Dakienak dakiHizkuntza

“Bizkaitarra jan eta hotz. Arabarra jan eta poz”

Posted on

Euskaldunok bizi garan lurraldeen izenak aitatzen dituen errefrau batzuk guztiz ezagunak dira: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, edota eurotako biztanleak: arabarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak edo nafarrak.

Azkuek bere EY-n baturik dakar goiko esaldi hori, bizkaitarrak eta arabarrak ahotan darabilzana: “Arabarra jan da poz, bizkaitarra jan da hotz” (EY 134). Beste era honetara be jaso dogu errefrau berau: “Arabarra jan ta berotu; bizkaitarra jan ta hotzitu” (Garate Atsot. 1010).

Baina errefrau modura ezeze, hainbako esaera edo herri-eretxi lez be esankizun ezaguna dogu, bizkaitarra, jan eta ostean hotz geratzen dalakoa. Nik Lekeition entzuten neban sarri.

Goiko errefrau bion mezua positibotzat jo daiteke, lurraldeotako biztanleen aldekotzat.

Baina sarri sartzen dira zirikadak edo zitalkeriazko mezuak horrelako errefrau edo esaera eginetan. Bada bat, bizkaitar-nafarrak ahotan hartzen dituana: “Bizkaitarrak ta naparrak, setatiak ta zakarrak” (Garate Atsot 2760).

Mezu gaitzesgarria darabilen beste bat, baina giputzak zirikatzeko oraingoan, Eibar-Ermua inguru horretan lehen esaten zana: “Giputzen hitza, zurezko giltza”.

– Izkribu zaharretan be badira euskerazko aipuak, eta joera diferentetakoak.

Arabarrak dirala-ta, 1601eko Nafarroako idatzi baten agiri dana: “Gezurra diozu, arabar billau tatxatu orrek” (Bakaikoa, 1601) (ReinEusk2 150).

Bizkaitarrak dirala-ta Etxeberri Sarakoak XVIII. mendearen erditsuan idatzia: “[Bizkaitarrak dira] alegerak edo umore onetakoak” (ES 110).

Bide batez gehitu daiguzan arabar-bizkaitarrak ahotan hartzen dabezan beste esakune batzuk.

– Araba eta arabarrak dirala-ta, batek dino:

“Arabarra tirri-tarra, hik uzkarra, nik sagarra” (EY 135). Eta Araba aitatzen dauen beste honek: “Bapara (banaka), joadi gura bok Arabara!” (EY 1528) (Garate Atsotitz 1007).

– Bizkaia eta bizkaitarra aitatzen daben errefrauak dira beste biok. Bat: “Bizkaiko negua garizuman” (EY 1541). Bi: “Hiru ta hiru sei, hiru bederatzi, hamar hemeretzi ta bat hogei: tozino ta bizkaino hirurogei”. Beste era batera: “Hiru ta hiru sei, hiru bederatzi, hamar hemeretzi ta bat hogei: talo ta bizkaino hirurogei” (EY 195).

– Gipuzkoa eta gipuzkoarrak dirala-ta: “Probintzikoak (gipuzkoarrak) apostu egin baiño len ateratzen du izerdia(Discurrir o sacar las cuentas antes de decidirse a apostar.) Esaera zarrak. (Intza’r Damaso. 1963-1964).

Adolfo Arejita