Aurten bai, aurten ospatuko da Boiseko Jaialdia, uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean, betiko moduan San Inazio jaiaren inguruan. Bost urterik behin izaten da Jaialdi handia, baina aurrekoan, 2020an bertan behera geratu zan pandemia zala-ta. Ordurako askok euki eben joateko plana eginda, beraz, aurten ordukoak eta oingoak, hainbat lagun batuko dira bertan.
Lehenengoz 1987an egin zan Jaialdia Idaho estaduan, euskal kulturaren iragana eta etorkizuna, bertako eta atzerriko euskaldunen topaleku izan guran. Hain arrakasta handia euki eban, harrezkero bost urterik behin ospatzen da, eta Euskal Herrian gero eta entzute handiagoa hartu dauela esan lei.
Egitarau ofizialean ekitaldi sorta luzea dago, Ameriketako euskal taldeak eta Euskal Herritik joandakoak tartean direla: dantza erakustaldiak, bertso-saioak, musika-ekitaldiak, herri-kirolen erakustaldiak…
Eta hortik aparte han eta hemen uri osoa euskal giroz beteko daben hainbat eta hainbat euskaldun alkar ezagutzen eta alkarregaz jaia ospatzen.