Dakienak dakiHizkuntza

BizkaiAN eta ArabAN? ala Bizkai eta ArabAN be bai?

Posted on

Izen bereziak juntaduraz alkartzen ditugunean, eurei jagokezan funtzino-markak izen guztiotan agertu behar dabe? Ala azkenengoan ipinita nahiko da? Zalantza eta ezbai horri argi apur bat emoteko ahalegintxoa da honako hau; izan be, idazle, kazetari, esatari, irakasle eta euskera teknikari asko zibi-zabuan ohi dabiltzalako sarri, zein hobetsi erabiltea edo erabili beharra suertetan danean.

Adibide zehatzen bidez gaia mahairatuta: Araba, Bizkai eta GipuzkoaKO lurraldeak eredua zuzentzat jo daiteke? Ala juntaturiko izen berezi bakotxa markatu behar da? Hau da: ArabaKO, BizkaiKO eta GipuzkoaKO lurraldeak ereduari lehentasuna emon behar jako? Biak dira ontzat emotekoak? Biak dira gomendagarri? Ete da gramatikaren aldetik zuzen beteten ez dan arauren bat?

Izen berezi kontzeptupean hainbat eremu semantiko diferente barrutzen diran ezkero, leku-izenetara mugatuko dogu oraingo idatzia. Giza-izenak eta osterantzekoak zeharbidez eta argigarri modura baino ez ditugu aitatuko oraingoz.

Eta juntadurari jagokonez be, eta emendiozkoaz gauzatzen dana hartuko dogu aintzat, edo juntagailuaz edo bestelakoez josten diran izen sintagmenei oratu barik.

Aurretiaz esan daidan, arazo laban irristakorra dala puntu hau, arau bat finkatzeari begira, tradizino idatzian adibideak baterakoak eta besterakoak badiralako, baina halanda be, joera nagusia zein eta zergaitik dan argitu gura genduke, eta hizkuntzaren erabilera pragmatikoan zer jazoten dan eta analogiaren indarra zenbaterainokoa dan neurtu.

Gramatika teoriaren aldetik, izen berezi juntatuetariko bakotxari funtzino-marka eranstea da ziurrena; ez da dudarik. Baina pragmatikaren aldetik bide laburrari, elipsiari, leku emoten deutsagu batzuetan, funtzio bereko unitateen zerrenda edo enumeratze horri arintasuna eta bizitasuna emoten jakolakoan. Hor dago untzea.

Gramatikaren ikuspegitik, bai leku-izenak, bai pertsona-izenak, eta bai osterantzeko batzuk be, esanguraz mugatuak dira berez. Mugatzaile beharrizanik ez dabe, pertsona-izenordainek ez daben antzera. Bilbo, Patxi, gu hitzek ez dabe behar eta ez dabe onartzen -a mugatzailerik, eurek izendatzen dabena ezagutua izan dadin. Bilbo edo Durango nahiz eta izen horretako hiru edo izan munduan barrena aitatzen dogunean, uri jakin bategaitik darabilguz, Peru edo Miren izenak berbara dakarguzanean be pertsona jakin bategaitik darabilguzan moduan; nahiz eta izen horretako pertsona asko izan hortik atxina. Salbuespen nagusia, Bizkai-A legezko leku-izenetan datza; izaki bakarra (lurraldea) izendatzeko erabili izan arren, -a mugatzaileaz beregantzen dabelako, izen arrunten modura.

Kasu absolutiboan darabilguzanean leku-izenok, funtzino-marka apartekorik ez dabenez, arazo barik lerrokatzen ditugu: Ondarroa, Deba eta Motriku. Arazo berezia darakuse a mugatzailedun leku-izenek. Izenen juntadura lerrokada baten horreetarikoak agertzen diranean, -a eta guzti ipinteko ohitura dago: Bizkaia eta Gipuzkoa, Maaria eta Izurtza, Markina eta Mallabia, Ermua eta Eibar. Hor ez dago arazo handirik gramatika aldetik: izen arrunt eta bereziak juntadura-katea eregi ezkero be, bardin jokatuko genduke: Peru eta emaztea, Maritxu eta gizona, Bilbo eta alboerria / alboerriak.

