Bizkaieraren eremua eta banaketa

“Bizkaiera” euskerearen sartaldeko dialektoari emoten jakon izena da, eta beste euskal dialektoak be tradizinoz antzeko erara izendatuak izan dira: gipuzkera, nafarrera, lapurtera, behenafarrera edo zuberoera, ekialdeko zaraitzuera edo aldendua dan erronkariera ez aitatzeko.

“Bizkaiera” izena, berez, murrizgarria da, ze euskal dialekto honek Bizkaiko lurralde historikoa baino eremu zabalagoa hartzen dau, eta askoz zabalagoa hartzen eban euskera osoak eremu handiagoak hartzen zituan aldietan.

Antxinagora jota, euskalkiak antxinako euskal leinu edo tribu zaharrakaz lotu dituan historiagileak be badira, eta hipotesi honen harian, karistiarren lurraldea litzateke, gitxi gorabehera, euskalki honen eremua. Leinu zaharrok baino geroago sortuak dira euskal eremuko eleizbarruti zaharrak. Lehen Erdi Aroan eregi zan Araban Armentiako eleizbarrutia, gitxi goiti beheiti karistiarren lurraldeaz bat etorrena. Aurrerago Kalagorriko Eleizbarruti barruan geratu zan guztia.

Gaur egun bizkaiera egiten dan euskal lurraldea, aurreko banaketa historikoakaz bat dator orokorrean, baina eremuz murrizturik. Bizkai Jaurerriko lurralde euskalduna, sartalde-muga Ibaizabalen itsasadarra dauela. Gipuzkoaren sartalderengo ibarrak, Deba ibaiaren eta haren adarrenak, baina ez itxasoraino, ezpada Elgoibarren hasi eta Arabako mugetaraino, Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta, Antzuola, Oñati, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz-Gatzaga barruan dirala. Eta azkenez, Arabako Lurralde euskalduna, gaur laburra, barruan batez be Aramaio, Oleta eta Legutio (bertako hiztun zahar bakanak) dirala.

Arabako lautadan egin dau atzera gehien azken mendeetan, XVIII. eta XIX. mendeetan batez be, eta berau dau sartaldeko euskeran hiztunik gehien galdu izan dituana. Gasteiztik iparralderantz, Miñao, Betolatza, Urbina, Uribarri-Ganboa eta inguruetan euskera egiten zan XIX. mende beranduan be. Urtegiak egin ziranean, urpetu ziran herriakaz batera aldendu zan euskerea be hainbat herritatik. Ekialderago, Oñatiren beste aldean, Araba-mendien barrenean diran lautadako herrietan be orain dala belaunaldi gitxira arte egin da euskera. Lazarraga, Larrako torrean jaioa zan XVI. mendeko euskal poeta eta idazle parebageak aitatzen dituan Ozaeta, Aspuru, Gebara, Heredia eta Agurain-Salbaterratik hur diran herrietan bardin.

Arabatik urten barik, urak Ibaizabalera joten daben Araiako Merindadeko herrietan be XIX. mende berandura arte egon da bizirik, orain galdurik dagoan uri eta herrietan; Laudion, Baranbion edo Okondon, esaterako. Arabako lurraldean ezagutu diran euskal berbakuneak, hegoaldeko berezitasun guztiakaz, “bizkaiera” edo “sartaldekoa” deitzen dan dialekto edo euskalki nagusiaren aldaerak dira, duda barik.

Bizkaiera euskalkiaren barruan hiru azpieuskalki bereizi zituan Bonapartek:

  • Sartaldekoa, eta beronen barruan, honako berbakerak: Gernikakoa, Bermeokoa, Arratiakoa, Orozkokoa, Pentziakoa, Arrigorriagakoa eta Otxandiokoa. Bermeokoaren barruan sartzen zituan hurreko itsasertz edo itsas hurreko herriak. Arratiakoak Erletxeta eta Larrabetzu barruan hartzen zituan, eta Zeberioren parte bat be bai. Orozkokoaren barruan sartzen zan Baranbio. Arrigorriagako berbakeraren barruan sartzen eban Bilbotik Laudiorainoko guztia, Basauri eta Galdakao be barruan zirala. Plentziako berbakuneak gaurko Txorierria eta Uribe-kosta hartzen zituan, Gatika eta Bakio barruan zirala. Otxandiokoaren barruan sartzen ziran Ubide, Elosu, Legutio eta Oleta. Eta azkenez, Gernikako berbakune hori zan erdikoa eta luze-zabalera gehienekoa: sartalderantz Mungiaraino sartzen zan, eta hegoalderantz, Durangalderik gehiena hartzen eban, eta Gorbeia osteko herri euskaldunak be beronetan sarturik agiri dira: Etxaguen, Gopegi, Larrinoa, eta Urbinaraino.
  • Ekialdekoa, Markinakoa eritxona, itsasertzean Eatik Ondarroaraino hedatzen zan, eta barrurantz, Ermuan zehar Elorrioraino.
  • Gipuzkoako azpieuskalkiak, berbakera bi hartzen zituan barruan, Bergarakoa eta Gatzagakoa eritxoenak. Bergarakoak, izen bereko uria, Elgoibar, Eibar, Elgeta, Antzuola eta Oñati hartzen zituan barruan. Eta Gatzagakoak, herri beronez ganera, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaioko ibarra, eta Arabako lautadan, Uribarri-Ganboa, Marieta, Ozaeta, Elgea eta inguruak.

Gaur egun beste era batera egingo genduke gehienok bizkaieraren azpieuskalki eta berbakeren banaketa hori. Ez dira alperrik igaro harrezkero ia mende eta erdi, eta batez be komunikabide-sareak ugaritu eta hartu-emon bideak erraztu.