Dakienak dakiLiteratura

Bizkaiko euskal idazleak: Don Grabiel Manterola (Zeanuri 1890-1977)

Posted on

Izenez Gabriel; euskalzaleen artean euskerazkoa, Gabirel; eta herriko jendearentzat Don Grabiel izan zana Zeanurin jaio zan 1890ean, eta 1977an hil.

Aita barik hazi zan, eta Zeanurin lehenengo eskola urteak egin ostean, Galdakaora joan zan osabeagaz biziten. Han egoala hasi zan latin ikasten. Gasteizko Seminariora joan zan gero, Filosofia eta Teologia ikasten (1905-1913), baina abade egiteko gazteegia zanez, urtebete itxaron behar izan eban eta 1914an abadetu zan.

Seminarioko sasoian beste euskalzale ezagun batzuk euki ebazan ikaskide, Jose Miguel Barandiaran eta Manuel Lekuona esaterako.

Abade egin barri Eibarrera bialdu eben, abade laguntzaile eta monja kapelau. Han egon zan 1936ra arte, gerra hasi arte.

Eibarren egoala euskalgintzan asko lagundu eutsien ezaupide barriak egin ebazan, Urroz historiagilea, Ibargutxi eta Polikarpo Larraaga beste batzuen artean.

Gazte-gazterik irakurle sutsua izan zan Gabirel, kanpoko aldizkari eta literatura asko leiduten eban. Gaztetan literatura katalana asko irakurri eban (Verdaguer eta Torras i Bages), aldizkari frantses, italianoak eta beste batzuk.

Gehien baten Eleizeari buruzko gaiak erabili ebazan, baina barri zabala eukan Europako ganerako herrietako Eleizearen gorabeherak zirala-ta. Astero kronika bat egiten eban halango gaiekaz, kazetaritza saio antzera, prentsa bilduma modura, beste herrietako barri emonaz.

Ibargutxik Jaungoiko Zale taldean sartu eban. Talde hori euskaldun abadeen taldea zan, euskaldunei Eleizako gauzak euskeraz erakusteko sortua. Talde horrek berorrek izen bereko aldizkari bat atara eban eta hor asko idatzi eban Manterolak. Zenbaki bakotxean bi-hiru artikulu argitaratuten ebazan, hainbat izenorde erabilita: Mitarga, Urigoitia, Gabirel, G…., eta izen barik be asko.

Errepublika garaian hileroko Jaungoiko Zale asteroko Ekin bihurtu zan, eta hor be lehen beste kolaborazino egin eban. Baita beste aldizkari batzutan be: Euzkadi, Zeruko Argia, Yakintza, Argia, Karmel, Olerti, Redencin, Agur.

Euskal munduko persona handiekaz hartuemona eukan. 1921ean esaterako, Durangon Euskal Egunak egin ebezan, gaurko aste kulturalaren antzekoak, dana euskeraz. Eta hor emon eban hitzaldia Manterolak, Barandiaran, Ormaetxea Orixe, Eguzkitza eta beste batzukaz batera. Aitzolegaz be euki eban hartuemona.

Idazle ugaria izan da, asko eta era askotako gauzak idatzi dauz: artikuluak, itzulpenak, antzerkia, poesia. Asko argitaratu barik dagoz. Hona bere idazlan batzuk:

Santuen bizitza laburrak (1925), Ipuintxoak (1929) Schmid-en ipuinak euskeratuta; Goi-izpiak (1921) olerki sorta; Jesukristoren Nekaldia itzulpena; Gabonetako antzerki jaunkoia itzulpena. Azkenengo biok Bilboko Coliseo Albian antzeztu ziran.

Gabirel Manterolaren bizitzan, garai haretako beste euskalzale guztienean moduan, gerra etena izan zan. 1936an Inglaterrara joan zan hemengo ume talde bat jagoteko ardureagaz. Han egon zan 1948ra arte, gorriak pasetan eta miserian biziten. Itzulpen asko egin ebazan sasoi horretan, eta gauza asko leiduteko aukera euki eban, Euskal Herrian egoan zensuraren aldean. Hil arteko urteak Zeanurin emon ebazan.