Kasu absolutiboaz osteango kasuetan zelan jokatzen dogu, zein da euskal hizkuntzaren joerea? Giza-izenetan, kasu-markak guztietan eta bakotxean ipintea toketan da berez: Peruk eta Mirenek (esan dabe hori) eta ez *Peru eta Mirenek. Gramatika arrazoia beti da bat: izen sintagmak juntaduraz alkartzerakoan, bakotxari jagokon mugatzailea eta kasu-marka eliditzeko erabagia hartzen badogu, biak eliditu behar ditugu, edo bestela biak agirian itxi: emazte, seme eta alabeagaz (joan da oporretan) edota: emazteagaz, semeagaz eta alabeagaz. Gramatika arauz ez da lege, mugatzailea itxi guztietan eta kasu-marka eliditu egitea; hau da, *emaztea, semea eta alabeagaz.

Peru eta Miren, mugatzailerik agirian euki ez arren, izen arruntek behar daben -a mugatzailea hartu ez arren, semantikaren aldetik erantsita baleroe lez da. Halan bada, eurei esaldian jagoken kasu-marka ezin da ezabatu berez, ez batean, ez bestean. Ondorioz, ergatiboko funtzinoaz agiri badira, -k atzizkia erantsi beharko jake biei: Peruk eta Mirenek. Datiboaz bada: Peruri eta Mireni. Benefaktiboaz: Perurentzat eta Mirenentzat. Edo eta soziatiboaz: Perugaz eta Mirenegaz.

Baina tradizinoko idatzietara bagoaz, behin baino sarriago idoroko ditugu marken elipsia daben juntadurak, bai giza-izenetan, bai leku-izenetan. Etxeitaren Josetxo elebarriko pasarte bat: Sabasek, hurrengo domekan eurakaz bazkaldutera joateko baietza emon eragin eutsen Dari da Josetxori. Baina idazle berorrek, obra beratan, ergatibo-marka banagaz juntaturiko giza-izenak agiri ditu: Sabasek eta Darik barre asko egieben neskatila aren esakerakaz, da Josetxo gizajoa zerbait lotsatuta egoan.

Pertsona-izenordain edo erakusle-izenordainetara bagatoz, askoz zorrotzago beteten da legea. Ni, zu, gu, hau, hori juntaduraz alkartu behar ditugunean, sintagma-unidade guztiek daroe aldean euren funtzino-marka: ergatiboaz: zuk eta nik, harek eta honek; datiboaz: zuri eta niri, honi eta horri; benefaktiboaz: zuretzat eta guretzat, harentzat eta horrentzat; soziatiboaz: zugaz eta nigaz, inogaz eta ezegaz. Ez gendukez bideragarritzat joko ondoko segidak: *zu eta niretzat, *zu eta honegaz, edo: *gu eta horri.

Leku-izenen kasura etorrita, mutatis mutandis, berez gramatika-lege bera aplikatzea toketan da. ArabaKO eta BizkaiKO bertsolarien txapelketa hartuko genduke zuzenagotzat, elipsiduna baino; hau da: Araba eta BizkaiKO txapelketa.

Baina analogia bidez jokabide pragmatikoa sartu da saihetsetik, eta hori ez da oraintsuko kontua, aspalditik datorrena baino.

Elipsia errazen eta ugarien aplikatzen dan kasua -ko leku-genitiboarena dala pentsa daiteke, baina an inesiboaz zein bestelako leku-kasuez gerta daiteke. Mogelen erabilera bat aitatu leiteke, elipsi joera horren froga modura: Neure biotzeko pozik andienagaz ikusi dot, zelan zabaldu direan milla bat liburu Naparroa, Gipuzkoa ta Bizkaian. (Konfesino ona).

