatzita auzokoak izen sintagmaren ostean.

Ezik atze-hitz edo atze-marka lez darabilgunean menderakuntzan, balio bat baino gehiago adierazo leike. Sarriroen ezezkako baldintza balioaz, baina batzuetan balio modala be badau; beti be, ezezka argumentaturik.

Goiko esaldi biotan, ohar bat iragarteko formulak dira, galerazpen- edo debeku-abisuak. Batean eta bestean baldintzazko mende-perpausak dira, ezezka emonak, ohar edo abertentzi gisa. Gaztelaniaz ‘excepto, salvo, con la excepción de’ markek adierazoten dabenaren ordaina dogu baldintza-esaldiotan ezik ezezkako atze-hitza.

Bigarren oharrean izan ezik aditz egitureaz adierazoten da, baina lehenengoan, ostera, ezik soilaz, aditza ezabaturik.

Aditz partizipioduna, argi dago, zuzena dala. Baina bigarrena zalantzagarri gertatzen da. Zer dino honezaz tradizino idatziak?

Tradizino modernoan agiri da batez be ezik atze-marka hau baldintza balioaz. Eta idazleen erabilereari ohartzen bagaiakoz, hutsik barik aditz partizipioaren ondorik darabile guztiok; berbaz egiten dogun modu-moduan.

Dom.Agirre: “‑Bai al dezute babarrunik aurten? ‑Ez ba, erein ezik…”(Garoa). Jon Etxaide: “Gauzok, iñork jakin ezik, onena” (Alostorrea). J.Migel Barandiaran: “Antzinako idaztirik izan ezik, arkeoloji eta etnografiari eskatu behar izan dizkiegu lantxo honetan darabilzkigun oinarririk bikainenak” (ELG). J.M. Etxeita: “Zelako gizabidea eukiko genduke, laguntasunen preminan itxas zabalean dagoan ontzi bati jaramon ezik?” (Josetxo). Otxolua: “Neuk ikusi ezpaneu, eneukean sinistuko andrak horren buru gitxikoak diranik, zio handiren bat euki ezik holako abarrotsak aterateko” (Bertolda). Kirikiño: “Zuzendu daiguzan hartarako eskubiderik badaukogu, ta euki ezik, behinepehin ez emon indarrik, hartu daben bide deungatik jarraitzeko” (Abarrak I). Kirikiño: “Emoten badauste, eskerrak emon […]; emon ezik, behin be arpei txarrik ipini ez” (Abarrak II). “Bilbo hau berez da beti jentetsua ta, […] hainbeste erespatz eta abespatz zarataka etorri ezkero, kontixu eztala inor gelditu etxe-barruetan, aboliñan egon danen bat izan ezik” (Abarrak II). San Martin: “Bestiak doiazen lekura joan ezik, nora juan?” (Zirikadak). J.M. Etxaburu: “Zaintzaile bat ipini ezik, komunak zikinkeriarik handien bihurtzen dira ta” (Kontuak). T. Gerrikagoitia: “Hogetamar egunera ordaindu egin bihar zan, holan egin ezik beste prezio bat eukan eta” (Arantza).

Adolfo Arejita