Dakienak dakiLiteratura

Bizkaiko literatura: Bedita Larrakoetxea

Posted on
Benito Larrakoetxea (Zeanuri 1894-Oñati 1990)

Benito Larrakoetxea, edo Bedita, berak sarritan darabilen moduan, Zeanurin jaioa dogu 1894an. Letrango ordenako fraile egin zan. Altsasu eta Oatin ikasi abaderako, eta Meza Barria 1917an emon eban Gasteizen.

Hortik aurrera irakasle ibili zan batez be, 1936an gerra hasi zan arte. 1937an, Bilboko ume talde bat Britainia Handira eroan eben, eta hareekaz joan zan Aita Bedita. Han urtebete inguru emon eta gero, Uruguayra bialdu eben, eta barriro be aldatu behar eta Argentinara joan zan, 1972an Euskal Herrira bihurtu arte.

Aita Beditak asko idatzi dau euskeraz. 1926tik 1928ra bitartean Euskal Esnalea aldizkarian grekotik itzulitako testutxoak argitaratu ebazan.
1928an, Euskal Esnaleak berak egindako Itzaldiak izeneko argitalpenean Gorbeiako gaztagintzea izenburuko hitzaldia atara eban.

Baina Larrakoetxeatar Beditaren lanik handiena Shakespeare idazle ingeles ospetsuaren antzerkiak euskeraz ipintea izan da. Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu ebazan Macbeth (Macbeth), Lear Errege (King Lear) eta Ekatxa (The Tempest), 1957, 1958 eta 1959an.

Horrez ganera, Shakespeareren Komediak A eta B izeneko liburuetan haren 14 komediaren itzulpena atara ebazan, eta Odol Antzerkiak A eta B liburuetan beste 13 antzerki. Amaitzeko, Dramak izeneko liburua gogoratuko dogu, 10 antzerki dituena, 462 orritan. Azkenengo liburu guztiok Gasteizen argitaratuta dagoz 1974 eta 1977 bitartean.

Shakespeareren antzerki gehienak bertsoz eginda dagoz, errima ondo jagonda, hizkuntza erreza baina guztiz aberatsean eginda. Ez da behar makala, ez, Beditak hartu ebana! Kopurua ezeze, beharra zelangoa dan be ikusi behar da, eta duda barik, Shakespeare ez da euskeratuteko errezenetakoa, ez horixe!

Hona hemen Larrakoetxeatar Beditak grekotik euskeratutako ipuintxo bat, Euskal Esnalea aldizkarian 1927an argitaratua.

Lugina, Mutikoa ta Eskilasoak

Gaztaak batuta Azaroa edo Azilla heldu zan bere leiakaz, eta lugin bat bere soloan galazia ereinda zutunik egoan hazia jagoten, eskilaso nabar-karrakada-gogaikarridun-talde gogorra ta bela-mika solo-hazi-aztertzaileak solora etorten jakozan-da.

Luginak habaila makurdun mutikoa eukan laguntzat. Eskilasoak, baina, ekak habailori entzuten ohituta egozan-da, zaharrak mutikoari habaila eskatzen eutsanean harriak jaurtin baino lehen iges egiten eben.

Luginak, baina, beste bide ala antze bat asmau eban, eta mutikoari deituta esan eutsan: Hi, txotxo, txori jakintsuen adiskide izan behar joguk; beraz, hareek datorkezanean nik ogia eskatuko dauskat, hik baina ez eidak emon ogia, habaila baino. Etorri ziran atzera be eskilasoak eta galazia aztertu eta jaten eragoioen. Luginak orduan, itunbenaren arauz, ogia eskatzen dau eta eskilasoak ez dabe igesten; mutikoak barriz habaila damotso harriz beterik.

Zaharrak jaurtiten dauz burrundadaka habailako harriak eta bata buruaren erdi-erdian joten dau, bestea iztarrean, eta haragokoa sorburuan; enparauak alde-egin eben solotik.

Durdureak urten eutsen bidera eta zer jazoten jaken itandu eutsen eta eskilaso batek esan eutsan: Igesi gizon-enda gaiztoagandik, alkarri gauza bat esanda beste bat egin daroe-ta.