Idazle beronek, edo juntagailuaz alkarturiko adizlagun adlatiboak, guztiak ra atzizkiaz markatzen ditu, ostera, beste pasarte honetan: promes bat joateko, edo Lezora, edo Aranzazura, edo Urkiolara, edo beste ermitaren batera (Catequista).

Oraintsuagora etorrita, Domingo Agirre idazlearen elipsi joerea askoz biziagoa da hondino, leku-izenei jagokenez. Erreparatu pasarte luze honi: hor daude Durango, Elorrio eta Ermutar elizkoiak, han dabiltza Billarreal eta Otxandioko langile irmeak, haruntzago Bilbotar apainak eta Bergara, Tolosa, Azpeitia-azkoitiar atseginak; hemen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima eta Larrabetzuko nekazariak… (Garoa).

Elipsi joera hori pragmatikotzat joko dogu, analogia bidez eta marka-eliditzeak testuari eransten deutsan zalutasuna eta zolitasuna bilatzeko idazle batzuk ohi darabilen estrategiatzat. Eta susma daiteke, leku-izen biren arteko juntaduran baino gehiago gertatzen dala hiru izenetik gorako segidetan.

Baina horrek ez dau ukatzen lege nagusia. Itaunketa labur bat eginez, hiztun seguruak diran batzuei itaunduz frogatu uste dot lege eta joera nagusia, atzizki-markak leku-izen bakotxean ipintea dala hiztunen berezko joerea. Pentsau barik eta berbeak emon ahala: Lekeitioko eta Ondarroako jentea ala Lekeitio eta Ondarroako jentea?. Lehenengoa da hiztunei mihinera jatorken lehenengo aukera, bigarrena txarto dagoala esatera ausartu barik. Eibartik eta Elgoibartik jente asko batzen da Markinara eria egunean hobetsiko leukie, eta ez Eibar eta Elgoibartik Era berean, Berriatura eta Ondarroara sarri joaten gara erabiliko leukie lehenago, Berriatu eta Ondarroara baino.

Frai Bartolomeren juntadura-segida bat guztiz ezaguna bihurtu da euskal literaturan: Bizkaian eta Probintzian erabili eban behin baino sarriago, Bizkaian eta Gipuzkoan adierazoteko, baina, dakidala, ez *Bizkai eta Probintzian.

Baina Etxebarriko seme, senak agindu ahala idazten eban idazle handi honen beste adibide batzuk gehituko ditut:

  • Inesiboan: Alan uste dot, ta jazo jat Naparroan, Kiputzetan ta Bizkaian, eldu nazan lekuetan. (IkasikI), Nik izentau bagarik daki jenteak ondo, onetariko ermita asko dagozana Bizkaian ta Probinzian. (Olgeeta)
  • Leku-genitiboan: Baina Bizkaiko ta Probinziako piesteetan au ta utsa bat dira. (Olgeeta), Bizkaiko, Gipuzkoako ta Montaineetako baso artetan sartuta ezkutau ez zireanak, galdu zirean. (Ikasik II)

Ondorio nagusia: funtzino-marken elipsia aplikatzeko orduan, muga nagusia, izen kategoriaren izaeran datzala: izen bereziak, eta leku-izenak euren barruan, mugatuak dira izaera semantikoz, eta nekez onartzen dabe elipsia.

Pertsona-izenordainen zorrotzago beteten da lege hori, leku-izenetan eta giza-izenetan baino: ni, zu, gu eta hori legezko hitzak mugatuak diralako berezko izaeraz.

Batzuetan eta besteetan, beraz, emendiozko juntaduraz alkartu nahi edo behar ditugunean bi, hiru edo gehiago, eurotariko bakotxa markatzea da seguruena.

Iturriko
2018-03-02