Dakienak dakiEtnografia

Bizitzako ohikuneak VI Ezkongaiak

Posted on

Aspaldi igandeko paseoaldi, dantzaldi eta erromerietan baino ez eben eukiten neska-mutilak alkar ikusteko aukerra. Ez euken beste unerik bakarrik egon ahal izateko. Gaur egun maitasun harreman bati hasiera emoteko burubidea bai mutilarena bai neskarena izan daiteke. Lehen, ostera, lehenengo urratsa mutilak emoten eban, zuzen-zuzenean neskeari jakinaraziz edo errekadua botata. Hori egiten zan mutila lotsatia znean, edo mutilzaharra zanean. Errekadua era bitara egiten zan; lagunen eta etxekoen bidez (batez be amaren bidez), beti izaten zan konfiantza osoko personea. Errekadua eroaten ebanak, erantzuna ekarri behar izaten eban.

Beste batzuetan kasamenteru edo ezkontzaginarengana jotzen eben. Halakoak neska-mutilak alkartzeko trebeak izaten ziran benetan. Tartekari honeek arazoren bat egoanean erabilten ziran: edadeko personea izatea, akats fisikoduna, gaisorik egotea, fama txarrekoa izatea, edo pobre izatea.

Ezkontzaginek feria egunak aprobetxatzen ebezan tratuak egiteko, egun horretan baserritar guztiak herrian batzen zirala-ta. Batzuetan persona jakin batengana joten eben, mutilaren gustokoa zanarengana; baina beste batzuetan mutilak edo familiak ezaugarri batzuk emoten eutsezan eta berak topatzen eban personarik aproposena. Ondo konpondu ezkero ezkondu egiten ziran, osterantzean, beste baten bila hasi. Herriak gaur egun baino askoz bakartuago egozanez eta herritarrak eurak be gitxi ibilten ziranez batetik bestera, herri bereko edo alboerrietako bikoteen arteko ezkontzak ziran ugarienak.

XX. mendearen hasieran gurasoak konpondutako ezkontzak be egiten ziran:

  • Askotan gurasoak etxe onekoak eta familia dirudunak zirenean euren estatus edo mailari eutseko edo hobetzeko ahalegina egiten eben, horregaitik gutxienez euren maila bereko laguna topaten ahalegintzen ziran.
  • Seme-alaba gabeko ezkonduak, bakotxaren aldeko loba bat hartu eta ezkondu egiten ebezan, euren etxeak aurrera segitzeko.
  • Osaba-lobak ezkontzea be nahiko arrunta izan da. Ameriketatik etorten ziran aberatsak be harrapatu guran ibilten ziran gurasoak.
  • Truke-ezkontza: mutila alabaren baten eskua eskatzen etorten zanean, etxeko zaharrena ez bazan, eta zaharrena ezkondu barik baegoan, ezezko erantzuna emoten jakon, eta nahi baeban nagusiena prest egoala esaten jakon.

Ezkontzaren aurretik, prestakuntzak egiten ziran.

Deiuneak (Ezkon-deiak, eleiz-deiak, geierak, deionak…): Eleizako pulpitutik, bikote batek ezkontzeko gogoa daukala azaltzen da, eta ezkontza hori ospatzeko inork eragozpenik badauka horixe da jakiteko momentua. Herri gehienetan deiuneak ezkontza aurreko hiru domeketan egiten ziran. Batzuetan, kasu berezietan, hiru aldiz egin beharrean, behin egiten zan: ezkongaiak alargunak zirenean, abadea izandakoren bat ezkontzen zanean, neska haurdun egoanean…

Batez be mutilek, ezkontzaurreko agurra egiten eben, lagun artean bazkaria eginez. Lagunek, bestalde, koplatu egiten ebezan ezkongaiak etxaurreetan, toberekin esaterako.

Arreoa eta eztei-burdia: Dotea: Gizonak edo emakumeak ezkontzara ekarten dauan dirua edo patrimonioa da. Gehienetan etorkinak, hau da, kanpotik etxera etorrenak ekarten eban. Batzuetan dotearen barruan ganadua be sartzen zan. Arreoa: Emaztegaiak prestatzen dituen gauzak dira: izerak, mantelak, erropak, toallak… horreek guztiok berak egiten zituan gazte-gaztetarik hasita amaren edo ahiztaren baten laguntzaz. Horretaz aparte neskak, logelako altzariak be ekarten ebazan. Mutilaren arreoa: aizkora, atxurrak, kodaina…

Arreoa-eroatea eztei-burdian egiten zan. Ez egoan egun zehatzik hori egiteko, deiune garaian hasita eta tornaboda egin arte. Dana dala, gehienetan ezkontza bezperan egiten zan. Arreoa etxe barrira eroatea erritoa izaten zan. Egun horretarako bai burdiak bai idiak dotore ipinten ziran, buztarrian txilinak, eta gainean ardi-narrua edo azkonarraren narrua. Ahalik eta zarata gehien ataraten ahaleginduten ziran mundu guztiari barria emoteko. Gauza guztien gainean, ohea, gorua eta espilua eroaten ziran. Etxera heltzen zirenean arreoaren erakustea eta errekuentoa egiten zan, gauza guztiak banan-banan aitatuz.