Dakienak dakiHizkuntza

‘Bizkaiko’ baina ‘Donostiako’

Posted on

Leku-izen asko dagoz –A bokalaz amaitzen diranak: Busturia, Mungia, Bizkaia, Donostia eta halangoak. Eta zertara ezean egoten gara batzuetan, BusturiKO ala BusturiAKO esan behar dogun, DonostiKO ala DonostiAKO, MungiKO ala MungiAKO. Ebatzi garbirik badago puntu honetan?.

Entzun be bai, baina irakurri gehiago, egiten ditugu herri-izen edo leku-izen batzuk okerretara.

Lehengo baten irakurtea tokau jatan *BusturiAKO emigrazioa edo antzerako zerbait. Izatekotan be, BusturiKO izango da: BusturiKOA naz eta BusturiAN bizi naz. Akabuko –a hori artikulu normal baten moduan tolesten dogu.

Bardin-bardin jokatzen dogu beste izen ezagun askogaz be. ForuKOA naz, baina ForuAN bizi naz. ForuN eta BusturiN be esan egiten da, baina laburdura aplikatzen dogulako. Eredu landuan –an toketan da holakoetan.

Bardin-bardinak dira Bizkaia, Mañaria, Ermua, Mallabia eta beste izen asko: BizkaiAN bizi, BizkaiKOA izan. MañariAN bizi, MañariKOA izan. ErmuAN bizi, ErmuKOA izan.

Guztiz diferentea da Donostia, Mungia, Plentzia, Ondarroa edo Arratia lango leku-izenen kasua. Nongoa dan bat itauntzen badogu, erantzunean ez da galtzen –a hori, edo ez da galdu behar behintzat, modu jasoan darabilguzanean; osorik erabiltea toketan da. DonostiAKOa, MungiAKOa, PlentziAKOa, OndarroAKOA edo ArratiAKOa.

Nahaste hau dala-ta herri batzuen izenak erabilera ofizialean be oker finkatu dira: GetariAKO txakolina agiri da Gipuzkoako txakolinaren denominazinoan, baina GetariKO txakolina beharko leuke. ZumaiAKO Udala agiri da era ofizialean, baina ZumaiKO Udala toketan da berez, bertako eta inguruetako hiztunen legean.

Beste arazo latz bat be bada, leku-izen askotan guztiz galdu dala azken –a hori, eta azkenean ez dogu esaten. “Voy a Donosti” esaten da erderaz, eta euskeraz be Donostira noa, nahiz eta lege zaharrean DonostiARA noa izan.

Bizkaiko hainbat herri-izen eta leku-izen –a barik entzuten dira euskeraz: Aulesti, Berriatu, Ibarrangelu, Natxitu, Plaentxi eta beste batzuk. Gipuzkoan beste hainbeste Legazpi, Ordizi, Urretxu, Zaldibi, Bidani eta beste askogaz. Holakoetan, zelan arautu dan, halan jokatzea da zuhurrena. Aulesti finkatu bada era ofizialean, Aulestin esango dogu, eta ez AulestiAN, nahiz eta bigarren hau izan era zaharra.

-A ARTIKULUA: BizkaiAN, BizkaiKO, BizkaiTIK, BizkaiRA.

Holangoak dira Busturia, Ermua, Mallabia, Forua…

-A ITSATSIA: DonostiAN, DonostiAKO, DonostiATIK, DonostiARA.

Holangoak dira Mungia, Plentzia, Ondarroa, Arratia, Getaria, Zumaia…

Adolfo Arejita