Dakienak dakiEtnografia

Bizitzako ohikuneak IV Haurtzaroa

Posted on

Haurtzaroan, hasiera-hasieratik umea amari lotuta egongo da; haur besoetakoa da eta amak bularra emonez elikatuko dau. Titia hartzea urte bi inguru irauten eban, eta inoiz gehiago be luzatzen zan, pentsatuz holan ama ez zala barriro haurdun geratuko. Umedun geratu ezkero, amak bularra emoteari itxi egiten eutsan emakume haurdunaren esnea ona ez zalakoan.

Umea hazteko zama arintzeko, familiako beste emakumeek laguntzen eutsien eta, sarritan, auzoko seintzain gazte batek. Dirudunen etxeetan neskameak eta inudeak eukiten ebezan.

Lehenengo txantxurrak, haurraren lehenengo haginak, sasoi barri baten hasiera adierazten eben. Umearen elikatzeko ohiturak aldatu egiten ziran eta ibilten eta berba egiten hasten zan. Bakarrik egindako lehengo pausoak eta lehenengo berbak poz eta alaitasun-iturri izaten ziran etxekoen artean.

Haginak sei edo zazpi urtegaz jausi orduan, zentzuduna izeneko adin-maila barria hasten zan. Sasoi horretako jarduera nagusia taldeka jokatzea izaten zan. Adin horretatik aurrera jokorik gehienetan sexuen arabera banatzen ziran. Jolasaren osagarri, urteek aurrera egin ahala indar handiagoa hartzen joian eskoleak be.

Haurtzaroko une horretan hogeigarren mendearen hasieratik Lenenengo Jaunartzea edo Komuninoa ospatzen izan da. Hori gertaera garrantzitsua izaten da umeentzat, umea izatetik arduraduna izatera pasatzen dalako. Mende hasieran hamabi-hamalau urtegaz egiten zan, eta edade horretan persona nagusitzat hartzen ziran, gazteen mundura sartzen ziran eta kasu askotan eskolea itxi eta beharren hasten ziran.

Geroago, Pio X.aren agindu baten ondorioz, komuninoa egiteko edadea aurreratu egin zan, zazpi urtegaz egin izan da. Horrek eztabaida handiak sortu zituan eta Gipuzkoan eta Iparraldean batez be, komunino bi egitea erabagi zan, Komunino txikia, zazpi urtegaz, eta Komunino handia, 12-14 urtegaz. Bigarren hau garrantzitsuagoa izaten zan. 50-60ko hamarkadatik aurrera leku guztietan egingo da komunino bakarra.

Komuninoko jantziari jagokonean, antzina ez zan trajerik erabiltzen. Erropa barriak egiten ziran, egunerokoak baino hobetxugoak, aurrerantzean jai-egunetan eta erabilteko modukoak. Familia lutoa euki ezkero, baltzez jantzita egiten eben, eta mutilek besoko baltza eroaten eben. 30-40ko hamarkadatik aurrera, herri txikietan beranduago, komuninoko trajeak erabilten hasi ziran, jantzi zuri luzeak neskak, eta marineruenak mutilak.